URTEKO HOGEITA SEIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren Izpiritua bere nahitara dabil )

Nunbreak liburutik 11, 25-29

25 Jauna hedoian jautsi eta Moisekin mintzatu zen.
Moisek zuen izpiritutik hartu,
eta hiruetan hogeita hamar herriko zaharren gainerat ixuri zuen.
Izpiritua heien baitan kokatu orduko,
profeta gisa mintzatzen hasi ziren; bainan horrek ez zuen iraun.
26 Bi gizon kanpalekuan geldituak ziren,
bat Eldad deitua, bestea Medad.
Heien baitan ere kokatu zen Izpiritua;
Batasun-etxolarat ez joanik ere,
hiruetan hogeita hamarren taldekoak ziren,
eta kanpalekuan hasi ziren profeta gisa mintzatzen.
27 Mutil gazte bat lasterka joan zen Moisenganat eta erran zion:
“ Eldad eta Medad profeta gisa mintzatzen ari dira kanpalekuan.”
28 Nunen seme Josuek, gaztedanik Moisen zerbitzari zenak,
erran zion:
“ Mois, ene jauna, debeka-zkitzu!”
29 Bainan Moisek erran zion:
“ Neregatik jeloskor zintazke?
Nahiago nuke herri osoa profeta balitz,
eta Jaunak bere izpiritua deneri emanen baliote!”

Sinaiko desertuan, Izraeldarrek jasan behar ukan dituztenen ondotik, etsimenduak jo ditu eta
Moisek berak ere aski lan ukan du. Ez da gosetea, bainan zerutik jausten den mana horrek
denborarekin, bere gustua galdu bezala du. « Gogoan dugu Egiptoan kitorik jaten ginuen arraina,
bai eta hango pepino, meloi, porru, tipula eta baratxuriak !Bainan orai goseak hiltzen ari, Mana
baizik ez baitugu ikusten » (Zenb.11,5-6)
Bere herriaren zinkurinak entzun eta Mois etsitua da eta huna haren otoitza nolakoa den :
« Zergatik derabilazu hain gaizki zure zerbitzari hau ? Zergatik ezarri nauzu zorigaitzean, herri
hunen zama neure bizkar ezarriz ? Nundik aterako dut jende huni guziari jaterat emaiteko
haragia?…Bakarrik ez dezaket herri hau guzia jasan : zama pizuegia da neretzat. Hola erabili
behar banauzu , ken ezadazu bizia… »
Jaunaren erantzuna hauxe da : ez egon bakarrik. Eta Moisek hautatu 70 lankideen gainerat
Jainkoak izpiritua ixurtzen du. Eldad eta Medad 70 horietan barne ziren, bainan batasun-etxolarat
ez ziren joan eta Josue batek galdatzen zion Moisi debeka zitzan profeta gisa mintzatzetik.
Moisek ez zion Josue-ren galdeari segidarik eman. « Neregatik jeloskor zintazke? Nahiago
nuke herri osoa profeta balitz, eta Jaunak izpiritua deneri eman baliote! ». Hor ageri da Mois gizon
umila dela: « Mois gizon apala zen, munduko gizonik apalena… » (Zenb.12,3)
Moisen nahia profetikoa zen. Huna Joelek zer idazten zuen geroago : « Geroan, nere
Izpiritua ixuriko diot jende orori. Zuen seme-alabak profetak izanen dira… » Egiaz, Sinai mendian,
jada, Mendekoste han zen.

Salmoa 18

Leloa: Legea neri zait bihotz argi, boz iturri.

Jainko legea on ona da
Bihotz gogoen pizgarria.
Jaunaren hitza ezin alda,
Jende lañoen zuhurtzia.
Jainko-beldurra zoin garbia!
Menderen mende garbi doa.
Jaunak errana zoin egia ,
Gezur izpirik gabekoa.

Zure hau beti naiz heiekin,
Hek nola bete dena begi.
Nork bere hutsak xuxen jakin?
Huts gordetarik zuk ni garbi.
Handikeririk ez utz nitan,
Ez dakitala nehoiz nausi.
Garbi nindake bai orduan,
Hoben handitik arrunt garbi.

