URTEKO HOGEITA BOSGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Aberats gaixtoak )
Amoz profetaren liburutik 8 , 4-7
4 Entzun hau, zuek, behartsuak lehertzen dituzuen horiek,
eta herriko jende xehea ezeztatu nahi, erranez:
5 “ Noiz iraganen ote da ilberri-besta, gure ogia saltzeko?
Noiz larunbata, gure bihitegiak idekitzeko?
Neurria ttipitu eta prezioa handituko dugu, eta pisuak makurtuko.
6 Jende xehea dirutan erosiko dugu,
eta behartsua oinetako pare baten truke.
Ogi-bahekin guziak ere salduko ditugu.”
7 Jaunak, Izraelen ohoreagatik, zin egiten du:
“ Ez, ez ditut sekulan ahantziko horien egintza gaixtoak.
“…Ez, ez ditut sekulan ahantziko horien egintza gaixtoak.”
Bertzeen gostuz aberasten direnen
egintzak dira horiek. Amos, Kristo aintzineko zortzigarren mendeko profeta bat da. Paleztina,
orduan, bi partetan zen, iparraldeko erresuma Zamaria deitzen zelarik.
Aferak ontsa zoazin, bainan ez denendako. Pobreek bi aterabide zituzten, edo gosez hiltzea edo
beren buruak esklabotzat saltzea, diru porroska batentzat : ” Jende xehea dirutan erosiko dugu, eta
behartsua oinetako pare baten truke.” Bertzalde aberatsentzat, erlisioneko besta egunak ez dira
egun onak, ogia ez baitezakete sal egun horietan. “Noiz iraganen ote da ilberri-besta, gure ogia
saltzeko ? Noiz larunbata, gure bihitegiak idekitzeko ? ” Eta jende horientzat komerzioa ez da
zerbitzu bat bainan ebasteko parada eder bat : “Neurria ttipitu eta prezioa haundituko dugu, eta
pisuak makurtuko.”
Herri hortan pisuak makurtuak dira zinez. Nehon ez da zuzentasunik. Besta egunak
errespetatuak badira ere, gogo kontra dira eginak, denak “makurtuak “dira. Eta huna epaiketa : ” Ez,
ez ditut sekulan ahantziko horien egintza gaixtoak !” Jaunak erraiten dauzue badirela gauza batzu
ahantzi behar ez direnak : Zuzengabetasuna ez ditaike herri batean lege izan, lege finkatu ! Bere
herriari Jainkoak galdatzen dion lehen gauza hau da : zuzentasunean bizitzea. Lurreko aita batek ez
lezake onets bere haurrak elgarren artean gisa hortako maneretan bizitzea. Are gehiago Jainkoak ez
dezake onar hoinbertze injuztizia eta miseria bizi dituen gizartea. Amos oraino garrazkiago mintzo
da, jakinez Zamariarrak urguluz daudela, jainko faltsu guziak beren herritik haizatuak dituztelakotz
mende bat hartan. Leporatzen diotena hau da : Orai dirua dutela beren jainko berria .
Salmoa 112
Leloa: Jainkoaz kanta, nola duen dohakabea goraltxatzen.
Jaunaren haurrek, aipa Jauna,
Aipa kartsuki Jaun izena.
Jaun izenari agur ospe,
Bai orai eta betiere.
Nor da munduan nola Jauna
Zeru gainetan Jaun dagona
Zeru lurretan den xumena
Harek ikusten, hain da ona.
Dohakabea du altxatzen,
Errauts zokotik argiratzen,
Jaun handietan ezar dezan,
Bere herriko handietan.
Salmo huntan hiru parte ikus ditaizke. Lehenean Jainkoaren Saindutasuna da aipatua,
hirugarrenean haren urrikalmendua edo bihotz ona. Erdian galde hau : ” Nor da munduan nola
Jauna , zeru gainetan Jaun dagona ? ”
Aldi bat gehiago ikusten da Biblian Jainkoa ” arras Bertzelakoa ” bezala erakutsia dela, bai eta
memento berean “arras Hurbila ” bezala. Ikus erabiliak diren hitzak . “Arras Bertzelakoa” dela
erraiteko, haren “izena” hitza errepikatzen da, egiazko izena ezin errana baita. Alabainan Bibliako
gizonarentzat, norbaiten izena erraitea, hura barnatik ezagutzen dela erraitea da. Nork ukan dezake
aski ausartzia Jainkoa ezagutzen duela pentsatzeko ? Jainkoa da bakarrik Jainkoaz behar bezala
mintzo ! Bertzalde salmo huntan “Jaun” hitza ainitzetan errepikatua da erakusterat emanez horrela
Jainkoaren eta gure arteko leizea zoin den barna !
Bainan Jaun haundi horrek ” Dohakabea du altxatzen, errauts zokotik argiratzen…hain da ona
” Eta deus ezinik ez baita Jainkoarentzat. Mariaren Magnificat-ak ez dio bertzerik : “…bere besoan
duen indarraz, harek ditu bihotz hantuak barreiatu …apalak aldiz goraltxatu..”
Bigarren irakurgaia
( Denen xedetara egin otoitza )
Jondoni Paulok Timoteori 1a : 2, 1-8
1 Lehen lehenik hau galdatzen dautzut :
egin ditela galde, otoitz eta esker emaiteak gizaki guzien alde,
2 bai eta errege eta kargudun guzien alde,
bizitze gozo eta baketsua ereman dezagun,
jainkozale eta gisako izanez.
3 Hori zaio eder eta atsegingarri Jainko gure Salbatzaileari,
4 gizaki guziak salbatzea eta egiaren ezagutzera heltzea nahi baitu.
