URTEKO HOGEITA ZAZPIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Ezkontza nondik heldu den )

Etorki liburutik 2, 18-24

Hastean, Jainko Jaunak zeru-lurrak egin zituenean,
18 erran zuen:
“ Ez da on gizona bakarrik egotea.
Eginen diot berari dagokion laguna.”
19 Jainko Jaunak lurretik moldatu zituen
landetako abere eta zeruko hegazti guziak,
eta gizonari ereman ziozkan, zein izen emaiten zioten ikusteko.
Izaite bizidunak ziren, eta gizonak eman zion izen bat bakotxari.
20 Beraz, gizonak ezarri ziozkaten izenak
abere guzieri, zeruko hegazti guzieri, eta landetako abere guzieri.
Bainan ez zuen aurkitu berari zegokion lagunik.
21 Orduan, Jainko Jaunak igorri zion mixteriozko lo bat,
eta gizona lokartu zen.
Jainko Jaunak sahets-hezur bat kendu zion, eto gero hetsi.
22 Gizonari kendu zion sahets-hezurraz emaztea moldatu zuen,
eta gizonari ereman zion.
23 Gizonak erran zuen orduan:
“ Hau bai dela ene hezurren hezur, eta ene haragiaren haragi.
Hau “ emazte” deituko da.”
24 Horrengatik gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izanen dira.

Kondaira hau ez dugu haur batek bezala irakurtu behar, kasetari batek han gertatua ikusi eta
kondatu balu bezala. Ez da historia, bainan gogoetaldi bat : naturako gauza miresgarriak nuntik eta
nola ? Gizakiaren historia nola hasi zen ? Zergatik sofrikarioa eta heriotzea ? Eta beste.
Idazleak hola ikusten ditu gauzak, amets batean bezala, haurreri kondatzen den ixtorio eder
bat bezala, Jesusek kondatzen zituen parabolak bezala, gero hortik erakaspen bat ateratzeko. Ez dira
irudiak konda lehenik, bainan horietarik atera daitezkeen mezuak. Besteak beste hauek :
-Jainkoaren xedea gizakiaren zoriona da, Adam eta Eba baratze miragarri batean bezala.
-Sexualitatea ederra eta ona da, Jainkoaren xedean denaz geroz.
-Jainkoaren xedea ez da bat bestearen jabe izan daitezen, bainan berdintasuna, elkarrizketan.
Hebrearrez gizona “ix” erraiten da, eta emaztea “ixa”. Horrek erran lezake gai beretik moldatuak
direla, bainan doi bat desberdin, bakotxa bere nortasunean.

Salmoa 127

Leloa : Izan dezagun gau eta egun Jauna lagun!

Dohatsu bai zu, Jaunaren beldur bazaudena,
Haren bidetan zabiltzana.
Zure eskuen lanetik duzu jan edana,
Eskutan duzu zoriona.
Zure andrea mahats-ondo bat bezain jori,
Etxe xokoa bozten ari.
Zure semeak oliba-ondo gotor batzu,
Mahainean so dagozkitzu
Hara nolako zorionean dabilana
Jaunaren beldur den gizona.
Jainkoa lagun bizi zareno, izan urus,
Jerusaleme azkar ikus.

Salmo hau Jerusalemerat beilaz “igaiten” zelarik kantatzen zen; “igaiten”, zeren Jerusaleme
mendian baita. Emana den benedizionea lur huntakoa da. Bibliak lur huntako zorion hori goresten
du. Familiako zoriona Jainkoarenganik dator. “Zoriona” hitza, biblian, ainitz aldiz aurkitzen da.
Bainan zorion hori ez da errexki ardiesten, eta Jainkoaren hurbiltasuna adierazten du.
« Zorion » hebrear hitzean mugimendua ikus daiteke : bide onean zarete, segi hola. Judu
populuaren berezitasuna da goizik ohartu dela Jainkoak hurbildik segitzen duela bere egun
guzietako bizian, eta zorionaren bidean ezartzen. Entzun Jeremias : “…Gogoan dut zuen alde
erabakia dutan xedea, zuen zorionerakoa eta ez zuen zorigaitzerakoa, esperantzaz beteriko
etorkizuna emanen baitauzuet.”
“Hara nolako zorionean dabilan Jaunaren beldur den gizona…” Jaunaren beldur ? Ez.
“Jaunaren errespetu” konprenitu behar dugu, eta ez beldurrezko errespetua, bainan amodiozkoa.
Izraelek konprenitua zuen Jainkoa zenbat den gu baino gorago eta memento berean gutarik zein
hurbil. Haur ttipi baten iduriko behar dugu izan Jainkoaren aitzinean, Hartan ikusiz Aita bat
indartsua bezein amultsua. Fededun izaitea hori da.