“ Jainko legea on ona da…“ Ona da bai guhaurentzat eta bai bertzeentzat…Lagun
protsimoaren maitatzea, lege guzia hortan bildua dela dio Jesusek, bai eta Jainkoaren maitatzea, hori
ere lehenaren garrantzi bereko legea. Lege hori bete bagineza zer zoriona gure bihotzetan, eta zer
bakea ez ginezake barrea gure inguruan! Hori litaike zuhurki jokatzea, legea “jende lañoen
zuhurtzia…”
“ Jainko beldurra zoin garbia!” Jainkoaz beldur behar ote dugu izan ? Ez dea gure Aita eta
gehiago gure ”Aitatto” Jainkoa ? Hitz hori Biblian erabilia delarik ez du erran nahi lotsaturik behar
dugula bizi Jainkoaren aitzinean, haren beldurrez.
“Nork bere hutsak xuxen jakin? Huts gordetarik zuk ni garbi.” Egia da guhauren burua ez
dugula barnatik ezagutzen. Kofesatzea, bere hutsen aitortzea behar bezala, ez da gauza errexa.
Askotan gure bekatuen erro den hura ahanzten baitugu edo ez ikusten.
„Handikeririk ez utz nitan,…“ Handikeria bere burua den baino handiago ikustea da. Eta
oroz gainetik bertzeen mexpretxatzea. Farisauen bekatua hori zen: uste zuten legeak galdeginak
betetzen zituztelakotz bertzeak baino garbiagoak zirela! Jesusek beren handikeria hori denen
begietan eman du eta hori ez diote barkatu.

Bigarren irakurgaia

( Aberastasunen kontra )

Jondoni Jakoberen epixtolatik 5, 1-6

1 Entzun orai, zuek aberatsek!
Egizue nigar eta garrasi,
gainerat heldu zaizkitzuen zorigaitzengatik.
2 Ustelak dira zuen aberastasunak, bipiek janak zuen soinekoak,
3 herdoilak joak zuen urre-zilarrak.
Eta herdoil hori izanen duzue lekuko zuen kontra,
eta suak bezala janen du zuen haragia.
Azkenak diren egunetan, dirua metan ezarri duzue!
4 Zuen lurretan uzta bildu zuten langileeri
eman ez zinieten lan-saria oihuka ari da,
eta uzta egileen deiadarra
Jaun ahalguzidunaren beharrietarat heldu da.
5 Goxoan bizi izan zirezte zuek hemen lurrean,
atsegineri osoki emanak;
eta ase zirezte, sarraski egunetan.
6 Hobengabea kondenatu duzue eta hil: harek ez dautzue gogor egin.

– Hemen ikusten da lehenik Jainkoa zuzentasunaren Jainkoa dela : „Uzta egileen deiadarra
Jaun ahalguzidunaren beharrietarat heldu da.“ Jainkoak ahulak eta pobreak bere gerizan emaiten
ditu. Gu ere Jainkoaren itxura gu baitan dakargunak gomitatuak gira behartsuen galderak
entzuterat.
– Aberasteko ibili urratsak ez dira denak onak. „ Zuen lurretan uzta bildu zuten langileeri
eman ez zinieten lan-saria oihuka ari da.“ Gisa hortan laster aberasten da; Testamendu Zaharrak
usu gai hori aipatzen du :“ Ez duzue langile dohakabe eta behartsua zurgatuko, ez herritarra, eta ez
zuen herrialdean, zuen hirian berean, bizi den etorkina ere. Egunean eguneko lan-saria emanen
diozue…Bestela oihu eginen dio Jaunari zuen kontra eta hobendun izanen zirezte.“ (Dt 24, 14-15)
Bertze manera bat ere bada aberasteko, tranpakerian jokatuz. Hori ere Bibliak aipatzen du eta
kondenatzen :“ Ez duzue pizu eta neuri faltsurik erabiliko salerosketatan. Behar bezalako pizu eta
neurriak, zuzen eta zehatzak, ukanen dituzue; hola luzaz biziko zirezte Jaunak, zuen Jainkoak,
emanen dauzuen lurraldean. Zeren neurri faltsuak erabiliz zuzengabe jokatzen duena higuingarri
baitzaio Jaunari, zuen Jainkoari.“ (Dt 25, 13-16)
– Aberastasunak denen onetan dira emanak eta ez bakarrik zenbaiten onetan. Ontasunak
baliabide edo tresna batzu dira ez helbide batzu. Jakobek diolarik „ herdoil hori izanen duzue
lekuko zuen kontra;“ Ben Sirak-ek erabili irudi bat derabila : “ Gal zure dirua haurride edo
adiskide batentzat, ez utz alferretan harri baten pean herdoiltzerat.“ (Si 29, 10) Eta diolarik „
Ustelak dira zuen aberastasunak“ desertuko mana hura du gogoan. Hau alabainan bildu eta egun
hartan berean jan behar zen, handik harat berehala usteltzen baitzen.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zure errana egia da: saindu gaitzazu denak hartan!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 9, 38-43 . 45 . 47-48

