Lapurreta Jainkoari egitearen abantaila (Lukas 16,1-13)

Urteko 25. igandea C 2019-09-22

Egunkaria itxi eta taldeari begira jarri zen Jesus:

─Istorio bat kontatuko dizuet: Alderdi politiko batek administratzaile bat zuen. Honek Suitzan zuen bere kontu pertsonala loditzeko erabiltzen zituen jasotako opariak. Jakinik beraren kudeaketaz errezeloak aireratu zirela, esan zuen bere kolkorako: “Alderditik botako naute; are, gerta dakidake, kontra salaketa jartzea ere. Oposizioan ez didate lanik emango, banketxeek ere ez. Zer egin nezake? Libreta batean idatziko ditut alderdiko buruzagiak erruduntzat ematen ahal dituzten datu guztiak, prentsan argitaratzeko mehatxua egingo diet, eta, jendearen begietara iritsiko diren beldurrez, bakean utziko naute. Gero, Karibeko uharte batera joango naiz, gelditzen zaidan bizitzaz gozatzera”.

Beraiei begira jarraitu eta galdegin zien:
─Zer deritzozue administratzaile horretaz?
─…kume bat dela.
Pedrok garaiz dominatu zuen bere berezkoa, baina garbi zuen zer zetorren.
─Jakin egin behar zein alderdiri lapurtzen zion ─bota zuen Bartolomek ironiaz.
─Kasik guztiek egiten dute hori ─irten zitzaion Tomasi.
─Ba al dago inor administratzailearen alde?
Ez zuen ematen alde inor zegoenik, eta jarraitu zuen Jesusek.
─Beste istorio bat kontatuko dizuet orain; oraingoan lurjabe batena. Gizon aberats batek administratzaile bat zuen, eta salaketa iritsi zitzaion, dirua xahutzen ari zitzaiola. Hartan, dei egin zion eta esan: «Zer da zutaz esaten didaten hori? Emadazu zeure kudeaketaren balantzea, kargua kenduko dizut». Administratzailea bere kalkuluak egiten hasi zen: «Zer egin dezaket orain, nagusiak kargua kenduko baitit? Aitzurrerako ez dut indarrik, eskale hastea lotsa ematen dit. Badakit zer egin, administraziotik botako nauenean, etxean nork onartua izan dezadan». Bere nagusiaren zordun guztiei banan-banan dei egiten hasi, eta galdegin zion lehenengoari: «Zenbat zor diozu nire nagusiari?» Eta hark erantzun zion: «Ehun upel olio». Eta administratzaileak: «Hona zure agiria; tira, laster, eseri eta idatzi berrogeita hamar». Gero beste bati: «Eta zuk, zenbat zor diozu?» Eta hark: «Ehun anega gari». Eta administratzaileak: «Hona zure agiria, idatzi laurogei».

Pausaldi bat egin eta galdetu zien Jesusek:
─Ba al dakizue zein izan zen lurjabearen erreakzioa?
─Salatzea, kartzelan sar zezaten. Aberatsak… huts dira.
─Oker zabiltza, Felipe. Goretsi egin zuen hain zuhur jokatu zuelako.
Felipe kopeta zimur jarri zitzaion begira.
─Eta zuk ondo al deritzozu?
─Bikain irizten diot. Denok nola egin beharko genukeen agertu digu.
Pedrok buruan hazka egin zuen, eta eszeptiko komentatu zuen.
─Zer?, guk lapurretari ekitea nahi al duzu?
─Diruaz zuhur baliatzeari eman diezaiozuen nahi dut. Zergatik egin zituen administratzaileak tranpa haiek? Zeren bila zebilen?
─Nagusiak botako zuenean, lan bat aurkitzeko ─iradoki zuen Sarak.
─Horrelako zerbait ─erantzun zion Jesusek─. Istorioa kontatu dizuedanean beste adierazpen bat erabili dut: nahi duena, norbaitek bere etxean onar dezan da. Konturatzen al zarete nondik nora nabilen?
─Ez.
Barne-barnetik hats hartu zuen Jesusek. Ez zen ohitu bere ikasleengan hain adimen kaskarra ikustera.
─Administratzaile hori bezalako zarete zuek. Goizago edo beranduago, kontuak eman beharko dituzue dirua administratzeaz.
─Diruaz, ez. Gure diruaz ─ausartu zen Lebi zuzentzera.
─Zuen diruaz, ez. Jainkoaren diruaz. Daukagun guztia Jainkoarena da, eta administra dezagun utzi digu eskura. Xahutu dezakegu axolagabe, eta haren kontu eskatuko digu. Baina beste batzuei ematen ahal diegu, lurjabearen administratzaileak bezala, eta adiskideak egingo ditugu, Kariberako bidaia ordainduko digutenak.
─Karibe hori zerua da, ezta ─esan zuen Mariak txantxetan.
─Halaxe da. Eta bidaia hori egiteko ezin aurreztu du inork. Aitzitik, dirua gastatu egin behar da, premian denari emanez.
─Nahiago duk nik, bidaia nik neuk ordaindu.
─Ezin da. Beste batzuek ordaindu behar dizute.
─Ulertzen ez dudana ─eten zuen Felipek─, dirua nirea ez den hori da. Okindegia urte askotako lana eta sakrifizioa kostatu zitzaion nire aitari.
─Zure aitaren okindegia, Judasen furgoneta: hori guztia gauza txiki dira, baliorik gabeko. Egiaz balio duena, Karibeko hotel batean gela batez gozatzea da. Baina bizitza honetan eskura jarri dizkizuten ondasunak egoki administratzen ez badituzu, ez dira zutaz fidatuko, eta ez dizute utziko hotelean sartzen.
Pedrok igurtzi bat eman dio bizarrari.
─Oso korapilatsua, maisu, hori guztia.
─Ez al duzu ulertzen, ala ez duzu ulertu nahi?

