Salomon, gazte aberatsa eta ikasleak (Markos 10,17-30)
Urteko 28. igandea B 2018-10-14
Igande honetako irakurgaiek hiru jarrera aurkezten dizkigute: Salomonena: jakinduria ipini du urrearen, zilarraren eta harribitxien gainetik; gazte aberatsarena: bere aberastasunak ipini ditu Jesusen gainetik; ikasleena: gauza guztiei egin die uko Jesusi jarraitzeko. Ebanjelioak bi eszena dakartza: lehenengoan, gazte aberatsa eta Jesus dira protagonista; bigarrenean, Jesus eta ikasleak.
Lehen eszena: Gazte aberatsa eta Jesus
Xehetasun bitxiak aipatu ditu, Markosen kontatzeko eraren bereziak. Pertsona bat «korrika» hurbildu da, «belaunikatu da», «maisu on» esan dio Jesusi (nolabaiteko atsekabea eragin dio Jesusi kalifikatzaile horrek) eta bere galdera egin dio. Jesus «txeraz jarri zaio begira». Azkenean, gazteak «bekokia zimurtu» eta alde egin du, triste. Protagonistak, bere galdera jaulki aurretik, Jesusen onginahia esnatu nahi izan du edota, agian, zergatik etorri zaion zuritu nahi izan du: «maisu on» deitu dio; Israelen maisu bakar bati ere ematen ez zaion titulua da (Strack-Billerbeckx-ek adibide bat bakarrik jaso du K.O. IV. mendean).
Gazte baten galdera
Galdera hau du kezkagarri: «zer egin behar dut betiko bizia lortzeko»?, gauza funtsezkoa pasarte guztia ulertzeko. Protagonistak hau nahi du, garaiko beste judu-esapide batekin adierazirik: «geroko bizitzan partaide izan» edota «geroko mundukoan»; gutako askok «salbatu» hitzarekin ulertzen duguna. Desira honek normala ez den ingurumen batean kokatu du gure protagonista: onartzen du geroko mundu bat, oraingoa ez bezalako bat, oraingoa baino hobea, eta beste horretan parte hartu nahi du. Bestetik, beraren galdera ez da imajina genezakeen bezain arraroa. Galdetuko baligukete «salbatzeko» zer egin behar den, gerta liteke erantzunak aski askotarikoak izatea. Antzeko galdera bat aurkitu dugu Eliezer rabiri bere ikasleek egina (90. urte inguruan). Eta erantzun die: «Saia zaitezte lortzen zeuen auzokoen estimua; eragotzi zeuen seme-alabek Biblia arin irakurtzea, eta egizue, eseri daitezela jakintsuen ikasleen belaunetan; eta, otoitz egingo duzuenean, kontuan hartu zein duzuen zeuen aurrean. Horrela lortuko duzue geroko munduko bizia».
Jesusen erantzuna
Jesusek, erantzun aurretik, gazteak egin dion agurraz hitz egin nahi izan dio, eta terminoak arinegi erabiltzeaz ohartarazi. On bakarra Jainkoa da, esan dio. (Zorionez, garai hartan ez zen existitzen Fedearen Doktrinarako Kongregazioa; honek gaitzetsi egingo batzuen errore kristologikoaz).
Ondoren, erantzuna eman dio galderari, Moisesen bost manamendu aipatuz; bostak bigarren taulakoak, nahiz eta ordena aldatuz eta dekalogoan ez dagoen «ez duzu iruzurrik egingo» gehituz.
Gauza bitxia da Jesusek ez aipatu izana lehen taulako manamenduak, guk garrantzizkoentzat emango genituzkeenak: ez izan Jainkoaren lehiakide litzatekeen beste jainkorik, ez ahoskatu Jainkoaren izena gezurretan, eta santutzat hartu larunbata. Jesusen arabera, gure sentierarentzat era aski eskandalagarrian, «salbatzeko», aski da ondo jokatzea lagun hurkoarekin.
