Urteko 28. Igandea B 2018-10-14

HOMILIA

Anai-arrebok!

Ikusgarria da gaurko ebanjelioko galdera hau: «Zer egin behar dut betiko bizia lortzeko?» Korrika etorri eta gazte aberats batek Jesusi egin dion galdera da.

Jesusek Moisesen legeko manamendu batzuk aipatu dizkio: ez hil, ez egin adulteriorik, ez lapurtu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin iruzurrik tratuan, ohoratu aita eta ama. Eta gazteak erantzun: Gazte-gaztetik bete ditut horiek guztiak.

Jesusek barru on bat ikusi du gazte horrengan, eta maitasunez begira-begira jarri zaio, eta esan dio: gauza bat falta zaizu: zoaz, saldu zeure ondasunak, eman pobreei eta etorri: jarraitu niri.

Gazteak triste alde egin du. Aberatsa baita.

Senideok, gauza batek harritu gaitu Jesusek aipatu dizkion manamenduetan: agindu guztiak lagun hurkoari dagozkionak dira; Jainkoari dagozkionak ez dizkio aipatu. Zer esan nahi du horrek? Bistan da: lagun hurkoa maite baduzu, Jainkoa ere maite duzu.

Senideok, ebanjelioko gazte aberats hori ez da jabetu nolako maitasuna azaldu dion Jesusek. Halere, gure Eliza maitearen historian baditugu Jesusen maitasun horretaz jabetu izan direnak.

Gure San Prudentzio ermita honetan bigarren zaindari edo patroi duguna aipatu nahi nuke: San Antonio abadea. Egipton jaio zen 251n. Behin batean elizan Jesusen hitz hauek berak entzun zituen: zoaz, saldu zeure ondasunak, eman pobreei eta etorri: jarraitu niri. Eta dena saldu eta pobreei emanik, ermitau egin zen; basamortura joan zen bizitzera. Bere santutasun-famaz jende asko erakarri zuen.

Beste bat ere aipatu nahi nuke. Oscar Romero, San Salvadorreko artzapezpikua. Gaur, igandean, urrian 14an, santu deklaratuko du Aita Santuak, Paulo VI.a aita santuarekin batean.

Oscar Romero, gotzain laguntzaile egin zuten. Bere artzapezpikua gizon bizia zuen; Vatikano II.a kontzilioan parte hartu zuena. Pobreak zituen buruan. Romero gotzain laguntzailea, berriz, gizon epela zen.
Halere, artzapezpikua hiltzean, bera, Romero, egin zuten artzapezpiku. Halakoa zen nuntzioa. Baina behin batean, paramilitarrek jesuita bat, sakristaua eta akolito bat hil zituzten. Rutilo zen jesuita; erabat, buru-belarri, pobreei emana. Hilketa huraxe izan zen Romeroren konbertsio-eguna. Hilketa hark ireki zizkion begiak, Jesusen hitza entzun, aintzat hartu eta hurbil-hurbiletik jarraitzeko: pobreen alde, zuzengabekeriaren eta indarkeriaren aurka.

Behin batean, 1980ko martxoaren 24an, hitz hauek jaulki zituen San Salvadorreko katedralean: «Jainkoaren izenean, eta herri penatu honen izenean, zeinen intziriak edo lantuak egunero ari baitira zerura igotzen, egunetik egunera asalduratsuago, Jainkoaren izenean erregutzen dizuet, Jainkoaren izenean eskatzen dizuet, Jainkoaren izenean agintzen dizuet: gelditu errepresioa» («”¡En nombre de Dios, y en nombre de este sufrido pueblo, cuyos lamentos suben hasta el cielo cada día más tumultuosos, les suplico, les ruego, les ordeno en nombre de Dios: ¡cese la represión!”.)

Hitz horiek beraren heriotza-epaia izan ziren. Arratsalde hartan berean, apaiz bat joan zitzaion etxera. Jota ikusi zuen apaizak Romero: «Beldurra dut, beldur handia. Hil egingo naute. Eta nik ez dut hil nahi; bizia maite dut. Okerrena da, nekez egin dezakedala otoitz… Jainkoa ez dut sumatzen» (“Tengo miedo, mucho miedo. Me van a matar. Y yo no quiero morir, porque amo la vida. Lo peor de todo es que me cuesta mucho rezar… No siento a Dios”.). Romeroren Getsemani zen. Biharamun goizean joan zitzaion berriro ere apaiza. Lasaiago aurkitu zuen. Lortu omen zuen lo pixka bat egitea.

Arratsalde hartan, meza ematen ari zela, tiroz hil zuten paramilitar batzuek. Rutilo jesuita, sakristaua eta akolitoa hil zituztela jakin zuenean, Jesusengana jo zuen Romero artzapezpikuak. Eta bere bihotzean, gaurko ebanjelioko gazte aberatsari eta hirugarren mendeko San Antoniori esandako hitzak esan zizkion: «jarraitu niri».

Gauza bera esaten digu guri ere. Izan ditzagula laguntzaile, bai San Antonio, bai gaur Frantzisko aita santuak santu deklaratuko dituen Paulo VI.a aita santua eta Oskar Romero. Aldi berean, emazkiogun eskerrak Jainkoari gure arteko batzuk ere eredu on ematen dizkigulako.

Dionisio Amundarain