APARTATU AURRETIK Marcos 10,2-16
Urteko 27. igandea B 2021-10-03

Gaur egun gero eta gutxiago entzuten da leialtasunaz hitz egiten. Aski da hizketaldi batzuei erreparatzea, ingurumen oso desberdin bat egiaztatzeko: «Nork bere kontura egin dugu oporraldia», «senarrak amodio-kontu bat izan zuen, asko kostatu zitzaidan onartzea, baina zer egiten ahal nuen?», «senarrarekin bakarrik aspertu egiten bainaiz».

Bikote batzuek uste izaten dute maitasuna zerbait berezkoa dela. Erne eta bizirik jarraitzen badu, dena ondo joaten da. Epeltzen eta ezkutatzen bada, jasanezin bilakatzen da elkar bizitza. Orduan, gauzarik hobena, «era zibilizatuan» apartatzea izaten da.

Guztiek ez dute horrela erreakzionatzen. Badira konturatzen direnak, jadanik ez dutela elkar maite, baina elkarrekin jarraitzen dute, hori zergatik egiten duten argiro jakin gabe. Hau izaten dute galdera bakarra, egoera horri noiz arte eutsi ahal izango dioten. Badira beren ezkontza-bizitzatik kanpo maitasun bat aurkitu dutenak ere, eta harreman berri horrek hartaraino erakartzen ditu, ez baitiote uko egin nahi. Ez dute galdu nahi, ez beren ezkontza-bizitza, ez ezkontzaz kanpoko maitasuna.

Asko izaten dira egoerak eta, sarritan, kasu asko oso mingarriak. Bazter utzi izanaz eta umilazioaz isilean negar egiten duten emakumeak. Eraman ezineko beren harremanetan asperturik bizi diren senar-emazteak. Haurrak triste, beren gurasoen maitasun-ezaz sufritzen.

Ezkontza-bikote hauek ez dute izaten «errezeta» beharrik beren egoeratik irteteko. Oso erraza izango litzateke hori. Eskaintzen ahal diegun lehenengo gauza errespetua da, modu diskretuan entzutea, arnasa ematea bizi ahal daitezen eta, agian, norabide-hitz argigarri bat. Alabaina, egoki gerta daiteke, beti egin behar izaten diren oinarrizko urrats batzuk gogoraraztea,

Lehenengo gauza, elkarrizketari uko ez egitea. Agerian ipini behar dira harremanak. Egiatasunez, agerian ipini behar da bakoitzak sentitzen eta bizi duena. Saiatu ulertzen zer dagoen kukuturik ondoez hazkor horren pean. Agerian ipini zer ez dabilen ondo. Izena ezarri batak besteari egindako hainbat bidegabekeriari, batere azaldu eta bereizi gabe metatuz joan izan direnei.

Baina ez da aski elkarrizketa. Krisialdi batzuk ez dira konpontzen eskuzabaltasunik eta jarrera jatorrik gabe. Bakoitza egoismo-jarrera ziztrin eta itxi batean hesitzen bada, gatazka larriagotu egingo da, animoa sutu eta egun batean maitasun izan zena ezkutuko gorroto eta bata bestearen aurkako oldarkortasun bihurtuko.

Gogoan izan behar da, orobat, maitasuna bizitza arruntean bizi ohi dela eta egunerokoa errepikatzearen errepikatzean. Elkarrekin bizi izandako egun bakoitzak, partekatutako poz eta sufrimenduak, bikote bezala bizi izandako problema bakoitzak: horrek guztiak ematen dio trinkotasuna maitasunari. Jesusen hitzak: «Jainkoak lotua ez dezala eten gizakiak», bere eskakizunak ditu hausturara iritsi baino askoz lehenagotik; izan ere, ezkontza-bikoteak pixkana-pixkana joan ohi dira apartatuz, eguneroko bizitzan.

Jose Antonio Pagola