Bigarren irakurgaia

( Jesus gure Salbatzailea eta gure haurridea )

Hebrearreri epixtolatik 2, 9-11

9 Jesus kasik aingeruak baino beherago emana izan zen,
eta orai ohorez eta aintzaz koronatua ikusten dugu,
bere pasionearen eta heriotzearengatik.
Hola, Jainkoaren onginahiaz jasan du heriotzea, guzien onetan.
10 Alabainan, ororen egile eta nagusi denak
seme ainitz nahi baitzituen bere aintzarat eremaiteko,
egoki zen bere bete-beterat ereman zezan oinazearen bidez
denen salbamenduaren egilea.
11 Alabainan, saindutzaile den Jesusek,
eta hunek saindutuek etorki bera dute denek;
horrengatik, ahalgerik gabe, bere haurride deitzen ditu.

« Jesus kasik aingeruak baino beherago emana izan zen, eta orai ohorez eta aintzaz koronatua
ikusten dugu »: idazleak salmo bat aipatzen du eta Jesuseri lotzen. Zortzigarren salmoa Jainkoaren
kreazioneari eta gizon-emazteari dagokion esker onezko salmoa da. « Jauna gure Jauna, zein miragarria
mundu osoan zure izena ! … Zeure eriez moldatu duzun ortzia, han zuk ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, zu hartaz oroitzeko? Zer jendea, zu hartaz arduratzeko ? Jainko baten heintsukoa egin duzu,
ohorez eta aintzaz koronatu; zeure eskulanen buru ezarri duzu, denak haren menpera bildu. » Salmo hau
idatzi duen fededunak ez zuen Nazareteko Jesus gogoan; Etorki liburua irakurriz, gizakiaren bokazionea
miresten zuen, Jainkoak kreazionearen buru egin baitu.
Kristo piztu ondoan, Hebrearreri epixtolaren idazleak, 8. salmoa irakurtzean, Jesus ikusten du.
Salmoak erraiten ez duena epixtolaren idazleak gehitzen du : Kristoren pasionea eta hiltzea : « orai ohorez
eta aintzaz koronatua ikusten dugu, bere pasionearen eta heriotzearengatik. » Kristoren kurutzea ez da
haren ospetik berexten ahal, eta gehiago dena ospearen bidea gurutzetik pasatzen da.
Kristoren eta gizon-emazteen arteko elkartasuna hain da haundia nun gizadiaren bidea hartu duen.
Kristo gizon-emazteen lagun egin da beren oinaze eta heriotzearen bidean, bere bide ospetsu eta bizi
emailerat eremaiteko. Kristoren « bete-betea » ez da oinazea, bainan jende guziekin duen lokarria,
oinazeraino. Hil da, denen salbatzeko, gizakiaren haurride baita. Testamendu Zaharreko jendeak lehenik
Jainkoaren urruntasuna zuen sumatu. Mendeak behar izan ditu –Jainkoak berak argiturik- ohartzeko Jainkoa
hurbil zuela, hain hurbil nun gizon egin baita. Jesus “sendatzaile » dela erraitea (11. bertseta) Jesus Jainko
dela aitortzea da. Horra hor Testamendu Berriaren berezitasuna : Jesus, Jainko saindutzaile da eta gizon da,
gure etorki berekoa. Odol bera dugu gure zainetan. Jainkoa eta gizadiaren arteko leizea betikotz betea da:
hori da deitzen Salbamendua.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Maitasunean dagona, Jainkoa baitan dago:
Maitasuna da Jainkoa.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 2-16

