URTEKO 27. IGANDEA B (2015-10-04)

SARRERA

Senideok, urteko 27garren igandea ospatzen dugu gaur. Ezkontza eta, zehazkiago, dibortzioa da gaurko irakurgaien, lehenengoaren eta ebanjelioaren, gai nagusia.
Maitasunean, atseginean eta azkenik gabeko zorionean du zentzua ezkontzak. «Azkenik gabeko» hori azpimarratu behar da; izan ere, ezkontzak bere oinarri duen maitasunak mugagabeki handitzera jotzen du, betiko egiteraino. Maitasunari denboraren muga bat jartzea, maitasuna ukatzea da.
Benetan elkar maite duten ezkontideek beren zoriona eta familiarena betiko izatea nahi dute. Horrek bere kostua du, ordea: Kreatzaileak egiazko maitasunari ezarri dizkion legeak betetzea, eta suntsitu dezakeen guztia saihestea. Gauza bakar bat saihestea: egoismoa. Guztien gainetik bestearen ona jartzea da maitasuna. Guztien gainetik norberaren «ona» jartzea da egoismoa; norberaren «ona» komatxo artean eman dugu.
Jesusek proposatu duen ezkontza ezin hautsi izatea, ez da lege-kontua, baizik bizi eta maitasun kontua; maitasuna osoa eta erabatekoa izatea da kontua, zoriona orainaldian eta betikotasunean posible egitea: bihotzaren, espirituaren eta gorputzaren zoriona, bizitza honetan jada, ahal den neurrian.
Senideok, eska diezaiogun Jesusen Espirituari Jesusen ikusmoldea eman diezagun ezkontzaz eta maitasunaz.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (2,18-24)

Irakurgai honetan, Hasiera liburuaren kontakizuna entzungo dugu, gizonaren eta emakumearen kreazioaz. Kontuan izan behar dugu, testu hauek ez digutela kontatu nahi gauzak nola gertatu ziren; ez dira testu historikoak; gauzen zentzua eta balioa kontatu nahi digute; kasu honetan, zer den gizona eta zer den emakumea, eta zer nolako lotura dagoen bien artean.
Egia esan, zein garaitakoak diren kontuan harturik, mezua oso «modernoa» eta baikorra da; bai ordurako, bai askoz geroagorako ere. Lehen kapituluak gizonaren eta emakumearen parekotasuna azpimarratu du. Pentsa dezagun, hau idatzi zen garaiko kulturatan, emakumea animalien pareko-edo ematen zela; erabat gizonaren mendekotzat, inolako eskubiderik gabekotzat.
Gainera, «aita-amak uztea eta biak haragi izatea» dioenean, klan eta tribuarekin konparaturik bikoteak duen diferentzia markatzen du; klan edo tribuan, eskubideak gizonarenak ziren.
Israel herria, emakumeaz eta ezkontzaz duen ideian aurreratzen joan da. Eta bere gailurrera eramango du Jesusek balorazio hori.
Gogoan hausnartzekoa izango litzateke, zertaraino onartzen dugun gaur Jesusen ikusmoldea gizonaren eta emakumearen arteko erlazioaz, ez mihi-puntaz bakarrik, baizik praktikan. Biak parekotzat? Jakina, ezkondu direnei elkarri parekotasun hori aitortzen ez badiote, ez dira ezkondu benetan. Dena den, esan behar da ere, maite dutenen arteko harremanak ez dira bermatuak; askatasunez konkistatu beharrekoak dira, erantzukizunez jokatuz.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkiaz (2,9-11)

Santiagoren Gutuna irakurtzetik, Hebrearrei egindako idazkira pasatu gara.
Jasaten ari den zailtasunak direla eta, aski etsirik dagoen elkarte bati egindako idazkia da. Elkarte horri bihotz emateko, Jainkoak Kristogan agertu duen jokamoldea agertu du autoreak: Kristo ez da piztu, ez da goratu sufrimendurik gabe, baizik eta sufrimendutik pasatuz iritsi da aintzara.
Bestalde, agertu digu salbazioa ez dela guztiz ikusezina. Jesusengan agertu zaigula salbazioa. Jesus, sufritzea onartu duelako, aintzaz eta ohoreaz koroaturik ikusten dugu.
Hirugarren, gurekiko Jesus zein leial izan den ageri da. Gurekiko maitasunagatik sufritu du Jesusek: guri bidea irekitzeko. Horregatik, Jesus hori imitatzeko gonbita da guretzat: harekiko konfiantza izanez eta haren leialtasuna imitatuz. Haren bizitza eta heriotza etsenplu bikainak dira, maitasuna nola bizi jakiteko.

EBANGELIOA San Markosen liburutik (10,2-26)

Markosen Ebanjelioan, fariseuek dibortzioaz egin dioten galderari erantzun die Jesusek. Esan behar da, dibortzioa ontzat ematen zutela guztiek. Dibortzioa noiz eta zergatik eman: hori zen arazoa eta eztabaida. Gainera, gizonezkoak bakarrik eman zezaken dibortzioa.
Mateoren ebanjelioan esaten da: Zilegi al da gaitzestea… edozein arrazoirengatik? Fariseuek eztabaida horretan nahastu nahi dute Jesus. Baina honek, juduen arteko eztabaida hori alde batera utziz, arazoaren sustraira jo du. Moisesen legea, dibortzioa zilegitzat ematen zuen hura, zuen buru-gogorkeriagatik emana da. Baina Jainkoak gizona eta emakumea kreatzean, bien arteko erlazioa maitasunean oinarritu zuen. Eta maitasuna eta dibortzioa ezin uztartuak dira.
Esan behar da, egiazko maitasunaren giltza ez datzala bi pertsonen interesen oreka bilatzean. Egiazko maitasuna izateak, maite duzun pertsona gauza guztien gainetik jartzea esan nahi du, erabat eta betiko. Bestela, ez da maitasuna. Eta kasu horretan dibortzioa eskatzen eta ematen bada, ez da hausten ezkontza bat. Hori ez da ezkontza, maitasuna falta izan delako. Ezkontza beste gauza bat da: batak bestea egiaz maitatzea: mugarik gabe.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Erroman laster hasiko den Familiaren aldeko Sinodoaren alde: dokumentu handi bat egitera mugatu ez dadin, baizik kristau-herriaren arazoei erantzuten saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-. Gelditu gabe, beren herria eta lurraldea uzten ari den jendetza handiaren alde Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau ezkonduen alde: Jainkoak gizakiaz duen maitasunaren testigantza argi eta garbi ager dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia honetara etorri garenon alde: erritu hutsarekin gelditu ez gaitezen, baizik eta Kristo hil eta berpiztuaren misterioa benetan bizi dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.