URTEKO HOGEI TA ZORTZIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Mesiasen bazkaria)

Izai profetaren liburutik 25,6-9

Egun hartan,
6 Jaunak, diren guzien Jainkoak, herri guzieri
bazkari bat eginen diote, bere mendi gainean,
janari guri eta arno gozoekin,
haragi mamitsu eta arno zahar finekin.
7 Kenduko du herri guzien gainean hedatua zen dolu-estalgia,
herrialde guziak estaltzen zituen hil-oihala.
8 Herioa suntsituko du behin betiko.
Jaunak begitarte guzietako nigarrak xukatuko ditu,
eta lur guziaren gainetik kenduko bere herriaren ahalgea:
berak hitzemana du.
9 Eta egun hartan erranen da:
“ Huna gure Jainkoa! Hari ginauden, eta salbatu gaitu;
Jauna da, haren baitan ginuen esperantza;
bozkaria eta alaitu gaitezen! Salbatu gaitu!”

Testu hau Izairen apokalipza deitua den pasaiatik hartua da. Munduaren akabantzaz ari da hemen
profeta.
Huna beraz azkenean etorria gizarte guzia bat eginen den eguna. Mahain beraren inguruan, apairu
bera elkarrekin partekatzea, hori bakearen itxura da.“Egun hartan, Jaunak…herri guzieri bazkari bat
eginen diote…“
Ez dakigu xuxen testu hau noiz idatzia izan den. Dudarik gabe mementoa ez zitaiken hoberenetarik.
Profetak idazten badu: “ Huna gure Jainkoa! Hari ginauden, eta salbatu gaitu!” Horren aditzearen
beharra bazukeen jendeak, bizi zuena ez baitzen pozgarria.“Jaunak begitarte guzietako nigarrak xukatuko
ditu.” Beraz har kuraie, orai jasaiten duzuenak ez du beti iraunen.
Irakurgai huntako erran garrantzitsuena hauxe da: “Berak hitzemana du .» Izrael populua, bere
fedean irauten laguntzeko, beti Jainkoak harentzat egin duena oroitarazia zaio : Egiptotik atera du…Eta beti
aitzina, mendez mende, libratzen du loturik daukaten esteketarik: gerla, injuztizia, idolatria…
“Herioa suntsituko du behin betiko”. Kristo piztu eta, gu ere piztuko girela sinesten dugu. Memento
haietan, Kristo aitzineko 4.mendean, betiereko bizi hortan ez zen oraino sinesten. Emeki emeki du,
denborarekin, Izraelek pizte hortan sinetsi. Denbora haietako fededunentzat osoki bizitzea Jainkoaren
batasunean bizitzea zen. Hortakotz Izai-k bazkaria mendi gainean du finkatzen, lur huntako mendi baten
gainean, Jerusalemen.

Salmoa 22

Leloa: Jainko Jaunaren etxean nago, sekulako.

Jauna dut artzain: ez naiz egonen beharrean.
Zer gainetarat nerabilan!
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan, pitz hor arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa:
Haren izena zoin gozoa!
Ilunbez ala gaitz erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo;
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau ta egun.
Banago eta Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.

Salmo huntan errana dena da, inguruan ditugun irrisku guzien gatik, Jainkoan bere konfiantxa
emaiten duenak ez duela « beldurrik, hor baitzare! » Izaik ere ez ote gauza bertsua, diolarik: “ Huna
gure Jainkoa! Hari ginauden, eta salbatu gaitu!“
« Jauna dut artzain » Izrael ardi bati konparatua da. Bere artzaina Jainkoa du! Denbora eta
leku haietan, eta biblian, erregeak populuaren artzainak deituak ziren. Saul eta Daviden ondotik, ainitz
errege izan ditu Izraelek, bainan onik guti! Beraz Jainkoak du bakarrik artzain izen hori merexi, bere
artaldearen beharreri kasu egiten diotena.“Ilunbez eta gaitz erreketan joanik ere, nik ez beldurrik, hor
baitzare.“
Ikusiz, mendeak zehar, zer egin zuen Jainkoak Izraelentzat, populuak sinesten du Jainkoa
baitan. Ondorioz « nik zoriona eta grazia ditut lagun…Banago Jaun zerukoa den etxean, epe luzerik
luzenean.“

