Urteko 28. ig A 2017-10-15
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko parabolarekin, hirugarren aldiz saiatu da Jesus apaizak eta fariseuak konbentzitu eta bide onera ekartzen, Tenpluan.
Gonbidatuen parabola kontatu die. Errege batek bere semearen ezteiak ospatu nahi izan ditu. Bidali ditu zerbitzariak maite-maitea duen jende bat gonbidatzera. Bi aldiz bidali ditu. Baina, alferrik. Gonbidatuek uko egin diote jaiari.
Esker txar hori ikusirik, berriro bidali ditu zerbitzariak; baina oraingoan beste jende batengana: bidean eta bazterretan ikusiko dituzten guztiengana. Oraingoan bete da eztei-gela.
Baina jendeari harrera-agurra egitera joan denean, pertsona bat ikusi du erregeak, jai-jantzirik gabe. «Nolatan etorri zara horrela, jantzi egokirik gabe?» galdetu dio erregeak. Eta gizona isilik. Orduan, hura kanpora botatzeko agindu du erregeak.
Zein dira etortzeari uko egin dioten gonbidatuak? Bistan dago; israeldarrak.
Zein dira gonbidatu berriak? Borondate oneko israeldar pobre, herren, itsu, bekatariak eta paganoak, israeldar ez direnak.
Zein dira erregeak bidali dituen zerbitzariak? Profetak eta Jesus bera.
Zein da erregea? Jainko Aita.
Zein da jantzi egokirik gabe sartu dena? Bihotz-berritu gabe joan dena.
Senideok, profetek eta Jesusek berak, askotan erabili dute jai-otorduaren irudia, zeruko zoriona adierazteko. Hor dugu adibide handi bat, gaurko lehen irakurgaian, Isaiasena (25,6-10): janari eta edari bikain eta gozoko otordua prestatuko diet herri guztiei; egun hartan ez da izango, ez negarrik, ez nekerik, ez heriotzarik Egun hartan pozik hots egingo dute herriek: «Hona hemen Jainkoa, hona hemen salbatuko gintuela espero genuena; ospatu dezagun eta gozatu geure salbazioa».
Inoiz gutxitan hitz egiten omen dugu zeruaz. Hona nola hitz egin digun Isaiasek. Hona nola hitz egin digun Jesusek: bere-bere egin du Jesusek Isaiasen profezia, gaur gonbidatuen parabola aldarrikatzean. Ez al gaitu pozten zeru horrek? Zergatik ez saiatu, gerora zain egon gabe, hemen bertan zeru hori gauzatzen? Elkartasuna sustatu, indartuz, gauzatuz.
Jesusen Espirituak lagundu diezagula maitasun hutseko Jesusen deiari «bai» esaten; batez ere, «bai» egiten. Izan ditzagun gogoan, Jesusen berri izan ez duten guztiak. Izan ditzagun gogoan, Jesusen deiari uko egin dioten guztiak. Har dezagun lagun handitzat Andre Maria. Har dezagun lagun handitzat gaur ospatzen dugun Avilako Teresa santua. Har ditzagun lagun handitzat gure aurretik joan diren familiarteko, adiskide eta lagunak.
Dionisio Amundarain