Parabolaren ironia

Lukasen ebanjelio-testuak hitzez hitz berridatzi dituen aurreko bi paraboletako bigarrenak jende asko eskandalizatu izan du, Jesusek administratzaile lotsagabea laudatu duelako. Baina hori ulertzeko zailtasunak, Jesusek kontuan izan dituen beste aurreiritzi edo aurreuste batzuetatik datoz, gure ikusmoldearen aurka baitoaz.

1.-Gu ez gara jabe, baizik administratzaile. Daukagun guztiaz, ondarez jasoa nahiz geure lanaren fruitu izan, ez dugu jabetza pertsonalik, baizik eta Jainkoak gomendatu digu zuzen erabil dezagun.

2.-Ondasun material horiek, handienak eta ikusgarrienak irudi arren, ezerez dira goreneko ondasunaren ondoan; «betiko egoitzan (Karibeko Hotelean) onartuak izatearen» ondoan.

3.-Goreneko ondasun hori lortzeko, gauzarik hobena ez da jasotako kapitala loditzea, baizik xahutzea premian direnen mesedetan.

Parabolaren ironia segidako hau esatean datza: behar duenari dirua ematen diozunean, uste izaten duzu, zeurea duzun zerbait uzten ari zarela. Egiaz, ordea, Jainkoari ari zara dirua lapurtzen adiskide bat egiteko, hark une erabakitzailean zure alde erregutu dezan.

Diruaren idolatria

Igande honetako ebanjelioak hitz oso sonatuak dakartza bukaeran: «Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan».

Jesus ez da abiatu plurienpleguaren esperientziatik, zeinetan lagun bat egoki konpondu baitaiteke bi enpresa desberdinetan, baizik eta asmo eta jarrera guztiz kontrajarriak dituzten bi nagusiren zerbitzari izan nahi duenaren esperientziatik. Ezin ariko da gustura biekin. Horixe da gertatzen Jainkoaren eta diruaren artean.

Jesusen hitz hauek txertaturik datoz idolatriaren aurka eta lehen aginduaren alde («ez duzu ni beste jainkorik izango») ari duen borrokaren ildoan. Itun Zaharra, hein handian, jainko paganoen eta idoloen kondena da, egiazko Jainko bakarraren arerio bezala ageri baitziren. Hasieran israeldarrek uste zuten Jainkoaren arerio bakarrak auzoko herrien jainkoak (Baal, Astarte, Marduk etab.) bakarrik zirela. Profetek, ordea, ohartarazi zieten Jainkoaren arerioak edozein arlotan eman daitezkeela, ekonomikoa barne. Jesusentzat, kultua eskaintzen diogun eta idolatriara garamatzan jainko bihur daiteke aberastasuna.

Jakina, gutako inor ez da joango banku eta aurrezki kutxa batera diruaren jainkoari otoitz egitera, ez diegu egingo bederatziurrenik banku-jabeei ere. Baina hondo-hondoan diruaren idolatriara jotzen ari gintezke. Itun Zaharraren eta Berriaren arabera, hiru eratan eskaintzen zaio kultua:
1.-Zuzeneko bidegabekeriaz (lapurreta, iruzurra, erailketa, gehiago edukitze aldera). Erabateko ondasun bilakatzen da dirua, Jainkoa eta hurkoa baino goragoko, eta norbera ere baino goragoko. Lehen irakurgaian, Amosengandik hartuan, ageri da gai hau.
2.-Zeharkako bidegabekeriaz, egoismoaz; ez diogu egiten kalterik hurkoari zuzenean, baina haren premiaz axolagabe bizitzera eragiten digu. Adibide klasikoa aberatsaren eta Lazaroren parabola dugu; datorren igandean irakurriko dugu.
3.-Mundu honetako ondasunek eragindako itobeharraz, Jainkoaren ardurarekiko konfiantza galarazten digutenean.

Zuzeneko bidegabekeriaren kasu batzuk (Bigarren irakurgaia: Amos 8,4-7)

Amos K.a. VIII. mendeko profeta da. Zorrotz kritikatu zituen bere garaiko zuzengabekeriak. Gaurkoan jende apala ustiatzen duten merkatariak gaitzesten ditu. Hiru gauza leporatzen dizkie:

1.-Nazka diete jai erlijiosoei (larunbata, gure igandearen baliokidea, eta ilargi berria, 28 egunerokoa); zergatik?, beren denda irekitzea eta salerosketan aritzea eragozten dietelako. «Jainkoaren eta diruaren zerbitzari ezin izanaren» adibide garbia.
2.-Tranpak egitera jotzen dute aberasteko: neurria txikiagotzen dute (kiloa 800 gramoko bihurtuz), salneurria handitzen dute (pezetatik eurora igarotzea historiara pasatuko den adibidea da) eta balantza faltsutzen dute.
3.-Giza salerosketa, esklaboak erostean islatua, prezio barregarrian erosten ahal baitira, «sandalia pare batez». Gaur egun benetako esklabutza-kasuak gertatzen dira (adibidez, beren aberkideen lantegietan lan egiteko isilka ekarritako txinatarrak) eta ezkutuko esklabutza-kasuak (Almeriako negutegiak, soldata ezdeusak kinka ekonomikoaz baliaturik, etab.).

José Luis Sicre