Adiskidez eta arerioez
Urteko 26. igandea B 2015-09-27
Jesus, irakasteko, esaldi laburrez baliatu ohi zen sarri. Buruz erraz ikasteko modukoez. Adibidez: «Gizonaren Semea ez da etorri jende zuzenari dei egitera, baizik bekatariei». Gerora, ebanjelariek elkartu egin zituzten esaldi haiek. Edukiaren arabera nahiz errepikatzen zuten hitz giltzarri baten inguruan. Gaurko ebanjelioan honako esaldi hauek bereiz ditzakegu:
1.- «Gure aurka ari ez dena gure alde ari da»
Joan oso harro azaldu da Jesusen aurrera, Jesusen izenean deabruak uxatzen zituen pertsona bati zer egin dioten adierazteko. Jesusek, ordea, jokabide hori goratu ordez, oso logika kaskarrekotzat eman du: nire izenean mirari bat egiten duena ez da mintzatuko nire aurka. Segidan, irakaspen orokor bat gehitu du. Alde guztietan arerioak ikusteko jarreraren kontra, adiskideak ikusten saiatzea da kontua: «Gure aurka ari ez dena gure alde ari da».
Zergatik jokatu dute ikasleek horrela? Ebanjelioa gaurko lehen irakurgaiarekin erlazionatzen badugu, jelosia izango litzateke arrazoia. Zenbakiak liburuak esaten du, Eldad eta Medad kanpalekuan profetizatzen ari zirenean, Moisesen duintasunaren kontrako erasotzat hartu zuela Josuek jokabide hura, eta biei debekatzeko eskatzen ziola Moisesi. Gaurko ebanjelioko pasadizoaren antz handia du Josuerenak; astungarri batekin: Josuek Moisesi eskatzen dio debekatzea, eta ikasleek beren esku hartzen dute, Jesusen beharrik gabe. Ikasleen hutsegitearen sustraia, arrazoirik gabeko jelosia aski zeken horretan legoke.
Alabaina, kontuan izan behar da beste balizko interpretazio bat. Bi aldiz zuritu dute ikasleek beren jokabidea: pertsona hori «ez dabil gurekin» diote. Beraien ustez, baztertu egin behar da beraien lagun ez den oro.
Gogoan izan behar dugu, predikari ibiltari bat zela Jesus, hamabiak, emakume-talde bat eta beste ikasle batzuk bidelagun zituelarik. Talde honek –oso zorrotza– uko egina zien etxe egonkor bati, familiari eta ondasunei. Jesusi jarraitzeagatik, halako ukoa eskatzen zien bizitza gogor honen testuinguruan, ulertzekoa da Joanen eta beste ikasleen ahoan ageri den azpimarratze hau: «ez dabil gurekin». Pertsona hark ez dio uko egin ez etxe egonkor bati, ez familiari, ez ondasunei, baina zilegitzat jotzen du Jesusen izenean deabruak uxatzea.
Kontakizunak garrantzi handia izan zuen, nonbait, hasierako Eliza hartan; izan ere, indar handia hartzen ari ziren garai hartan hiri-elkarteak, zeinetan ez baitzitzaien uko egiten ez etxe egonkor bati, ez familiari, ez ondasunei. Hargatik, kristau ibiltarien tentazioa zen, beren biziera gogorra zela medio, besteak baztertzea: «ez dabiltza gurekin» esanez. Ebanjelariak adierazi nahi die, neurritsu jokatu behar dutela, beste bizi-molde batzuk toleratuz. Funtsezkoa ez da «gurekin ibiltzea», baizik «gure alde egotea».
2.- «Mesiasenak zaretela kontuan hartuz, baso bat ur emango dizuena, nik diotsuet, ez da saririk gabe geldituko».
Honen aurreko pasadizoa irakaspen honekin bukatu da: «Gure aurka ari ez dena gure alde ari da». Oraingo beste esaldi honek urrats bat aurrera egin du. Mesiasen jarraitzaileen aurrean jarrera baikor bat hartzeaz mintzo da, baso bat ur emateko keinuaz sinbolizaturik.
