URTEKO HOGEITA ZAZPIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Zintzoa bere leialtasunak biziaraziko du )

Habakuk profetaren liburutik 1 , 2-3 : 2, 2-4

1, 2 “ Noiz arte, Jauna, ari behar dut zuri deiadarka,
zuk entzun gabe,
noiz arte oihuka gogorkeriaren kontra, zuk salbatu gabe?
3 Zergatik ikusarazten dautazu hoinbeste bidegabekeria?
Nola egon zintezke gure miseriari beha?
Nere aitzinean, harrapaketa eta indarkeria,
hasarreak eta borrokak nonahi.”
2,2 Orduan, Jaunak ihardetsi zautan:
“ Izkiria zazu agertuko dautzutana,
ezar taulatxoetan, errexki irakurtzeko gisan.
3 Ikuskari hau ez da beteko, epea burutu arte:
Bainan badoa bere helbururat, ez du huts eginen.
Luzatzen badu, zu zaude zain, bai etorriko da, bere orduan.
4 Lotsagabeak ez du arima xuxena,
Zintzoa, aldiz, bere leialtasunari esker biziko da.”
Habakuk profetak errekesta handia zuen Testamendu Berriaren denboran. Aipu da Mariaren
Kantuan, Magnifikatean : « Haren loriaz bozkariotan dut gogoa : salbatzaile dut nik Jainkoa. » (Hab
3,18) Habakuki zor dio Jondoni Paulok behin baino gehiagotan ateratzen duen hemengo erranaldia :
« Zintzoa bere leialtasungoi esker biziko da. » (Erom 1,17 ; Ga 3,11)

Habakuken liburua ttipia da : doi-doia hiru kapitulu, hogoi bat bertsetetakoa bakotxa. Bainan
zer aberastasuna ! Haren deiadarrek Job oroitarazten dute : « Noiz arte, Jauna, ari behar dut zuri
deiadarka, noiz arte oihuka… » Bainan esperantza beti berekin du. Herstura-oihua da indarkariaren
erditik; herstura, Jainkoa ixilik baitago. Oihu hori egungoa ere da, betikoa. Eta Biblia guzian bezala,
Jobek bezala, hemen ere Jainkoari konduak eskatzen zaizkio.
Habakukek aipu duen indarkeria, mementoko etsaiarena da : Babilon. « Kaldearrak »
deituak dira Nabukodonosoren armadak Jesu Kristo aitzineko 600 inguruan gira. Mundua mundu
denetik, ikaragarrikeriak errepikatzen dira « Zergatik ikusarazten dautazu hoinbeste
bidegabekeria…harrapaketak eta indarkeria, hasarreak eta borrokak nonahi. »
Gauza ohargarria da Jainkoak ez diola Habakuki erasiarik egiten. Bakarrik iraupena eta
fidantzia eskatzen diozka. Etsaiarenak eginen du, luzatu gabe. « Orduan Jaunak ihardetsi zautan : «
Izkiria zazu agertuko dauzutana… » Ikuskariaz beraz ez du oraino deus erraiten, ondoko kapitulurat
arte. Bainan pentsatzen ahal dugu zer izanen den : lehertuen, zapalduen librantza.
Jainkoak ez diote profetaren galditzeri (« zergatik », « noiz arte ») erreposturik emaiten.
Ihardetsi dio bakarrik herria ez duela bereber utziko. Ondorio hau atera daiteke beraz Habakuken
mezutik : nahigaberik handienean ere, aterabide bakarra Jainkoa baitan fidatzea da. Ez konprenitzea
onartu behar, Jainkoa akusatu gabe. Jainkoaz mesfidatzeak ez du ondorio tzarrik baizik. Hori
daiteke irakurgai huntako azken lerroaren sentsua : « Zintzoa…bere leialtasunari esker biziko da. »
Jainkoa ixilik dago, bainan ondo-ondoan dugu.

Salmoa 94

Leloa: Guziek egun bihotzez dugun Jauna entzun.

Zatozte, kanta Jainkoari, Pizten gaituen Harrokari.
Joan gitzaiola soinuz ari, Jaunari denak jauz kantari.
Zatozte, kanta Jainkoari, Pizten gaituen Harrokari.
Zatozte haren otoizteko: Gauden ahuspez belauniko.
Jaunak eginak garelako, Hura dugu bai denek Jainko.
Gu, Jaunarena den jendea, Eskuz dabilan artaldea.
Egun agian zuek egun Jainko Jaunaren deia entzun.
Ez bihotz gogor, otoi, izan Nola Meriban eta Mazan.
Aitek han gogor egin zuten, Nik eginer hotz egon ziren.

