URTEKO HOGEITA SEIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Aberatsen urguluzko xahupideen kontra )

Amoz profetaren liburutik 6 , 1a . 4-7

1 Dohakabeak Jerusalemen gozoki bizi direnak,
eta beren ustez gerizan direnak Zamariako mendian .
4 Marfilezko ohetan luze eta nagi etzanik,
artaldeko bildots hoberenak
eta barrukiko aratxe gizenenak jaten dituzte.
5 Kitarra soinuarekin, bertsu kantari,
Dabidek bezala, doinu berriak asmatzen dituzte.
6 Arnoa untzi handietan edaten dute,
eta usain on hoberenez gantzutzen dira,
bainan ez dute axolarik Izraelen hondamendiaz.
7 Horrengatik atzerrirat eremanen dituzte,
desterratu guzien aitzinetik,
eta akabo mozkor-ondo horien besta!

Biblian, Amoz da profetetan lehen idazlea edo bertzela erraiteko, haren liburua da lehenik
eskuratu dena. Aintzineko profeta famatuetaz, Eli, Elizeo, edo Natan… lekukotasunak baditugu ,
bainan ez heien predikurik.
780-750 J.K.aintzin egin zituen bere predikuak eta erran jendeek entzun nahi ez zituztenak,
kanporatua izan baitzen erregeari salatua izanik. Juda erresumakoa zen, Zamaria erresuman
predikari. Joan den astean irakurri dugu haren prediku bat jende batzu nola aberasten ziren pobreen
bizkar. Egungo irakurgaietik ikusten da nolako handikerian bizi ziren Zamariako aldetan : ”
Marfilezko ohetan luze eta nagi etzanik, artaldeko bildots hoberenak eta barrukiko aratxe
gizenenak jaten dituzte. Kitarra soinuarekin, bertsu kantari…usain hoberenez gantzutzen dira…ez
dute axolarik Izraelen hondamendiaz… ” Ostrukaren politika, ororen buru. Mehatxu ikaragarri bat
hurbiltzen ari dela, buruzagiek ez dute entzun nahi : ” Ez dute axolarik Izraelen hondamendiaz. ”
Historiak erakusten dauku nola ohargabekeria hori harrotua izan zen : ” Atzerrirat eremanen
dituzte, desterratu guzien aitzinetik, eta akabo mozkor-ondo horien besta ! ” Eta egiazki hola
gertatu zen. Profeta ez zuten entzun, eta gehiago dena kanporatu zuten, bainan harek errana gertatu.
Beraz, Amoz aberatseri eta haundikieri da mintzo : “Dohakabeak beren ustez gerizan direnak
Zamariako mendian”. Erran nahi baita: ongi zirezte, goxotasunean, aiseria eta
aberastasunean…bainan nik zuen ohargabekeria ez dut onartzen eta kexatzen naiz. Kexatzen naiz
zeren ez duzuen deus ulertu: hurbiltzen den zirimola ez ikusteko beren estalgien azpian emaiten
direnen idurikoak zirezte. Zirimola zuen lurreratzea izanen da, urte batzu barne, Aziriarrek
lehertzea, zuetarik ainitzen hiltzea edo ezbesteratzea… Bai kexu naiz.
“Dohakabeak ustez gerizan direnak Zamariako mendian “. Bainan nun da gaizkia ?
Segurtasuna joankor diren gauzetan ezartzea da gaizkia: aberastasuna, kartsutasunaren itxurak…
Beren merezimendua goraipatzen dute, ustez berena den, ahantziz Jainkoaren ganik direla denak.
Izraelen segurtasun bakarra, Elkargoari leial izaitea da. Zamarian aldiz, ustelkeria da: Jainkoari egin
opariak mozkor bide itzultzen dituzte… zeren Amozek aipatzen dituen janaldiak, opari ondokoak,
apairu sakratuak baitzitezkeen. Bainan orain, apairu horiek sakrileio dira ezen ez dute deus
ikustekorik Elkargoarekin.
Amozen logika, profeta guzien logika, hau da: jendeen eta gizarteen zoriona Jainkoarekin egin den
Elkargoan dago, eta leialtasun horrek sozial mailako zuzenbidea eta konfiantxa Jainkoa baitan
ezartzea du izena. Bide hortarik urruntzen dena, goiz edo berant, galdua da.
Judatik heldu zen Amoz deitu profeta horrek, begia zorrotz zukeen Iparaldeko ahultasunen
ikusteko. Egia erran, Hegoaldean ez ziren holako ospean bizi eta lehengo Izraelen bizi moldeari
atxikiak ziren. Iparraldean aldiz, Jeroboamen erresuma dirdiratsua zen. Gizartea aldatzen ari zen eta
hastapeneko helburutik urruntzen. Hastapenean, Legeak elgarrren arteko berdintasuna manatzen
zuen eta lurraren partekatze berdinak eginarazten. Bainan jauregi ezin ederragoak egin ziren
Zamarian, bertzeen gain eraikiak; aberastu zirenak, salerosketan adibidez, jabe xumeak laster
kanporatzen zituzten beren lurrak eskuratzeko eta batzuetan pobreak esklabo bilakatzen ziren.
Arkeologiak xehetasun interesgarriak ekartzen ditu: hamargarren mendean, etxe guziak
berdinak ziren eta bizi molde berdinak erakusten dituzte; zortzigarren mendean aldiz, auzune
aberatsak eta auzune pobreak arras desberdinak dira. Akabo Izraelen helburu eder hura, Lur
Sainduaren ametsa, desberdintasunik gabeko gizartea! Lur Sainduaren Ametsari nahi badugu leial
izan, irakur dezagun Amoz profetaren predikua.