3.- Bi tranpa (bi eskandalu) bidean
Grekoz, «eskandalu» terminoaren oinarrizko esanahia «tranpa» da, lurrean ezarria, pertsona bat edo animalia bat erortzeko. Kontuan hartzen badugu, kristau-bizitza Jesusi jarraitzea dela, haren ondoren ibiltzea dela, argi gelditzen dira ebanjelioak aipatzen dituen bi arriskuak:
1) Sinesten dutenetako txiki bati norbaitek tranpa bat ezartzea izango litzateke; eror dadin eta Jesusi jarraitzen dion taldetik kanpo geldi dadin. Hitz hauek enigmatikoak dira; ez da ageri zeinentzat diren. Nork eskandaliza dezake? Kristau batek ala elkarteko ez den batek (lege-maisu, fariseu, saduzear, pagano)? Zein dira sinesten duten txikiak: elkarteko taldetxo bat ala kristau guztiak? Elizaren historiak eta eguneroko bizitzak adierazten dute, kasu guztiak direla posible? Kristau ez den pertsona batek ezar lezake oztopoa edo tranpa, Jesusen eta haren mezuaren kontra kritikak eta erasoak eginez. Baita, ordea, gure edozein jarrerak eta edozein hitzek ere, besteak Jesusi jarraitzetik kanpo utziz, hark proposatzen duen biziera utzaraziz: halakoari ere gaitzespen bera doakio. Eskandaluaren arrisku handia ez da bakarrik aldizkari pornografikoena, indarkeriazko pelikulena, drogena; baita Elizaren baitan erarik naturalenean onartzen den hainbat eta hainbat gauzarena ere (luxu, harrokeria, handinahi, handikeria…), mailarik gorenetan beretan.
Argi uzten du Jesusek bekatuaren larritasuna, zer gaitzespenaz merezi duen esatean: itsasora bota dezatela, lepoan harri handi bat loturik. Errota greko-erromatarren gaineko harriaz ari da, asto batek, zaldi batek edo esklabo batek tira eginik jiratzen zenaz. Itsasora edo ibaira bota izatea zigor bereziki krudela zen, gorpua lur eman gabe gelditzen baitzen, juduen eta greziarren mentalitatean gauza izugarria.
2) Beste arriskua, tranpa nik neuk ezartzea izango litzateke, eroraraziko nindukeena. Hainbat ahalbide aipatzen ditu Markosek, eskuaz, hankaz eta begiaz hitz eginez. Norberaren barnean sortzen diren joerez mintzo da Jesus, eta arduraz kontrolatu beharko genituzkeenez.
Gerta daitekeenaren larritasuna argi uzteko, eskua edo hanka mozteaz mintzo da Jesus, edo begia ateratzeaz. Hitz hauek ez dira hartu behar hitzez hitz; izan ere, esku bat eta hanka bat moztu edo begi bat atera ondoren, beste tentazio batzuk sortuko lirateke, eta gauza bera egiten jarraitu beharko genuke beste eskuaz, hankaz eta begiaz. Eta ez ginateke sartuko bizitzan eskubakar, herren edo begibakar, baizik itsu eta gorputz-atalik gabe.
Honen aurreko kasuan, zigorra itsasora botatzea zen; oraingo honetan, gehenara joatea da, «itzalezineko sura», «non harra ez baita akabatzen, ezta itzali ere sua». Gehena, zigor-leku bezala, juduen tradizio apokaliptikoan oinarritzen da; harra eta sua, berriz, Isaiasen liburuko hitz batzuetan. Pintoreei eta predikariei inspirazio-gai ugari eman diete, batzuetan neurrigabea.
Azken gogoeta
Hitz gutxitan, gai asko ematen digu Markosek gogoeta eta azterketarako, besteen gain eta geure gain dugun jarreraz: ez ote ditugu zokoratzen gurekin ez dabiltzanak?, kristautasuna, gure ustez, guk bezain zorrotz betetzen ez ez dutenak? Baliorik ematen al diogu baso bat ur emateko keinu txikiari, ala keinu handien premia indartzen dugu, azkenean ezerezean geldituz? Ez ote dizkiot oztopoak ezartzen jende xumearen edota Elizan garrantzi txikiena dutenen fedeari? Ez ote dizkiot tranpak ezartzen neure buruari, Jesusen bidelagun izatea galarazten didatenak?
José Luis Sicre