38 Joanik, Hamabietarik batek, erran zion Jesusi:
“ Irakasle jauna, norbait ikusi dugu zure izenean debruen haizatzen,
eta debekatu nahi izan diogu,
ez baita gurekin dabiltzanen taldekoa.”
39 Jesusek ihardetsi zion:
“ Ez debeka, ez baita nehor, nere izenean mirakuilu bat egin
eta gero nitaz gaizki-erranka ar daitekeenik.
40 Gure kontra ez dena, gure alde da.
41 Mesiasenak zireztelakotz baso bat ur emanen dautzuena,
egiaz diozuet, ez da saririk gabe geldituko.
42 Nitan sinesten duten ttipi hauetarik bakar bat
galbidean ezartzen duenak,
hobe luke eihera-harri bat lepotik lotu eta itsasorat bota balezate.
43 Eta zure eskuak galbidean ezartzen bazaitu, motzazu.
Hobe duzu eskumotz betiereko bizian sartu,
bi eskuekin gehenarat, ezin itzalizko surat joan baino.
45 Zure zangoak galbidean ezartzen bazaitu, motzazu.
Hobe duzu zangomotz betiereko bizian sartu,
bi zangoekin gehenarat botatua izan baino.
47 Zure begiak galbidean ezartzen bazaitu, atera zazu.
Hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu,
bi begiekin gehenarat botatua izan baino,
48 han ez baita harra hiltzen, ez eta sua itzaltzen.”

„Irakasle jauna, norbait ikusi dugu zure izenean debruen haizatzen, eta debekatu nahi izan
diogu, ez baita gurekin dabiltzanen taldekoa…“ Talde huntakoak hamabi apostoluak dira, talde hau
hamabitan mugatua da. Hamabien izenak Marken Ebanjelioan aurkitzen dira ( Mk 3, 13-19). Berdin
Matiu eta luken Ebanjelioetan ere izendatze horien berri kausi ditaike. Beraz multxo horrek badaki,
Jesusekin duen harreman azkarraren gatik, debruen haizatzeko ahala baduela. Ez da mirakulu beraz
apostoluek ez badute onartzen heien multxoko ez den batek debruak haiza ditzan. Gisa bereko
ihardokitzea ikusi dugu, egun huntako lehen irakurgaian, Josue eta Moisekin.
Jesusen erantzuna bixi bixia ateratzen da : “ Ez debeka…“ Hor ikus ditaike Jesusek bere
baitan bizi duen bakea. Ez du dena menperatu nahi. Onartzen du norbaitek Haren izenean mirakulu
bat egin dezan, nahiz ez izan berak hartatu presuna. Hitz batez erraiteko, ez da bere misioaren osoki
jabe. Ezagutzen ere ez dituen jende batzuekin misio hori partekatzen du. Eta bere dizipuluak
gomitatzen ditu atearen idekitzerat : “ Gure kontra ez dena gure alde da.“ Nahiz gure liburuetan
haren izena ez ekarria izan.“ Arbola bere fruituetarik da ageri ! (Mt7,20) Egungo egunean ere
fruitu onak ekartzen dituzten arbola guzien izenak ez dira Elizaren liburuetan emanak.
Ebanjelio hunen bigarren partean Jesusek hitz gogorrak derabiltza : “Eta zure eskuak
galbidean ezartzen bazaitu, motzazu.“ Berdin zangoarentzat, berdin begiarentzat…Gauza segurra
da Jesusek ez duela gorputzeko parte baten mozte edo ebakitzerik galdatzen. Hitz bortitz horiekin
konpreniarazi nahi dauku hemen gertatzen dena garrantzi handikoa dela. Komunitatearen batasuna
da irriskuan emana. Apostoluen bideko solasa ez zena alabainan jakitea haietan nor zen handiena?
Azkenik hitz bat “gehena“ hortaz. Hori zen, hego eta mendebaleko aldetik, Jerusaleme
inguratzen zuen erreka baten izena. Hor erretzen zituzten zikinak eta erreka horri bere fama txarra
huntarik heldu zitzaion: hor zituzten haurrak, denbora batez, sakrifikatzen. Profetek onartzen ez
zuten eginkizuna zen ahatik hori.