NORK EZ DU JESUSEN ESKLUSIBARIK (Markos 9,38-43.45.47-48)
Urteko 26. Igandea B 2018-09-30
Harrigarria da pasadizoa. Problema batekin hurbildu zaizkio ikasleak Jesusi. Oraingoan, ez da Pedro taldearen bozemailea, baizik Joan, lehen postuen bila dabiltzan bi anaietarik bat. Oraingo honetan, Jesusen esklusiba eta haren egintza askatzailearen monopolioa ikasleen taldeak izan ditzan nahi du.
Kezka hau dute. Exorzista bat, taldekoa ez dena, deabruak botatzen ari da Jesusen izenean. Ikasleak ez dira pozten jendea sendaturik eta gizatasun handiagoko bizitza egiten ahal duela ikusteaz. Soilik, beren taldearen izen handia dute gogoan. Horregatik, errotik moztu nahi izan dute exorzista haren jarduera. Hau dute arrazoi bakarra: «Ez da gutakoa».
Ikasleek jakindakotzat eman dute: Jesusen izenean eta haren indar sendatzaileaz jardun ahal izateko, beraien taldekoa izan behar du batek. Ezin aipa dezake inork ere Jesusen izena, ezta mundua gizatasun handiagokoa egiteko lan egin ere, Elizako kide izan gabe. Horrela ote da egiaz? Zer dio Jesusek?
Biribilki erantzun die Jesusek: «Ez iezaiozue eragotzi». Jesusen izena eta indar gizatargarria garrantzizkoagoak dira ikasleen talde koxkorra baino. On da Jesusek dakarren salbazioa zabaltzea ezarritako Eliza baino harago, eta jendeari gizatasun handiagoz bizitzen laguntzea. Jokabide hori ez litzateke hartu behar sekula konpetentzia desleialtzat.
Bere jarraitzaileen artean hautsi egin nahi luke Jesusek tentazio sektario oro. Ez du eratu bere taldea mesiastar salbazioa kontrolatzeko. Jesus ez da eskola itxi bateko lege-maisu, baizik eta guztiei eskainia den salbazioaren Profeta. On egiteko hots egina den toki guztietan sostengatu behar du Elizak haren Izena.
Jesusek ez du nahi bere jarraitzaileek hitz egin dezaten gureez eta gure ez direnez, barnekoez eta kanpokoez, beraren izenean jardun dezaketenez eta ez dezaketenez. Beste bat du bere ikusmoldea: «Gure kontra ez dagoena, gure alde dago».
Gaur egungo gizartean gizon-emakume asko ari da mundua zuzenago eta gizatarrago egin nahiz, Elizako kide izan gabe. Batzuk ez dira fededun ere, baina Jainkoaren erreinuari eta haren zuzenbideari bideak irekitzen ari dira. Gutakoak dira. Poza behar diegu agertu, errezeloz begiratu ordez. Sostengua behar diegu eskaini, deskalifikatu ordez.
Oker handia da Elizan bizi eta alde guztietan etsaigoa eta gaiztakeria ikustea; pentsatuz, gizagaixo baten moduan, gu geu bakarrik garela Jesusen Espirituaren eramaile. Jesusek ez liguke horrelakorik onetsiko. Aitzitik, era gizatarrean bizi eta pobreenez eta premia handiagoenez kezkatuz bizi direnen lankide izatera gonbidatzen gaitu.
Jose Antonio Pagola