2 Farisau batzu hurbildu zitzaizkion Jesusi,
eta hutsean atzeman nahiz, galdegin zioten:
“ Zilegi ote zaio senarrari emaztearen uztea ?”
3 Jesusek erran zioten:
“ Zer manatu dautzue Moisek?”
4 Heiek ihardetsi:
“ Moisek, dibortzio-ageria izkiriatu
eta emaztea uzteko baimena eman zuen.”
5 Jesusek erran zioten:
“ Zuen bihotz-gogorkeriarengatik eman zauzuen Moisek lege hori.
6 Bainan, munduaren hastetik, Jainkoak gizon eta emazte egin zituen.
7 Horrengatik, gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izanen dira.
8 Hola ez dira gehiago biga, bat baizik.
9 Beraz, Jainkoak bateratu duena, ez beza gizakiak berex.”
10 Gero, etxean, dizipuluak berriz galdeka ari zitzaizkion hortaz:
11 Jesusek erran zioten:
“ Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak
adulterioa egiten du lehenaren kontra.
12 Bere senarra utzi eta beste batekin ezkontzen den emazteak
adulterioa egiten du.”
13 Haurrak ekarri ziozkaten Jesusi, hunki zitzan;
bainan dizipuluek larderiatzen zituzten.
14 Hori ikustean, Jesus haserretu zen, eta erran zioten:
“ Utz haurrak nereganat etortzera, ez debeka,
holakoena baita Jainkoaren erreinua.
15 Egiaz diozuet: Jainkoaren erreinua haurrak bezala hartzen ez duena
ez da han sartuko.”
16 Haurrak besarkatzen zituen, eta benedikatzen ,
eskuak gainean ezarriz.

« Zilegi ote zaio senarrari emaztearen uztea? »
Jesusek : « Zer manatu dautzue Moisek »? Egia erran, Moisek ez du deusik manatu. Zinai
mendiko legeek ez dute dibortzioa aipatzen eta Testamendu Zaharrean ez da lerro bat ere
ezkontzako legeari buruz. Aurkitzen den pasarte bakarra, eta hori dute farisauek gogoan,
Deuteronomioako liburuan idatzia da : gizon dibortziatu batek ez du berriz bere emaztea hartzen
ahal. Dibortzioa bazela aitortzen du beraz. Erranaldi hori hola hasten da: « Eman dezagun norbait
emazte batekin ezkontzen dela; bainan gero emazteari zerbait aurkitzen diola atsegin ez zaiona;
orduan, dibortzio-agiria idatzi, emazteari eman eta igortzen duela etxetik… » (Dt 24,1) Ez da
hemen ez manurik, ez baimenik, ez dibortzio baldintzarik; da, den bezalako egoera bat. Dibortzioa
bazen eta dibortzio-ageria erabiltzen zen. Hau izan ditake Jesuseri hedatu zioten zepoa : Jesusek
ongi ezagutzen ote du Legea ala ez, ikus ?
Bainan Jesus ez da hortan sartzen. Bere erantzuna, Jainkoaren xedean ezartzen du :
« Munduaren hastetik, Jainkoak gizon eta emazte egin zituen. » Ez dezagun ahantz Hasiera
Liburua ez dela gizon edo emazte batez mintzo, bainan gizadi osoaz. Lehen irakurgaiak gauza bera
du erraiten: « Ez da on gizona bakarrik egotea ». Ez da ezkongabeaz mintzo, bainan gizadia bere
bikoiztasunean dela osoa, gizon eta emazte. Eta Jesusek berriz: « Jainkoak bateratu duena, ez beza
gizakiak berex. » Jainkoak batasunean sortu duena, ez dezala gizakiak berex… Elkarrizketa hortan
da ( urruntasuna eta hurbiltasuna), gizadia Jainkoaren iduriko. Hasierako erranaldia arras
gogoetagarria da eta Jesusen solaskideek bertsu osoa gogoz bazakiten: « Jainkoak beraz bere
iduriko kreatu zuen jendea, Jainkoaren idurira kreatu zuen: ar eta eme kreatu zituen. » Jainkoaren
idurikoa, bikotea da.
Jainkoaren xedearen barne barnean gira hemen : senarra ez da bere emaztearen jabe.
Farisauen eta orduko jendearen gogoan emaztea gauza guti zen; hartu eta uzten ahal zena. Matiuren
ebanjelioak dio dizipuluek orduan erran zutela: « Hori bada ezkontza, ez da interesgarri ». Jesusek
Jainkoaren misterio eta xedearen neurrira altxatzen du; heiek beren errealitatean dagotzi. Senaremazteen bizia ez da beti errexa; dibortziorik ez litaike errexa balitz. Jainkoaren misteriorat
heltzeko, Jainkoaren graziaren beharretan gaude. Haren graziaz baizik ez gira Jainkoaren
amodioaren misterioan sartzen. Gure indar bakarrek, Jesusek « bihotz-gogorkeriak » deitzen
dituenek, ez gaituzte Jainkoaren ganat eremaiten. Hori du Legeak kondutan hartu. Jesusek
Farisaueri diolarik: « zuen bihotz-gogorkeriarengatik eman zuen Moisek lege hori », erran nahi du
Legea epe bat dela Jainkoaren erakasteko maneran. Jainkoaren erreinuan izanen girelarik, lege
bakar bat baizik ez dugu ezagutuko, maitasunarena.