Urteko 26. igandea C 2016-09-25
HOMILIA

Anai-arrebok!

Joan den igandean, aita onaren eta bi semeen parabolarekin, Jainkoak nola maite gaituen agertu zigun ebanjelioak. Gaurko ebanjelioak, berriz, Jainkoaren maitasun horri nola erantzuten ari garen agertzen digu. Eta nola erantzun beharko geniokeen.

Nola ari gara erantzuten Jainkoaren maitasunari? Hona estatistikek agertzen diguten datu bat, ikaragarria benetan. Begira: munduan 7 mila milioi gizon-emakumetik gora bizi gara. Kopuru horretako %1 gure lur honetan diren ondasun guztien erdiaren jabe da. %99k adina ondasun %1ek. Kontuan hartzekoa izango litzateke %99 horren baitan ere alde izugarriak daudela; hau da, beste gizon-emakume askorekin batean guk osatzen dugun %99 horretan ere alde izugarriak dira jabetasunari dagokionez.

Gaurko ebanjelioak errealitate horixe agertu nahi digu. Alde batetik, aberats handi bat; bestetik, goseak eta gaixo bizi den Lazaro pobre bat.

Eta Amos profetak, lehen irakurgaian, beste datu hau gehitzen du. Jende aberats horrek Jainkoak emandakotzat ditu bere aberastasunak. Lotsarik ez du Jainkoari kultua ematera joateko, eguneroko bizitzan pobreez arduratzen ez bada ere.

Ebanjeliora itzuliz, izan dezagun gogoan joan den igandean esandakoa: parabola batean, ez zaizkigu axola hitz edo esaldi guztiak; parabola horrekin ebanjelariak zer esan nahi digun bilatu behar dugu. Horiek horrela,

Mezua ez da aberatsa infernura joan dela. Askoz gutxiago, infernutik Abraham aitari erregu egin diola; hain zuzen ere, norbait infernuan baldin badago ezin hasi da zerura erreguka, ezinezkoa izango litzateke. Deabrua, definizioz, ez zaio hasten Jainkoari erreguka.

Mezua beste hau da, aberatsak badituela munduan bost anaia. Eta horiei lagundu behar zaiela, beren biziera alda dezaten. Ez, ordea, mirari baten zain egonez, baizik Jesus eta Jesusen ebanjelioa entzun eta biziz.

Senideok, gu geu gara bost anaia horiek. Gure biziera aldatzera gonbidatzen gaitu ebanjelioak. Nola aldatu? Jesusi entzunez. Eta Jesusen testigurik handienak munduan diren Lazaro pobreak direla esan nahi digu ebanjelariak.

Askotan gertatzen zaigu, parabolako aberats handiarena: pobre bat etxe atarian ikusi eta kasurik ez egitea. Pobreak dira, bai hilaren azkenera ezin iritsi direnak, bai etxerik ez dutenak, bai atzerritik etorri eta inor ezagutzen ez dutenak, bai gurpil-aulkian ikusten ditugunak, bai eguna nola bizi ez dakitenak, bai politikan edo lanbide batean buru-belarri eta itsu-itsuan murgildurik bizi direnak, bai zoriona eta ongizatea gauza bera direla uste izaten dutenak, bai askatasuna nork berea egitea dela pentsatzen dutenak, bai…
Senideok, izan dezagun gogoan salmogilearen hau (145. salmoa): «Jaunak itsuaren begiak zabaltzen ditu, Jaunak zuzentzen ditu makur-makur eginak daudenak, Jaunak maite ditu zintzoak, Jaunak zaintzen ditu erromesak». Utz diezaiogun begiak irekitzen, gure biziera zuzentzen, beraren maitasuna sentiarazten, geure erromesaldian bidelagun izaten.

Dionisio Amundarain