URTEKO 26. IGANDEA B (2015-09-27)

SARRERA

Senideok, Urteko 26garren igandea ospatzen dugu gaur. Markos ebanjelariak esaten digunez, Jesusen ikasleek berentzat nahi dute monopolioa: mirariena, egiarena, ongiarena, fedearena, salbazioarena, baita Jainkoarena bera ere. Izan ere, beren taldekoa ez den bat ikusi dute Jesusen izenean hitz egiten. Eta ikasleek ezin hori onartu. Dena berek antolatu eta erabaki nahi. Horren azpian, nagusi izatea eta pribilegioen jabetza daude. Eta ez gizakiaren zerbitzari izatea eta haren salbazioa. Zoritxarrez, ez da hori ordukoa bakarrik; gaur egun ere, Eliza katolikoan, eliza protestante eta ortodoxoetan, beste erlijioetan, sektetan badira horrelako taldeak.
Jesus, bestalde, eskandaluaz ere mintzo zaigu gaur. Beste bati okerrera eragitea da eskandalua: norberaren jokabideaz, hitzez, keinuez, jarreraz, eginbeharrak ez eginez, jende xumearen fedea suntsituz. Oso larritzat eman du Jesusek eskandalua. Begira zen dioen: eskandalua eragin baino hobe luke batek bere buruaz beste egin.
Eta gaur eskandalurik handiena, hainbeste goseak egotea. Hainbestek jendek etxea eta herria utzi beharra. Nora jo jakin gabe. Oso erraza da errua halako musulman-talde bati botatzea. Eta, adibidez, talde horri armak salduz negozioa egin nahi dutenak?

LEHEN IRAKURGAIA Zenbakiak izeneko liburutik (11,25-29)

Geure liturgian, oso gutxitan irakurtzen dugu liburu honetako zatirik; bitan, juxtu esateko.
Gaurko testuak gaurko ebanjelioaren antzeko mezua dakarkigu. Bi lagun ez dira joan Moises buru den bilerara; halere, profetarena egiten ari dira herrian, hau da, Jainkoaren izenean predikatzen. Moisesen adiskide min batek, Israel herrian Moisesen ondorengo izango denak, Josuek, ezin jasan du hori, eta bi haiek isilarazteko eskatu dio Moisesi.
Moisesek lehor erantzun dio: Nahiago nuke herritar guztiak profeta balira.
Okerkeria, senideok, ez dago pertsona batek hitz egin nahi izatean, liderra izan nahi izatean; ezer ez egitean dago okerkeria, bila ez ibiltzean. Dena den, zerbaitetan jardun nahi duenarentzat ere, gaurko ebanjelioak beste ñabardura bat ere gehitu du: eskandalua saihestu beharra.

BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren gutunetik (5,1-6)

Entzungo dugun pasartean, Jesusen ildoari jarraitzen dio Santiagok: aberatsen gainera etorria den zoritxarraz mintzo da.
Lehenengo zatian esaten du, epaia emana dagoela aberatsen kontra; ondasun galkor hauek beste aberastasunik ez duten horien kontra. Ondasun galkor horiek gizartean ematen dieten izen handia, fama, atsegina, indarra dute amesten. Segurantza emango diela uste izan duten hura, engainagarri ageri da orain; ustelkeria nagusitu zaie. Nahiago izan dute ondasunak suntsitu, premian direnei lagundu baino. Bihotz-gogorkeria hau dute orain beren hondamenaren arrazoia.
Bigarren zatian dio, injustizia zerura deika ari dela. Aberats horiek eskrupulorik gabeko egoista dira; ez dira arduratzen zuzenbideaz; beren ondasunak handitzea dute gogo bakarra, eta bizitzan gozatzea. Bost axola zaie pobreen eta langileen premia. Horregatik, honela mintzo da Santiago: aberats horien jarduera igaro da, jaso dute epaia.
Santiagoren urtez, Jainkoa arduratzen da zapalduak direnez, batez ere beren zoria Jainkoaren eskuetan ipintzen badute. Askotan ematen du boteretsuek eta aberatsek, inori kontuak eman gabe, nahi dutena egin dezaketela; baina, ez, Jainkoaren epaiak zorotzat emanak ditu.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (9,3-42.44)

Gaurko ebanjelioaren mezua Jesusen esaldi honek biltzen du: «Gure kontra ez dena, gure alde da». Elizaren historian, eta gaur egun ere, jende askok duen jarreraren kontra, Jesusek bere aldekotzat jotzen ditu gizadiaren onerako ari direnak, Jesus bera ezagutzen ez badute ere.
Horregatik, norbait gure aurka ari bada ere, ez genuke sekula inoren kontra egon behar, baldin eta gizadiaren alde ari bada.
Neugan aintzat hartzen dudana Jainkoarena den hura baldin bada, beti gehiago izango da besteekin batzen nauena, bereizten nauena baino. Jesusen jarraitzaile baten egitekoa horixe da: batzen gaituen horren bila ibiltzea. Adibidez, burutik pasatuko al litzaidake Jainkoak nirekin ez duela ezer jakin nahi, nigan bere kontrako akats asko ikusten dituelako?
Oso gogoan hartu beharko genuke: ofizialki Eliza katolikotik bizi den asko, Jainkoaren erreinurako lanean ari dela. Zenbat jende ez da ari munduan zuzentasunaren alde, nahiz ez aitortu bere burua kristau?, are gehiago, nahiz ateo dela esan?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gure elizetako arduradunen eta gidarien alde: beren erantzukizun animatzailea maitasunez ager dezaten; gainerakoen alde ari diren guztiei maitasunezko onarpena erakutsiz. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure gizarteko buruzagien alde: beren egitekoa, ebanjelioari gero eta lotuago bizi dezaten; munduan zuzenbidea eta bakea egiteari gero eta emanago izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ongiaren, zuzentasunaren eta bakearen alde lanean ari diren erlijio bateko eta besteko fededunen alde: beren lanean, guztiei emana den Jainkoaren Espiritua era finagoan eta beteagoan ager dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Lanik gabe diren gazte eta ez-gazteen alde: agintari politikoek egiten ez dutena, gizartea berak egin dezan, lana era egokiagoan banatzeko modua bilatzen saiatuz. Eska diezaiogun Jaunari.