Lehen irakurgaiak erran dauku zein beharrezkoa den Jainkoaren hitzaren « entzutea ». Izrael
herriak ez du beti Jauna “entzun”, bereziki, Egiptotik lur-hitzemanerat buruz, basamortua zeharkatu
zuenean. Salmoan bi leku aipu dira : Maza eta Meriba. Ez dira egiazko leku-izenak. Izraeldarrak
Refidimen gelditu zirelarik, leku hartan urik ez zen. Herria Moisi bihurtu zitzaion, biziki kexu.
Jainkoa baitan fidantziaz beterik, Moisek bere makilaz harroka jo zuen eta hantik ura burrustaka
atera. Gertakari horren oroitzapenetan Moisek leku hura Maza (Frogaldi) eta Meriba (Aharra) deitu
zuen, adiarazteko herriak Jainkoa frogaldian ezarri zuela, hari aharra piztuz. Bertset bakar horrek
gure fedezko bizi guzia adiarazten du. Izraelek bezala, guk ere, biziko nekealdi guzietan, galdegiten
dugu : “Jainkoa gure artean dea ala ez?” Bestela erran, konfiantza egiten ahal zaio ala ez?
Bibliak erraiten dauku fedea, hain zuzen, fidantzia dela. Hitz hori testu anitzen gibelean da.
Adibidez, fedea erraiten duen hitzak, hebrearrez, Jainkoaren gainean “bermatzea” adiarazten du.
Hitz hortarik dator “Amen”, “sendoa”, mugiezina” erran nahi duena.
Beste hitz bat ere jakingarria da : entzun. Norbaitetan fidatzen delarik, hura “entzuten” da.
Hortik Juduen oinarrizko otoitz famatua : « Entzun, Izrael ; Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat
bakarra da… » (Dt 6, 4-9) Halaber « obeditu » hitzarekin. Hebrearrez, eta berdin latinez erro beretik
dira « entzutea » eta « obeditzea ».
Fedeak emaiten duen fidantzia esperientziaren gainean finkatua da, harrokaren gainean
bezala. Maza eta Meriban Jainkoak ura harrokatik jauzarazi zuen. Geroztik maiz oroitaraziko du
Jainkoa Izraelen harroka dela.
Fidantziaren hautua egun guziz egitekoa da : ”Egun, agian, deia entzunen duzue”.
Egun bakotxa berria da. Egun guziz ikas dezakegu “entzuten”, “konfiantza egiten”. Horra zertako
94.salmo hunekin has daiteken egun guzietako otoitza, Juduek berena “Entzun, Izrael…” erranez
hasten duten bezala.

Bigarren irakurgaia

( Leial izan Ebanjelioaren zerbitzuan )

Jondoni Paulok Timoteori 2a : 1, 6-8. 13-14

Seme maitea,
6 orroitarazten dautzut indar berri dezazun,
nik eskuak ezartzean ukan duzun Jainkoaren dohaina.
7 Zeren, Jainkoak ez dauku beldurti egiten gaituen izpiritua eman,
bainan indarra eta maitasuna emaiten,
eta gure buruaren jabe egiten gaituen izpiritua.
8 Ez izan, beraz, gure Jaunari aitormen egiteko ahalgerik,
ez eta nitaz ere, harengatik preso naizenaz;
aitzitik, Jainkoaren indarrarekin, sofri zazu nerekin batean
Ebanjelioaren alde.
14 Har etsenplutzat nereganik ukan duzun irakaspen sendoa,
Jesu Kristoren baitan ditugun fede eta maitasunean.
Begira zazu garbi zaintzeko eman zaitzun Ebanjelioa,
gure baitan bizi den Izpiritu Sainduaren indarraz.