Protagonistak erantzun dio gazte zenetik bete duela hori guztia. Orduan, txeraz jarri zaio Jesus begira, eta gauza berri bat proposatu dio: utzi dezala alde batera beste bizitzan pentsatzea eta pentsa dezala oraingo honetan, zentzu berri bat emanez. Honetan datza zentzu hori: Jesusi jarraitzean, benetan, fisikoki; baina aldez aurretik duen guztia saldu behar du eta pobreei eman. Jesusen egitaraua hiru aditz hauek biltzen dute: saldu, eman eta jarraitu.
Gazte aberatsaren erreakzioa
Gaztea bekokia zimurtu eta urrundu egin da, «oso aberatsa baitzen». Jarrera honekin, ez du galdu betiko bizia (bete ohi diren manamenduen baitan baitago hori), baina bai Jesusi jarraitzea, orain berean, lur honetan berean, bere bizitza bere betera eramatea.
Bigarren eszena: Jesus eta ikasleak
Bere irakaspena osatzeko baliatu da Jesus eszena honetaz; kasu honetan, aberastasunen arriskuaz eta aberatsen problemaz hitz egiteko. Markosek, suspense-gai bat tartekatu du, Jesusek ezer esan aurretik «ingurura begiratu zuela» esatearekin. Zer esango ote du gazte aberatsaren erreakzioaz?
Aberatsen problema
Jesusen hitz hauek: «Bai zaila dela aberatsak Jainkoaren erreinuan sartzea!», argibide bat eskatzen dute. Jainkoaren erreinuan sartzeak ez du esan nahi beste bizitzan salbatzea; bi gauza dira. Garbi gelditu da hori: manamenduak betez lortzen da bigarren hori, aberats izan ala pobre izan. Jainkoaren Erreinuan sartzeak kristau-elkartean sartzea esan nahi du, bizitza honetan Jesus berarekiko konpromiso seriosa eta iraunkorra hartzea.
Ikasleen harriduraren aurrean, bere irakaspena errepikatu die Jesusek, konparazio ezagun hau gehituz: orratzaren begitik gamelua sartzearena. Erdi Aroan hasiak ziren jada interpretazio hau ematen: orratzaren begia Jerusalemgo murruan zegokeen ate txiki bat izango litzateke; baina ate hori ez da existitu sekula; interpretazio horrek ez du nahi Jesusen hitzak leundu besterik, aski era barregarrian leundu ere. Jesusek ekialdeko irudimenaz adierazi du zailtasuna, aberats bat kristau-elkarte batean sartzekoa.
Ikasleen erreakzioa
Zer dela-eta harritu eta izutu dira ikasleak? Bi eratan har genezake erreakzio hori: 1) zein salba daiteke?; 2) nola iraun bizirik?
Lehen kasuan, ikasleen burubide edo mentalitate hau islako luke: uste dutenena, aberastasuna Jainkoaren bedeinkazio direla; ondorioz, aberatsak salbatzen ez badira, zein salba daiteke?
Bigarren kasuan, ikasleek pentsatuko zuten, elkarteak ezin iraun duela aberatsak bertan sartzen ez badira, beren aberastasunez elkarteari lagunduz.
Nolanahi den, ematen du, Jesusen erantzunak («Jainkoarentzat dena da posible») bukatutzat eman duela gaia.
Izatez, Pedroren esku hartzeak ez du zerikusirik aurreko horrekin, baizik eta ikasleen jarrera gazte aberatsaren jarreraren kontrakoa dela agertzen du: «guk dena utzi dugu eta jarraitu dizugu». Orain, zer dagokiokeen jakin nahi du.
Salomonena ez bezalako aberastasuna
Jesusen erantzunak zazpi ukapen-gauza aipatu ditu, erabateko ukapenaren sinbolotzat: etxea, anaiak/nebak, arrebak/ahizpak, ama, aita, seme-alabak, lurrak. Horrek guztiak izango du bere saria bizitza honetan (ehun ahalako kasu guztietan, gurasoenean salbu) eta bestean, betiko bizia. Baina, bizitza honetako sariaz hitz egitean, «pertsekuzioak eta guzti» gehitu du Markosek.
Salomonek esan zuen: jakinduriarekin «on guztiak etorri zitzaizkidan, denak batean». Ikasleei, ondasun-ugaritasuna Jesusei jarraitzeak dakarkie.
José Luis Sicre