Salmoa 145

Leloa: Nahi nitzaio Jainkoari bizi naizeno kantuz ari.

Bertzek joentzat Jauna zuzen,
Harek betiko ditu zaintzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio: Jeiki.
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite,
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere:
Gure Jauna Jaun mendez mende.

Hiru bertsu hauek Jaunaren bihotz samurra goraipatzen dute: joak, gosetuak, gakotuak, itsuak,
lehertuak, urrun joanak, umexurtx eta alargunak laguntzen ditu Jainkoak. Hots, jendek apaltzen eta
arbuiatzen dituztenak. Izraeldarrek badakite zertaz ari diren: horiek denak ezagutzen dituzte. Izrael
populuak salmo hau kantatzen duelarik, bere historia du aipatzen eta Jainkoa eskertzen bere geriza
izan duelakotz beti. Populuak badaki zer izan den zapaketa Egipton, zapaketa Babilonian eta
Jainkoa beti laguntzaile agertu zaio. Salmo hau Babiloniako desterrutik landa idatzia izan da, tenplo
berria estreinatzeko.
Tenploa Nabukodonozor Babiloniako erregearen soldadoek sunstitu zuten 587an J.K. aintzin.
Berrogoi ta hamar urteren buruan, Zirus, Persiako erregeak Babilonia garaitu zuen, eta Babilonian
esklabo ziren Judueri Jerusalemerat itzultzeko eta tenploa berritz eraikitzeko baimena eman zioten.
Tenplo eraiki berriaren eskaintza alaitasunean eta kartsutasunean egin zen.
Salmo hau zorionez betea da. Berriz ere, Jainkoak bere leialtasuna erakutsi du: bere populua
libratu du, haren hurbilekoa agertu da, haren mendekatzailea, “eroslea”, Bibliak dion bezala.
Izraelek bere historia irakurtzen duelarik, Jainkoa beti lagun izan dela aitortzen ahal du: « Jaunak
betiko baitu zaintzen, bertzek joentzat hura zuzen. »
Izrael gose izan da, basamortuan, eta Jainkoak mana igorri zuen, bai eta kailak : « gosetueri
harek ogi ». Polliki polliki Jainkoa beti gakotuak libratzeko, itsuak sendatzeko, apalduak xutik
emaiteko ari dela ulertu du Izraelek. Jainkoa Jainko da, lehen eta betiere. Izraelen otoitza beti
geroari buruz itzulia da; iragana aipatzen du itxaropena azkartzeko.