Paulok Timoteori bigarren eskutitz hau igortzen diolarik, preso dago, eta bere azkena hurbil
duela badaki. Hemen Pauloren testamendua irakurtzen dugu : Timoteok hartu beharko du Pauloren
lekukoa. Hortakotz emaiten diozka kontseiluak.
Lehen kontseilua : Jainkoaren dohaina indarberritzea. Izpiritu Sainduaz ari da Paulo :
”Jainkoak ez dauku beldurti egiten gaituen izpiritua eman, bainan indarra eta maitasuna…”
Timoteok izpiritu hori ukan du Paulok eskuak gainean ezarri diozkalakotz. Hola “ordenatzen” zen
orduan girixtino elkarte baten buruzagia, eta hola egiten da gaur egun ere.
Bigarren kontseilua : ez beldurti izaitea. Indarra, maitasuna,ez ditugu jitez guhauren baitan.
Izpirituaren dohainak dira. Paulok hori garbiki idazten dio Timoteori : « Jainkoaren indarrarekin
sofri zazu nerekin batean Ebanjelioaren alde. »
Zer erran nahi du « Ebanjelioaren alde » ? Jesusen Berrionaren altxorra ondokoeri pasatu
behar zaiotela nahasketarik gabe « Irakaspen sendoa », Ebanjelioa, « garbi zaindu » behar du
Timoteok eta ondokoeri eskutik eskura eman. « Herri urrats » egiten dugularik « lekukoa » pasatzen
dugu eskuz esku, aldatu gabe, Euskal Herriaren buru batetik bestera. Zer da « lekuko » hori : pentsa
daiteke euskara dela, altxor bat bezala begiratzen duguna eta ondokoeri irakasten. Eta orduan
Ebanjelioa nolaz ez ! « Herri Urratseko » lekukoa, euskara, aldatzen ari da mendez mende, eta hori,
bizi delako seinale da. Berdin Ebanjelioa ere : denboraren joanean hobeki konprenitzen dugu ; gisa
batez aldatzen da, bizi den oro bezala, Jesusen irakaspen geldituz halere. Hola konpreni daiteke
Jondoni Pauloren errana : « Har etsenplutzat…irakaspen sendoa. » Egiazko leialtasuna ez da
errepikapena.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Berriz sortuak zirezte, hazi ezilkorretik,
Bizia den eta betiko dirauen Jainkoaren hitzetik

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 17, 5-10

5 Apostoluek erran zioten Jaunari:
“ Emenda zazu fedea gure baitan.”
6 Jaunak ihardetsi zioten :
“ Mustarda hazia bezainbateko fedea bazinute,
pikondo huni erran zinezokete: ‘ Atera hadi eta landa itsasoan ’,
zuek errana eginen luke.
7 Zuetarik nork, mutila iraulden edo abere zain arizan eta
etxeratzen denean, erranen dio:
‘ Hator berehala mahainerat’ ?
8 Ez ote dio erranen:
‘ Presta zadak afaria, alda hadi ene zerbitzatzeko, nik jan eta edan arte.
Gero janen eta edanen duk hik.’
9 Mutilari eskerrik zor ote dio, manatua egin duelakotz?
10 Zuek ere berdin, manatua zaitzuen guzia egin eta errazue:
‘ Mutil batzu baizik ez gira: egin behar ginuena egin dugu’.”

Iduriz, Ebanjelio huntan bi zati berex daitezke. Lehen partea : Jesusen eta apostuluen arteko
solasa, fedeaz. Bigarrena : parabola iduriko bat, mutiletaz.
Jesus apostolueri mintzo zaiote. « Apostolu » hitzak « Igorria » erran nahi du. Jesus
Berrionaren hedatzeaz ari da. Apostoluek galdegiten diote fedea emenda diezoten. Otoitz hori gurea
ere da, ikusten baitugu gure ahulezia eta ezina, egin behar dugunaren aitzinean. Ez dugu zeren gure
baitako fedearen izartzen ar. Nola-nahi ere, Jainkoak du pikondoa errotik ateratzen eta itsasoan
landatzen. Gogoan atxiki behar duguna hau da : Ebanjelioaren izenean lan egiten dugularik, oroit
gaiten Jainkoak egin ez dezakeenik ez dela. Hunek geramatza xuxen-xuxena mutilen parabolarat.
« Mutil batzu baizik ez gira ». Beharrik ! Gutarik nor da aski azkarra Jainkoaren
erresumaren zama jasaiteko. Jesusen hitz horiek ez dira beraz gogorrak, bainan, alderantziz, bihotzaltxagarriak.
Mutilak gira, bainan ez mutil inutilak. Jainkoak mutiltzat hartzen bagaitu ez ote da
gure beharra baduela seinale.
“Jainkoak badu gizonen beharra” filma eder baten titulua da. Eta Jesusek berak erran du :
”Uzta nasaia da, bainan langile guti” (Mt 9,37). Galdegiten zaukuna da ahal duguna egitea.
Uztaren nagusia Jainkoa da, ez gu. Orai hobeki ikusten dugu bi testo hauen arteko lokarria. Biek
mezu bera dute : Fedea behar dugu, ttipia bada ere. Horrekin Jainkoak mirakuluak egiten ditu