Bigarren irakurgaia

( Egiazko aberastasuna Kristoren baitan )

Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 4,12-14.19-20

Haurrideak,
12 badakit gutirekin bizitzen, badakit ausarkian bizitzen;
denetan eta denetarat trebatua naiz :
bai asean eta bai gosean, bai aiserian eta bai beharrean.
13 Dena jasan dezaket, indartzen nauenaren baitan.
14 Nola nahi ere, ongi egin duzue nere atsegabean parte hartzea.
19 Ordainez, nere Jainkoak nasaiki beteko du zuen eskasia guzia,
bere aberastasunaren arabera, Kristo Jesusen baitan.
20 Aintza Jainko gure Aitari menderen mendetan. Amen.

50 inguruan du Paulok, bere presondigitik, gutun hau igortzen Filipeko girixtinoeri. Laguntza bat
igorria diote eta eskertzen ditu.
Mundu huntako ontasunen erabileraz ari da hemen Paulo. Umilki mintzo da, diolarik :“ Dena jasan
dezaket, indartzen nauenaren baitan.“ Zer dio bada bibliak mundu huntako ontasunetaz ?
– Ontasuna gauza on bat dela.“ Jainkoak aberastasun eta ontasun eman diozkan orok, horietarik
jateko, doakion zatia hartzeko eta lanaz pozteko eskubidea badu. Jainkoaren dohaina da hori.“ (Kohelet
5,18)
– Ontasunak pobrezia sor dezakela, gizonari libertatea galaraziz, gizonaz diruaren edo izanaren
esklabo bat eginez. Profeta guziek errepikatu dute sobera ontasunen biltzea ez dela gauza ona. Huna zer
dioen Zakariasek:“Tirok gordalekua eraiko du, karriketako lohia bezainbat urre; bainan kenduko diozka
Jaunak, itsasorat botako ditu haren ontasunak.“ (Za.9,3-4) Entzun ere Isaias :“Zorigaitz etxea etxeari eta
alorra alorrari eransten dioten jende horri, besteeri lekua kenduz, lurralde osoaren jaun eta jabe bakar
izaiteko…etxe horiek oro hondatuko dira…“ ( Is 5,8)
– Iduri izanagatik, ez gira gure ontasunen jabeak. Hori du erakusten meza denboran egiten den
eskaintzak. Ogia eta arnoa, munduko aberastasunen eta gizonen lanaren sinboloak, ekartzen ditugu,
Jainkoari eskaitzen, ez emaiten. Ez emaiten, onartzen baitugu Harenak direla eta ez gureak. Bakarrik
prestatuak dauzkula, gure eskuetan emanak gizon guzien onerako.
– Huna hemen denak biltzen dituen Paulok aberatseri eman kontseilua:“kontseilu emozute mundu
huntako aberatseri, ez daitezen urgulutan sar eta ez dezaten beren esperantza aberastasun galkorretan
ezar, baizik Jainko biziaren baitan, harek emaiten baitauzkigu gauza guziak, goza ditzagun. Egin dezatela
ongia; izan daitezela egintza onetan aberats, bai eta eskuzabal, ontasunak bertzeen zerbitzuko ezarriz ;
hola, aberastasun ederra metatuko dute gerorako, eta egiazko bizia eskuratuko“. (1 Ti 6,17-18)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Huna Jaunaren Bazkoa bere populuaren erdian!
Zoriontsu Erreinuko bazkarirat deituak!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 22,1-14