Bigarren irakurgaia

( Kristoren baitako fedeaz bizi )

Jondoni Paulok Timoteori 6 , 11-16

11 Zuk, Jainkoaren gizona zirenak, bila zuzentasuna,
kartsutasuna, fedea, maitasuna, iraupena eta eztitasuna.
12 Borroka zaite fedearen borroka onean,
eta ardietsiko duzu betiereko bizia;
hartarako deitua izan baitzira,
hartarako egin baituzu fede-aitormen ederra,
lekuko askoren aitzinean.
13 Gauza guziak biziarazten dituen Jainkoaren aitzinean,
eta Pontzio Pilatoren auzitegian aitormen ederra egin zuen
Jesu Kristoren aitzinean manatzen dautzut:
14 begira zazu manamendua garbirik
eta nehori deus erraitekorik eman gabe
Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte,
15 bere tenorean agerraraziko baitu Jainkoak.
Hau da Nagusi bakar eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna.
16 Bera bakarrik da ezilkorra
eta ezin hurbilduzko argitan bizi dena:
nehork ez du ikusi, ez eta ikusten ahal.
Hari aintza eta nagusitasuna betiko. Amen

Ez da bilduma egokiagorik giristino biziaz eta fedeaz. Zertaz mintzo da Jondoni Paulo ? Efeso
hirian Timoteoren eliz-elkartean zailtasunak bazitazken : ” Borroka zaite fedearen borroka onean.”
Paulo jadanik mintzatu da fedearen borrokaz : “Horra zure gain uzten dudan manamendua, Timoteo
ene haurra, zutaz lehen eginak izan diren profezien arabera, hauek sustaturik gudu ona guduka
dezazun, fede ta kontzientzia onaren jabe. Zenbaitek arbuiatu dute hori eta fedea hondatu zaiote. ”
(Tm 1, 18-19) Borrokatu behar da beraz fedea erraiteko eta erakusteko. Oren latza izanagatik,
araberako hitzak erabiltzen ditu Paulok bere gutunean: elkarte berri eta gazte horren bataioari zor
dion leialtasunaz du axola.
Egungo irakurgaiaren arabera arrisku huntarik urrundu behar da : erakaspen faltsuak. Iduri du
zailtasun haundiak bazirela. Beha: “Timoteo, zaintzeko emana zaizuna begira ezazu. Ele huts
profanetarik eta gezurrezko jakitatearen kitziketarik aldara zaite. Hortan ari diren zenbait fedetik
urrundu dira.” ( 1Tm 6, 20-21) Eta gutun berean aintzinxago: “Norbaitek besterik irakasten badu,
eta Jesu Kristo gure Jaunaren hitz sendoak eta jainkozaletasunaren araberako irakaspena onesten
ez baditu, hura urguluz hantua da, deusik ez daki, ikerketen eta ele-meleen gaitza du.”( 1Tm 6, 3-4)
Gutun hastapenetik agertu zen zailtasun hori, eta Paulok Efeson egoiteko manatu zion Timoteori:
“Efeson egon zintezen otoiztu zintudan zenbaiti manatzeko ez dezaten bestelako irakaspenik eman,
ez eta kasurik egin ipuin eta azkengabeko askazi zerrenda batzuri: horiek eztabadetara deramate,
eta ez fedean Jainkoaren xedera” (1 Tm 1, 3-4)
Timoteok bere bataioari lotua egon behar du. Bi aldiz lerro bera ez du ustegabetarik erabili.
Timoteoz erraiten du : ” Hortarako egin baituzu fede-aitormen ederra lekuko askoren aintzinean ” :
Timoteoren bataoia gogoratzen du. Jondoni Pauloren denboran, bataioak elkarte guziaren aintzinean
egiten ziren eta fedearen aitormena garrantzitsua zen. Jesu Kristo aipatuz, Jondoni Paulok lerro ber
bera erraiten du : ” Jesusek Pontzio Pilatoren auzitegian aitormen ederra egin zuen “, erran nahi
baitu : Jesusen lekukotasunean hartuko duzu zuk ere behar duzun indarra zure lekukotasuna
emaiteko. Zure bataioko aitormenaren erroa Jesu Kristok bere aitari eman aitormenean aurkituko
duzu.
Bataioan eman aitormena bat da, orai gai izan behar da egun oroz errepikatzeko. Jondoni
Paulok ainizten ditu bere gomendioak : ” Borroka zaite fedearen borroka onean, eta ardietsiko duzu
betiereko bizia ; hartarako deitua izan baitzira, hartarako egin baituzu fede-aitormen ederra ,
lekuko askoren aintzinean. ” Fedea, maitasuna, iraupena, eztitasuna, dira borroka horren armak ;
egiazki borroka bitxia, arma nagusia eztitasuna izanagatik. Jondoni Pauloren arabera, fedearen
egiazko borrokak ez du deus ikustekorik erlisione-gerlekin : maitasunean, goxotasunean, iraupenean
bizi behar da. Frangotan ahantzi dugu hori… alabainan, erlisione guzien historiak aski garbi
erakusten dauku gerla horiek nehoiz ez dutela jende bakar bat bihozberritu.
Bururatzeko, zoin den gogoan atxiki behar dugun helburua, Jondoni Paulok hirutan
errepikatzen du gutun huntan. Jadanik ohartu gira haren gogoetak beti etorkizunari beha direla.
Etorkizun hori, betiereko bizia, Jesu Kristoren agertzea da : “Begira zazu manamendua garbirik eta
nehori deus erraitekorik eman gabe Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte, bere tenorean
agerraraziko baitu Jainkoak .”
Jondoni Paulok fedearen aitormen bat bezala bururatzen du bere gutuna, eta Timoteok ez du
bertzela egin behar, borrokatuz bainan eztitasunean, iraupena eta kartsutasuna dituela bere lagunak.
Jainkoa da ” Nagusi bakar eta zoriontsua, erregeen Erregea eta jaunen Jauna. Hura bakarrik da
ezilkorra eta ezin hurbilduzko argitan bizi dena : nehork ez du ikusi ez eta eta ikusten ahal. ”
Jainkoa Bertzelakoa da ; nehor ez da hartaz jabetzen ahal eta nehork ez du erraiten ahal ezagutzen
duela (erakasle faltsuek dioten bezala).
Azken lerro hauek miragarriak dira. Testamendu Zaharrean aipatzen den lema bat da :
Jainkoaren haraindikotasuna : Jainkoa ez da gure menean, bainan gutaz hurbil da. ” Jesu Kristo…
bere tenorean agerraraziko baitu Jainkoak. ”

