URTEKO 26. IGANDEA C (2016-09-25)

SARRERA

Jainkoa aitortzera etortzen gara Mezara. Jainkoa dela mundu osoaren Jauna. Jainkoa dela Jaun bakarra. Gizakiak ez duela inolako jauntasunik, ez beste gizaki baten gain, ez naturagan, ez ezerengan.
Jainkoa aitortu. Jainkoa goratu. Jainkoari eskerrak eman. Jainkoari barkazioa eskatu…
Eta Jainkoa aitortuz, gizakia aintzat hartu, lagun hurkoa beste «ni» bat bezala hartu. Lagun hurkoaren, naturaren eta mundu osoaren Jaun bakarra Jainkoa dela aitortu, eta ez gizakia. Hori adierazi nahi digu gaurko ebanjelioak: Atarian goseak bizi den Lazaro pobreaz aberatsa ez dela arduratzen salatzen du; eta horrela, aberatsak bere burua bere aberastasunen jaun eta jabe bakartzat hartzen duela, Jainkoa baztertuz. Amos profetak, berriz, lehen irakurgaian garbi esaten digu: ezin dira aparte hartu kultua eta eguneroko bizitza.
Salmogilearekin batean, esan dezagun: «Ene arima, goratu ezazu Jainkoa». Gorespen horrek eragin diezagula gizon-emakume guztiak elkarrekikoago egitera.

LEHEN IRAKURGAIA Amos profetaren liburutik (6,1a.4-7)

Joan den igandean bezala, lehenengo irakurgai hau Amos profetarena dugu. Amos eskandalizatu egin da Samariako aberatsen jokabidea ikustean. Ezin erosoago bizi dira. Ezin ardura gabeago hondatzen dituzte gauzak. Bitartean, jenderik gehiena miserian bizi da. Amosek esaten die aberatsei, hori eginez Jaunaren tokia hartu nahi izan dutela; Jaunarenak diren gauzak berenak balituzte bezala bizi direla. Horrek guztiak ekarriko diela zigor bat. Izatez, Amosek hitz egin eta urte batzuetara, erbestera eramango dituzte asiriarrek.
Amosek argi eta garbi esan die: kultua eta eguneroko bizitza ezin direla aparte hartu. Jainkoari ezin zaiola kultua eskaini eguneroko bizitzan lagun hurkoa kontuan hartzen ez bada.
Arazoa, senideok, gauza guztietan Jainkoa kontuan hartzea da, eta, Jainkoa kontuan hartuz, lagun hurkoarekin anai-arreba bezala bizitzea: «isur dadila zuzenbidea ura bezala, eta zuzentasuna betiko ibaia bezala».

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako lehen gutunetik (6,11-16)

Zein bertute landu esaten dio gutun honen egileak Timoteori. Bertute batzuk Jainkoarekikoak dira, beste batzuk lagun hurkoarekikoak. Adibidez, fedea, maitasuna, pazientzia, iraupena, esperantza.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (16,19-31)

Joan den igandean, aita onaren eta bi semeen parabolaren bidez, Jainkoak nola maite gaituen agertu zigun Lukasen ebanjelioak. Gaurko parabola honek guk maitasun horri nola erantzun adierazten digu.
Aberatsek gizakiaren harrokeria agertzen dute: «neu naiz jaun eta jabe» esaten du aberatsak bere baitan. Pobreari uko egitean, Jainkoari dio uko egiten. Jainkoaren jauntasuna bere egiten du aberatsak.
Bi pertsonaia kontrajartzen ditu Lukas ebanjelariak gaurko honetan: aberatsa eta Lazaro pobrea. Aberatsa egun guztian bizi da luxuan eta lasaikerian. Pobrea, berriz, goseak amorratzen. Baina biak hiltzen dira; orduan, bien zoria alderantzizkoa da: pobrea zoriontsu, aberatsa oinazetan.
Baina beste pertsonaia bat ere ageri da: Abraham aita. Interesgarria da bukaerako baieztapen hau: zuen artean duzuen Jainkoaren Hitza sinesten ez baduzue, hildako bat pizturik ere ez duzue sinetsiko. Ez dugu zertan egon mirarien zain; hor dugu Jesus bera eta Jesusen hitza.
Baina hau da parabolaren muina. Esan dezagun Epulon aberatsak ez duela erremediorik, nahiz eta ez den hori parabolaren mezua. Beste hau da parabolaren mezua eta muina: Epulon horrek baditu bost anaia, eta horien biziera aldaraztea da kontua. Azken batean, munduan bizi garenon biziera aldaraztea; mirari baten zain egon gabe; Lazaro pobreagan Jainkoa ari zaigula kontuan hartuz. Hitz batean, mundu honetako pobreak ditugu ebanjelizatzaile.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduko pobreen alde: beren pobretasunetik irteteko bidea nork erakutsia izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduko pobre guztien alde: aberatsei beren harrokeria ikusarazteko ausardia eta jakinduria izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Herri-agintarien alde: legeak eratu eta egitean, zuzentasuna buruan eta errukia bihotzean izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Munduko aberastasunen erdia bere esku duen munduko gizon-emakume guztien ehuneko batak, begiak zabaldu eta pobreengan Jainkoaren mezua ikus dezan. Eska diezaiogun Jaunari.