1 Jesusek parabolatan erraiten zuen:
2 “ Zeruetako Erreinuak iduri du
bere semearen ezteiak ospatzen zituen errege bat.
3 Mutilak igorri zituen ezteiliarren bila,
bainan heiek ez zuten etorri nahi.
4 Berriz beste mutil batzu igorri zituen, ezteiliarreri erraitera:
‘ Bazkaria prestatua dut,
hilak ditut zezenak eta abere gizenak,
dena prest da, zatozte ezteietarat.’
5 Bainan heiek, ez adituarena egin zuten, eta joan ziren,
bat bere landarat, bestea bere saltegirat.
6 Eta gaineratekoek mutilak hartu zituzten, gaizki erabili eta hil.
7 Hasarretu zen erregea, eta bere soldaduak igorri zituen,
hiltzaile heiek galtzera eta heien herria erretzera.
8 Orduan, bere mutileri erran zioten:
‘ Ezteiak prest dira, bainan ezteiliarrak ez ziren gai.
9 Zoazte, bada, bidegurutzeetarat,
eta aurkitzen ditutzuen guziak ezteietarat gomitazkitzue.’
10 Mutilak atera ziren bideetarat,
eta aurkitu guziak bildu zituzten, tzar eta on,
eta ezteilekua bete zen bazkaltiarrez.

11 Sartu zen erregea bazkaltiarren ikustera.
Ikusi zuen han gizon bat eztei-jantzirik gabe.
12 Eta erran zion:
‘Adiskide, nola sartu zira hunat eztei-jantzirik gabe?’
Harek ez zuen hitzik atera.
13 Erregeak, orduan, erran zioten zerbitzarieri:
‘ Esku eta oinak estekaturik, bota zazue kanpoko ilunbeetarat.
Han izanen da nigar eta hortz-karraska.’
14 Bai, ainitz dira deituak, guti, aldiz, hautetsiak.”

Huna hemen bi parabola, elkarrekin ongi ez doazinak. Lehenak ezteietarako deneri egin gomita du
kondatzen, bigarrenak berriz eztei-jauntzirik gabeko gizonaren kanporatzea. Bi parabola horiek ez ziren,
hastean, elkarri lotuak. Alabainan nolaz galda eztei-jauntzitan izaitea, bidekurutzean aurkitu edozein
jenderi ? Bizkitartean Matiu-k elkarri lotzen ditu. Zergatik?
“Zeruetako Erreinuak iduri du bere semearen ezteiak ospatzen zituen errege bat.” Semea da espos,
Kristo bera. Eztei horiek Jainkoa eta bere populuaren arteko ezteiak dira.
Ezteien itxura hori biblia guzian aurkitzen da. Jainkoak gizonarentzat duen amodioa senar-emazteen
arteko amodioari konparatua da ainitz aldiz. Eta ezteietara gomit dira denak : “aurkitu guziak bildu
zituzten,tzar eta on“. Salbamendua deneri eskainia da.
Izrael izan da lehenbiziko gomita ukan duen populua. Bainan hunek ez du gomita hori onartu, Kristo
baitan ez baitu sinetsi. Beti Mesiasen haiduru daude juduak. Apostoluen Egintzak liburuak garbiki
erakusten du hori : Paulo juduek zinagogetarik kanpo emaiten dute beti : « Orduan Paulok eta Barnabek
ausartziarekin erran zuten : Zueri adiarazi behar zitzaitzuen lehenik Jainkoaren mezua ! Bainan mezu hori
arbuiatu eta zuen buruak betiko bizirako gai ikusten ez dituzuenaz geroz, paganoenganat joanen gira.»
(Eg 13,46)
Lehen parabolak erraiten duena hau da beraz : Izraelek gomita errefusatu badu, orai gomita hori
mundu guziari zabaldua da : “Aurkitzen dituzuen guziak ezteietarat gomitazkizue. »
Bigarren parabola : “Adiskide, nola sartu zira hunat eztei-jauntzirik gabe ? » Eztei-jauntzi hori Kristo
da : « Alabainan, bataioaz kristori lotuak izan zirezten guziak, soinekoz bezala Kristoz jantziak zirezte. »
(Ga 3,27) Bataiatuen jantzia da hori. Eta ez dugu gure mereximendueri esker biltzen bainan Jainkoak dauku
emaiten. Parabola huntan ikusten da eztei-jantzirik gabe denak ez duela « hitzik atera » nagusiak egin
galdea entzun eta. Gizon hunen huts handia ez da izan ez behar bezala jantzia izaitea bainan ixilik egoitea
nagusiaren aitzinean. Huni erantzun behar zion : « Egia da Jauna, bainan zuri nago arropa horren
ukaiteko. » Gizon horrrek elkarrizketa ez du onartu. Umiltasun edo konfiantxa eskasez ?