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jesu Kristo, aberats zelarik, egin zen behartsu,
bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 16 , 19-31

Jesusek erran zuen parabola hau:
9 ” Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jaunzten zena
eta egun guziz bazkari ederrik egiten zuena.
20 Lazaro izeneko eskale bat
haren ate ondoan etzanik egoiten zen, zauriz estalia.
21 Nahiko zuen aberatsaren mahainetik erortzen zenaz ase;
zakurrak, bai, etortzen zitzaizkion zaurien milikatzera.
22 Hil zen behartsua, eta aingeruek Abrahamen ondorat ereman zuten.
Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten.
23 Hilen egoitzan oinazetan zagola,
begiak altxatu eta Abraham ikusi zuen urrunetik,
eta Lazaro haren ondoan.
24 Orduan oihu egin zion:
‘ Aita Abraham, urrikal zakizkit!
Igor zazu Lazaro bere erhiaren muturra urean busti
eta nere mihiaren freskatzera,
oinaze gorritan bainago sugar huntan.’
25 Abrahamek ihardetsi zion:
‘ Seme, orroit zaite zoriona izan zinuela bizian;
Lazarok, aldiz, zorigaitza.
Orai harek kontsolamendua aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
26 Gainera, leize handi bat ezarria izan da zuen eta gure artean,
hemendik zuenganat joan nahi luketenek ere ezin dezaten,
ez eta hortik gureganat ere.’
27 Aberatsak berriz:
‘ Orduan, aita, igor zazu, otoi, Lazaro gure aitaren etxerat.
28 Bost anaia baditut: ezar ditzala jakinaren gainean,
heiek ere oinaze-toki huntarat etor ez daitezen.’
29 Abrahamek erran zion:
‘ Hor dituzte Mois eta profetak: entzun ditzatela.’
30 Harek berriz:
‘ Ez, aita Abraham, hiletarik norbait joaiten bazaiote,
bihozberrituko dira.’
31 Abrahamek ihardetsi zion:
‘ Mois eta profetak ez badituzte entzuten,
norbait hiletarik pizturik ere, ez dute sinetsiko.’ “