5 Alabainan, bakarra da Jainkoa,
eta bakarra Jainkoaren eta gizakien bitartekoa:
gizon bat, Kristo Jesus,
6 bere burua guzien ordain-saritzat eman duena.
Hori da denbora egokian emana izan den aitormena.
7 Hortarako ezarria nago mezulari eta apostolu
– egia diot, ez gezurra –
paganoeri fedearen eta egiaren irakasle.
8 Beraz, nahi nuke toki guzietan gizonek otoitz egin dezaten,
esku garbiak zerurat altxatuz, hasarrerik eta eztabadarik gabe.
Idatzi hunen erdi erdian erranaldi hau dago : “…gizaki guziak salbatzea eta egiaren ezagutzera
heltzea nahi baitu .” Hitz guziak inportanteak dira : ” nahi baitu …” Jainkoaren nahia gizon guziak
salbatzea da.”…Eta egiaren ezagutzera heltzea”. Egia hori hauxe da : Jainkoak maite gaituela eta
beti ari zaukula bere amodioa emaiten. Salbatua izaitea, egia hori ezagutzea da, ez adimendu aldetik
bainan bibliako gisan, erran nahi baita hortaz biziz, bere burua utziz maitatua izaiten.”…Guzien
ordain-saritzat eman duena …” Ordain-sari hitz horrek “libratzeko ” du erran nahi. Amodio hortan
sinestea, hori da salbatua izaitea.”
“…Beraz nahi nuke toki guzietan gizonek otoitz egin dezaten…” Aski fede ukan dezaten
Jainkoak gizon guziak salbatuak izan diten nahi duela sinesteko. Jainkoaren begiekin ikus dezagun
mundua: esku batean Idatzi Sainduak eta bertzean egunkaria mundu guziko berriekin. Horrela
Izpiritua entzun dezakegu, guk egin dezakegunaz guri mintzatzen .
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jesu Kristo, aberats zelarik, egin zen behartsu,
bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 16 , 1-13
1 Jesusek erran zioten dizipulueri
“ Aberats batek etxegizon bat bazuen
eta hau ontasunen xahutzen ari zitzaiola salatu zioten.
2 Deitu eta erran zion:
‘ Zer da zutaz entzuten dutana?
Emadazu etxezaintzaren kondu,
ez baitzira gehiago nere etxegizon izanen.’
3 Etxegizonak bere baitan egin zuen:
‘ Zer ariko naiz, nausiak etxezaintza kentzen dautanaz geroz?
Aitzurreko indarrik ez dut, eta eske ahalge naiz.
4 Badakit zer egin, etxezaintzatik baztertua izanen naizenean,
beren etxean hartuko nautenak izan ditzadan.’
5 Nagusiaren zordunak bederazka deitu zituen,
eta lehenari galdegin zion:
‘ Zenbat zor diozu nere nagusiari?’
6 Harek ihardetsi: ‘Ehun untzi olio.’
Etxegizonak erran zion:
‘ Horra zure ageria:
laster, jar zaite eta izkiria berrogeita hamar.’
7 Gero, beste bati galdegin zion:
‘ Eta zuk, zenbat zor duzu?’
Harek ihardetsi: ‘ Ehun zaku ogi.’
Etxegizonak erran zion:
‘ Horra zure ageria, izkiria : lauetan hogei.’
8 Eta nagusiak goraipatu zuen etxegizon zuzengabe hura,
abilki jokatu zelakotz.
Zeren mundu huntako semeak abilago dira beren artean
argiaren semeak baino.
9 Beraz, nik diozuet:
egizkitzue adiskideak zuzengabeko diruaren bidez,
hau eskasten denean, heiek har zaitzaten betiereko egoitzetan.
10 Hunela has: Jesusek erran zioten dizipulueri:
Gauza ttipietan fidagarria dena, handietan ere fidagarria da.
Gauza ttipietan zuzengabea dena,
handietan ere zuzengabea.
11 Zuzengabeko diruarekin fidagarriak izan ez bazirezte,
nork utziko du zuen esku egiazko ontasuna?
12 Eta besteena den ontasunarekin fidagarriak izan ez bazirezte,
zuena nork emanen dautzue?
13 Ez da mutilik bi nagusi zerbitza ditzazkeenik:
edo bat hastio izanen du, eta bestea maite;
edo bati atxikia izanen zaio, eta bestea gutietsiko du.
Ezin zirezte Jainkoaren eta diruaren mutil izan.
Ebanjelio hau ez da errexki konprenitzen. ” Eta nagusiak goraipatu zuen etxegizon
zuzengabe hura, abilki jokatu zelakotz…” Abilki jokatu zelakotz …Galdatua zaukuna hemen,
iduriz, hau da : joka gaiten abilki “egiazko ontasunak ” gureganatzeko…lehenik abil izaitea
baita beti iraunen duenaren ondotik ibiltzea, bazterrerat utzirik heriotzeak bakotxari kenduko
diona goiz edo berant.
Abilki jokatzea ez dea ere bere burua osoki Jainkoaren eskuetan emaitea, jakinez hunek
maitasunez gaituela salbatzen, ez gure obrek. Santa Terexa ttipiaren teologia ez dea dena
hortan…” Ez daitezke bi nagusi batean zerbitza.” dio Xalbador-ek Herria eta hizkuntza
bertsuetan. Hain segur ebanjelio hau entzuna zuelakotz Urepeleko elizan. Eta Jesusek : ” Ez
zirezte Jainkoaren eta diruaren mutil izaiten ahal. ” Eta guk, gure egun guzietako hautsi –
mautsiekin biena egin nahi…