URTEKO HOGEI TA SEIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Jainkoak egunero bihozberritzera deitzen gaitu )
Ezekiel profetaren liburutik 18,25-28
Hunela mintzo da Jainko Jauna:
Ez dut nahi gaixtaginaren heriotzea.
25 Eta zuek erraiten duzue: “ Ez da zuzena Jaunaren bidea.”
Entzun, beraz, Izraeldarrek! Nere bidea ez dela zuzena?
Izaitekotz, ez ote da zuena makurra?
26 Zintzoa bere zuzentasunetik baztertzen bada,
gaizkia egiten badu, eta hola hiltzen,
egin duen gaizkiarengatik hiltzen da.
27 Gaixtoak, aldiz, egin duen gaizkitik baztertu,
eta zuzentasunez eta justiziaz jokatzen badu,
bizirik iraunen du.
28 Begiak ideki dituelakotz eta bere bekatuetarik baztertu delakotz,
ez da hilen, biziko da.
Gauzak gaizki zoazilarik idatzia izan da testu hau. Hunen idazlea, Ezekiel, Babilonian preso
da. Izrael populua desterratua da, Jerusalem suntsitua, bai eta ere tenploa. Jendearen galdera : Zer
egin diogu gure Jainkoari ? Edo gure aitzinekoen bekatuak ditugu orai pagatzen ? Hala bada « Ez da
zuzena Jainkoaren bidea. »
Jainkoaren erantzuna : « Izaitekotz, ez ote da zuena makurra ? » Zintzoak gaizkia egiten
badu, hiltzen da. Gaixtoa aldiz gaizkitik baztertzen bada, bizirik iraunen du. Erran nahi baita ez
dugula sekulan bertzeentzat pagatzen.
Geroxago, oroz gainetik Job-en liburuan, agertzen da, gure bizian gertatzen zaukuna ez dela
baitezpada lotua egin dugun ongi edo gaizkiari. Jainkoak ez baitu sekulan gaztigatzen.
Ezekielek dioena hemen hau ere da : Ez da sekulan etsitu behar, bihozberri ditaike beti,
erran nahi baita berriz itzul.
Salmoa 24
Leloa: Zer amodio duzun guretzat orroit, Jauna!
Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri:
Emazu ere xendren berri.
Zure egia igor zadazu aitzindari,
Dena bainago beti zuri.
Zer amodio duzun guretzat orroit, Jauna,
Zer sekulako bihotz ona.
Ez gogoan har nere gazteko bekatuak
Nere gaitz ezin ukatuak.
Neurri gabeko bihotz onean har nezazu,
Osoki ona baitzare zu.
Ona da ona eta zuzena Jainko Jauna;
Harek xuxentzen makur dena.
Apalak ditu zuzen zuzenik joanarazten,
Beren bidean ibil diten.
“Zure bideak erakuts, Jauna, otoi,neri.” Bekatoros bat da hor mintzo, bekatoros bat
dakiena beti posible dela bihozberritzea, itzultzea. “Zure egia igor zadazu aitzindari, dena bainago
beti zuri.“ Jainkoak galdatzen daukuna, lehen lehenik, umiltasuna da, gure esperantza guzia Haren
baitan emaitea, ez gure ahal edo bertuteetan.
“Apalak baititu zuzenik joanarazten, beren bidean ibil diten.” Jainkoaren pobre bat behar da
izan, eta otoitz egin, erranez: Urrikal nitaz, Jauna! Zu gabe nere bidea galtzen dut, norabiderik ez
dut ikusten.
Nahiz bekatorosa hemen bere izenean den mintzo, “ni” erranez, populu guziaren izenean du
Jainkoa otoizten. Salmo hau honela bururatzen da :“Ene Jainkoa, libra zazu Izrael zorigaitz
guzietarik“
Juduek elgar laguntzen dutela, hori gauza ezaguna da. Beren burua familia, populu eta arraza
bateko kide, biziki azkar, senditzen dute. Jainkoa beren bezein beren arbasoen Jainkoa da:
Abraham, Izaak, Jakobe…Bibliaren historia hasten denean beti populua da aipu. Jende bakotxaren
balioa emeki emeki azpimarratua izanen da. Gaurko gizonarentzat bakotxaren balio hori da bakarrik
konda, ez bertzeak, bere familia, herria…
Alta gauza segurra da elgarri lotuak girela eta gero eta gehiago, dela ekonomian, dela
kulturan, dela politikan. Bainan bakotxak halere doi bat libertate badu…
Bigarren irakurgaia
( Kristori jarraikiz amodioan bat )
Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 2,1-11
Haurrideak,
1 egia bada Kristo baitan elkar soleitzen duzuela,
maitasunean sustatzen,
egia bada Izpiritua baitan bat eginik bizi zireztela,
bihozbera eta urrrikaltsu zireztela,
2 bete nezazue bozkarioz,
denak gogo eta sendimendu bereko izanez,
elkar maitatuz eta ongi hartuz.
3 Ez egin deus norgehiagokeriaz edo harrokeriaz,
bainan apaltasunez,
besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz.
4 Nehork ez bezo bereari bakarrik beha, bainan besteenari ere.
5 Izan itzazue zuen artean Kristo Jesusi dagozkion sendimendua.
6 Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki-eta
ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari.
