URTEKO 27. IGANDEA C 2019-10-06

SARRERA

Senideok, ongi etorri Eukaristia bizitzera. Jesusen hitza entzutera. Jesusen bizitza geure artean berregitera. Jesusen heriotzaz eta piztueraz gogoeta egin eta geure sinesmena indartzera.
Apostoluek bezala esango diogu Jesusi: handitu, Jauna, gure sinesmena, gure fedea, gure konfiantza..
Zenbat eta harreman gehiago izan Jesusekin, fidagarriago agertuko eta egingo zaigu hura. Eska diezaiogun, beraz, argia, bera ezagutzeko eta bihotzeko begiez ikusteko. Lehen irakurgaian Habakukek dioena ere kontuan hartzekoa dugu: pertsona zuzena bere fedeaz, bere konfiantzaz, biziko da.
Bestalde, urriko hilabete hau MISIO HILABETE BEREZIA izango dugu mundu osoan. Kontuan izan dezagun hau: Eliza misiolari da edota ez da ezer. Eta Eliza gutako bakoitza da.
Hirugarren, gaur hasiko da Erroman Sinodoa Amazoniaz. Gauza handiak daude jokoan Sinodo honetan. Otoitz egin dezagun.

LEHENENGO IRAKURGAIA Habakuk profetaren liburutik (1,2-3; 2,2-4)

Habakuk profetak garbi ikusi zuen bere herrian nagusi zegoen injustizia. Aldi berean, ordea, garbiago ikusi zuen bere herriaren kontra zetorren Babilonia inbaditzailearen injustizia. Beraz, bi injustizien artean ikusi zuen bere burua: bere herriaren injustiziaren eta bere herriaren aurka zetorren inbaditzailearen zuzengabekeria.
Hala, Jainkoari galdezka hasi zitzaion: Noiz arte, Jauna, bizi behar dut, zuk niri erantzun gabe, kasurik egin gabe? Eta hona Jainkoaren erantzuna: Izan pazientzia, izan esperantza, izan batez ere fedea. Jakina, fede eginkorraz ari da, eta ez fede geldoaz.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (1,6-8.13-14)

Gutun honen idazlea konturatu da, krisialdi gogor samarra bizitzen ari dela Timoteo. Bere burua estu eta larri sentitzen ari dela.
Egoera horretan, adorea eta kemena eskatzen dio. Esaten dio, ez dituela utzi behar galtzen hartuak dituen «grazia, errukia eta bakea», baizik eta bertute horiek bere baitan sendotzen jarraitu behar duela. Bere konfiantza Jesusengan bakarrik ipiniz. Ildo horri berari jarraituz, hiru kualitate hauek aipatzen dizkio: adorea, maitasuna eta zentzu ona.
Bukatzeko, esaten dio idazleak, baduela bermea edo garantia; ez, noski, beragandik datorrena, baizik eta Jesusengandik datorrena.

EBANJELIOA Lukasen liburutik (17,5-10)

Bi zati ditu gaurko ebanjelioak.
Lehenengo zatia fedeaz ari da. Jesusekin badaramate denboraldi bat ikasleek, eta konturatu dira haren bidean ibiltzeko fedea behar dutela. Ez da gutxi horretaz konturatze hutsa: Jesusekiko fedea edo konfiantza handitu beharra dutela sentitu dute.
Jesusek ez die erantzungo zuzenean. Baina fedea zer den adierazi die. Ez die esan nahi, fedearekin eta konfiantzarekin mendi bat tokiz aldaraziko dutenik; ahoberokeria da hori. Soilik, hau esan nahi die: izan daitezela bat Jainko kreatzailearekin, izan dezatela konfiantza harengan. Jainkoa ez da hasten mendi bat tokiz aldatzen, baina gizakien bidez mundua hobetzea du asmo guztia.
Bigarren zatia apaltasunez ari da. Fariseuek uste zutenaren kontra, ezin gara hasi Jainkoari hau esaten: «Begira, hau eta hura eta bestea egin ditugu guk. Zuri dagokizu orain guri saria ematea». Ez; ez da hori arrazoizko pentsaera. Izan ere, egin dugun guztiarekin, zer egin dugu, egin behar genuena baizik? Hori adierazi nahi du morroiaren parabolak.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jainkoak ez diela entzuten uste dutenen alde: harekiko harremanak konfiantzaz bizitzen jarrai dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Elizan egiteko berezia hartu dutenen alde: beren uste faltsuak alde batera utzirik, konfiantza Jainkoagan eta inguruan duten bihotz oneko jendeagan jar dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Eliztar guztion alde: iritsi gaitezela aintzat hartzera Jesusen misio-gomendio hura: Zoazte, bataiatu jendea eta egin ebanjelioaren jarraitzaile herri guztiak. Eska diezagun Jaunari.

4.-Erroman gaur hasiko duten Sinodoaren alde: Erromatik kanpo bizi garenok, saia gaitezela han gertatzen denarekin bat egiten: irratiz, telebistaz, aldizkariz eta otoitz eginez. Eska diezaiogun Jaunari.