“Norbait hiletarik pizturik ere, ez dute sinetsiko.” Azken lerro hau, Jesusen ahoan, ikaragarria
bilakatzen da: bere buruari pentsatzen ote du erranez: “norbait hiletarik pizturik ere…”? San Lukek
bere ebanjelioa idazten duelarik, arras ongi badaki Kristoren hiltzeak ez dituela denak bihozberritu;
batzuetan bihotzidortu ditu.
Egungo testoan, zer dakigu aberats hortaz? Deus haundirik; ez du izenik; ez du iduri gaixtoa
dela, zeren hil eta gero, bere haurrideak baititu gogoan eta ifernutik salbatu nahi. Bere munduan,
lasai, ” marfilezko dorrean” erraiten den bezala, bizi da. Eta hain da bere dorrean, nun ez duen
ikusten bere etxeko atean, hezur eta larru den eskalea!
Eskale hunek, izena badu : “Lazaro”, erran nahi baitu: “Jainkoa lagun”. Jainkoak laguntzen du,
ez, dituen bertuteengatik – hortaz deus ez dakigu- bainan pobrea delakotz, bertzerik ez. Hau da,
segurki, lehen ustegabea Jesusen entzuleentzat. Ixtorio hau arras ezagutua zen; Egiptotik etorri ipuin
bat zen, eta ipuin huntan aberatsaren bekatuak eta pobrearen bertuteak ziren aipatuak eta
errepikatuak: hil ondoan, bien merezimenduak pisatuak ziren, baten ongiak eta bertzearen gaizkiak.
Ipuin horrekin, nehor ez zen desarreñatua: ongia egin zuena, aberats edo pobre, saristatua zen;
gaizkia egin zuena, aberats edo pobre, zigortua. Bakotxa bere lekuan, eta kitto.
Jesus aintzin, ixtorio berdintsu bat kondatzen zuten erakasleek, hura ere Egiptotik etorria.
Pisuak aipatzen zituen harek ere, baten eta bertzearen merezimenduak neurtuak ziren eta zuzen den
bezala, kartsua ateratzen zen hoberena. Jesusek aldatzen du ikusmolde hori; ez ditu merezimendu
eta egintza onen konduak egiten eta nihun ez da errana Lazaro gizon zuzena zela, eta aberatsa
deusetako norbait. Jesusek soilki ikusten du aberatsa aberats egon dela bere bizi guzian, eta pobrea
pobre, ate aintzinean: ezazolkeria edo itsutasuna izan zen pobrea eta aberatsaren artean, hunek ez
baitzuen bere atea ideki nahi.
Bertze xehetasun bat bada Jesusek kondatu ixtorioan: ez da arras egia deus ez dakigula aberats
hortaz. Nola beztitua zen badakigu: “purpuraz eta liho finez jaunzten zena” dio testoak. Purpura zen
hastapenean, erregeen jauntzien kolorea eta apez nagusien kolorea bilakatu zen, hauek munduaren
erregea zerbitzatzeagatik; lihoa apez nagusiaren jauntzien oihala zen. Beraz, Jesusek horiek
aipatzen dituelarik, nahi lituzke, menturaz, entzuleen begiak ideki; zinez, kartsuak dira bainan
menturaz ezazolkeriaz beteak. Jesusen mezua liteke: “apez nagusi ala ez, zuen haurrideak ez apaldu.
Ez zintezkete Abrahamen semeak.”
Ohartu: irakurgai huntan Abrahamen izena zazpi aldiz errana da; testo hunen gako bat liteke.
Jesusen galde berezia da: “Nor da egiazki Abramen seme?” eta haren erantzuna da: “Ez badituzue
Legea eta Profetak entzuten, zuen haurrideen atsegabeaz ez baduzue axolarik, ez zirezte Abrahamen
semeak.”
Eta Jesusek segitzen du: pobreak gogotik janen zituen aberatsaren porroxkak, bainan zakurrak
zituen ondotik bere zauriak milikatzeko. Zakurrak animale lohiak ziren. Beraz, aberatsak ideki balu
bere atea, gaitzitua izan zitekeen ikusiz gizon hori zakurrak milikatua eta ihes egin zezakeen.
Jesusen erakaspena hau da: Merezimenduak dira zuentzat garrantzitsuak, kasu egiten duzue garbi
izaiteari, Abrahamen ondokoak izaiteaz loriatzen zarete… bainan beharrena ahanzten duzue.
Beharrena Legeak eta Profetek dute errana, eta hor hautu haundia da. Legea, Profetek errana,
Ebanjelioa: guri da heien entzutea eta biziaraztea.