URTEKO 26. IGANDEA C (2019-09-29)
SARRERA
Jainkoa maitasun dela aitortzera etortzen gara Mezara. Jainkoa munduaren kreatzailea dela. Jainkoa bakarra dela aitortzera.
Jainkoa aitortu. Jainkoa goratu. Jainkoari eskerrak eman. Jainkoari barkazioa eskatu…
Eta Jainkoa aitortuz, gizakia, Jainkoak sortua delako, aintzat hartzera, lagun hurkoa beste «ni» bat bezala hartzera. Jainkoa lagun hurkoaren, naturaren eta mundu osoaren kreatzailea dela aitortzera; gizakiak ezin duela haren lekua hartu aitortzera.
Hori adierazi nahi digu gaurko ebanjelioak: Atarian goseak hiltzen ari da Lazaro pobrea. Epulon aberatsak ez dio begiratu ere egiten. Horrela, aberats horrek bere burua bere aberastasunen jaun eta jabe bakartzat hartu du; bere burua jainko ikusi nahi du. Izan ere, egiazko Jainkoak sortu eta kreatu dituen gauzen jaun eta jabe ikusten du bere burua.
Amos profetak, berriz, lehen irakurgaian garbi esaten digu: ezin dira aparte hartu kultua eta eguneroko bizitza.
Salmogilearekin batean, esan dezagun: «Ene arima, goratu ezazu Jainkoa».
LEHEN IRAKURGAIA Amos profetaren liburutik (6,1a.4-7)
Joan den igandean bezala, lehenengo irakurgai hau Amos profetarena dugu. Amos eskandalizatu egin da Samariako aberatsen jokabidea ikustean. Ezin erosoago bizi dira aberats horiek. Ezin ardura gabeago hondatzen dituzte gauzak. Bitartean, jenderik gehiena miserian bizi da. Amosek esaten die aberatsei, hori eginez Jaunaren tokia hartu nahi dutela; Jaunarenak diren gauzak berenak balituzte bezala bizi direla. Horrek guztiak ekarriko diela zoritxarrik. Izatez, Amosek hitz egin eta urte batzuetara, erbestera eramango dituzte asiriarrek samariar gehienak.
Amosek argi eta garbi esan die: kultua eta eguneroko bizitza ezin direla aparte hartu. Jainkoari ezin zaiola kultua eskaini eguneroko bizitzan lagun hurkoa kontuan hartzen ez bada.
BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako lehen gutunetik (6,11-16)
Zein bertute landu esaten dio gutun honen egileak Timoteori. Bertute batzuk Jainkoarekikoak dira, beste batzuk lagun hurkoarekikoak. Adibidez, fedea, maitasuna, pazientzia, iraupena, esperantza, zuzentasuna, solidaritatea.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (16,19-31)
Joan den igandean, aita onaren eta bi semeen parabolaren bidez, Jainkoak nola maite gaituen agertu zigun Lukasen ebanjelioak. Gaurko parabola honek maitasun horri nola erantzun adierazten digu.
Aberatsek gizakiaren harrokeria agertzen dute: «neu naiz jaun eta jabe» esaten du aberatsak bere baitan. Pobreari uko egitean, Jainkoari dio uko egiten. Jainkoaren jauntasuna bere egiten du aberatsak.
Bi pertsonaia kontrajartzen ditu ebanjelariak gaurko honetan: Epulon aberatsa eta Lazaro pobrea. Aberatsa egun guztian bizi da luxuan eta lasaikerian. Pobrea, berriz, goseak amorratzen. Baina biak hil dira; orduan, bien zoria alderantzizkoa da: pobrea zoriontsu, aberatsa oinazetan.
Baina beste pertsonaia bat ere ageri da: Abraham aita. Interesgarria da bukaerako baieztapen hau: zuen artean duzuen Jainkoaren Hitza sinesten ez baduzue, hildako bat pizturik ere ez duzue sinetsiko.
Baina hau da parabolaren muina. Ez dezagun esan Epulon aberatsak ez duela erremediorik; ez da hori parabolaren mezua. Beste hau da parabolaren mezua eta muina: Epulon horrek baditu bost anaia, eta horien biziera aldaraztea da kontua. Lazaro pobreagan Jainkoa ari zaigu hizketan. Mundu honetako pobreak ditugu ebanjelizatzaile.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Munduko pobreen alde: beren pobretasunetik irteteko bidea nork erakutsia izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko pobre guztien alde: aberatsei beren harrokeria ikusarazteko ausardia eta jakinduria izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Erroman, Aita Santuagandik hasirik, eta munduko hainbat txokotan, gure Eliza maitea nola berrituko, nola Jesusen Ebanjelioaren antzekoago egingo, lanean ari direnen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Munduko aberastasunen erdia bere esku duen munduko gizon-emakume guztien ehuneko batak, begiak zabaldu eta pobreengan Jainkoaren mezua ikus dezan. Eska diezaiogun Jaunari.