7 Aitzitik, bere nahitara hustu da,
esklabogoa hartu, eta gizakien iduriko bilakatu.
Gizaki bezala agertuz,
8 apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino.
9 Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak
eta izen guzietan gorena eman dio,
10 Jesusen izenaren ohoretan,
zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen
11 eta mihi orok aitor dezan
Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren aintzarako.
Epistola huntan bi parte badira. Lehen partean Paulok erraiten dauku “Kristo baitan”
girenek nola behar dugun bizi. Bigarren partean Kristo bera nolakoa den agertzen dauku :” Ez da
gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari”
Lehen parte hortan nolakoak izan behar dugun dauku beraz Paulok adierazten : denak gogo
eta sendimendu berekoak egonez, elkar maitatuz eta ongi hartuz, apaltasunean biziz eta ez bakarrik
bereari behatuz…Eta hori guzia zergatik ? Denek bataio bera ukana dugulakotz, Kristorenak
girelakotz geroztik, Kristoren zerbait badugulakotz. Denak familia berekoak gira eta Kristo baitan
elkarri hurbiltzen gaituena handiagoa da, bertzetarik berexten gaituena baino.
“Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jainkoaren maitasuna eta Izpiritu Sainduaren
batasuna izan bedi zuekin guziekin.” (2 Kor13,13) Horrela bataioak hiru presunen arteko maitasun
sare hortan sartzen gaitu.
« …Besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz. » Horrek ez du erran nahi guhauren
burua mexprexatu behar dugula, ez eta ere bertzeekin konparaketetan hasi behar dugula. Paulok
hemen erraiten daukuna da bertzeaz dugun aburuak, dena den, baikorra izan behar lukeela. « Kristo
baitan » ikusiz bertzea, Izpiritu Sainduaren tenplo bezala dugu ikusten, bere bokazione bereziarekin,
berak baizik bete ez dezaken bokazionearekin. Helbide hortarat heltzeko gu baino hobea dela ez da
dudarik.
Bigarren partean Paulok Jesus nor den erraiten dauku. Jainkogoa ukanki eta, bere nahitara
hustu dena, gizakien iduriko bilakatu…hiltzeraino obeditu du eta hortakotz Jainkoak eman dio
« izen guzietan gorena… » « Mihi orok aitor dezaten Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren
aintzarako. »
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Ez izan bihotz gogor, egun
Jainko Jaunaren deia entzun.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 21,28-32
Jesusek erran zioten apezburu eta zaharreri:
28 “ Zer zaitzue?
Gizon batek bi seme bazituen.
Lehenarenganat joan eta erran zion:
“ Seme, zoazi gaur mahastian lan egitera”.
29 Harek ihardetsi zion: “ Ez dut nahi.”
30 Bigarrenarenganat joan eta gauza bera erran zion.
31 Harek ihardetsi: “Bai, jauna”; eta ez zen joan.
Bietarik zeinek egin du aitaren nahia?
Erran zioten: “ Lehenak.”
Jesusek erran zioten:
“Egiaz diozuet: zergalariak eta emagalduak
zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan.
32 Alabainan, Joanes Bataiatzailea etorri zaitzue zuzentasun bidean,
eta ez duzue sinetsi haren baitan.
Zergalariek eta emagalduek, aldiz, sinetsi dute haren baitan.
Eta zuek, hori ikusirik ere,
ez zirezte damutu haren baitan sinesteko.
Parabola huntan Jesus apezburu eta zaharreri mintzo da. Parabola baten bidez adierazten
diote, haiek, beren ustez, bertzeak baino hobeak direlarik, ez direla batere egian. Erraiten diote:
Zuek, itxuraz, eta ere ofizioz, Jainkoaren gauzetako “profezionalak“, kasu eman zueri, idek begiak.
Zuen segurtasunetik ez duzue higitu nahi. Aldiz zergalari eta emagalduek, denen begietan bekatoros
ekarriak direnek, Joanes Bataiatzailea baitan sinetsi dute. Urrats bat aitzina egin. Hauiek, lehen
semearen idurikoak dira : Lehenik ezetz erran ondoan, gero mahastira doazinak. Ez dira Jainkoaren
erresuman sartzen bekatorosak direlakotz bainan bai bihozberritu direlakotz.
Nundik heldu da Moisen legea betetzen zutenek, apezburu eta zaharrek, bihozberritu behar
zutela ? Matiu-k kondatzen du nola, Jesus, ospe handitan, sartu zen Jerusalemen, jende xeheaz
inguratua, Mesias bezala ezagutua. Bainan apezburu eta zaharrek ez zuten Hartan Mesiasik ikusten.
“ Joanes bataiatzailea etorri zaizue zuzentasun bidean, eta ez duzue sinetsi haren baitan.
Zergalariek eta emagalduek, aldiz…“
Eta egun? Eta gu,elizatiarrak? Parabola horren bidez, gaur egun, guri ere Jesus mintzo
zauku. Gu igande oroz elizan gabiltzan giristino xoilak eta berdin gure apez eta egungo erlisioneko
„profezionalak“ denak, bihozberritu beharrak gira, denak bekatoros baigira…