Urteko 25. igandea C 2016-09-18
HOMILIA

Anai-arrebok!

Geure buruari egiaz begiratu nahi badiogu, ikusiko dugu, ikusten eta ukitzen ditugun gauzetan konfiantza handiagoa izaten dugula, gu geu benetan garen hartan baino. Diruaren zerbitzari izan ohi gara; eta Jainkoaz, baliatu egiten gara, Jainkoa geure zerbitzaritzat hartzen dugu.

Gaurko ebanjelioak, alde horretatik, gogoeta sakon bat egitera gonbidatzen gaitu.

Bibliaren tradizio handi batean, aberastasunak Jainkoak egindako dohain edo erregalu handitzat hartu ohi ziren. Profetek tradizio horren kontra hitz egin zuren: zuzengabeki lortutako aberastasunen kontra. Zuzengabeki delako ñabardura hau galdu egin da ebanjelioan: aberastasunak, besterik gabe, Jainkoaren Erreinuaren kontrakotzat hartzen ditu ebanjelioak.

Emaiogun begiratu bat gaurko ebanjelioari. Parabolak bat kontatu digu Lukas ebanjelariak. Kontuan izan behar dugu: parabola batean ez dira puntu guztiak hitzez hitz hartu behar; ebanjelariaren asmoa zein den bilatu behar da. Hau da, bizi-jarreraz aldatzeko ematen digun irakaspena bilatu behar da.

Gaurko parabola honek ez gaitu gonbidatzen zuzengabe izatera, bertan aipatzen den administratzaile zuzengabea bezala. Hau eskatzen digu: eseri eta kalkuluak egiteko egitera, azterketa egitera, administratzaile zuzengabe horrek bezala. Aztertzeko, zer den hoberena niretzako. Aztiak izateko, zein den bide espiritualik hoberena.

Hori ote egiten duguna? Benetan txundigarria da: ikasketa handiak eta luzeak egin dituen jende bat, lehen jaunartzeko ebanjelio-ezagutza soilarekin gelditu ohi da. Gaurko ebanjelioak esan digu: mundu honetako seme-alabak zuhurragoak dira argiaren seme-alabak baino.

Eta esaten digu, gainera, ezin izan zarete Jainkoaren eta diruaren zerbitzari. Jatorrizko testuak ez du esaten «diru», baizik Mammon. Mammon hau kanaandarren jainkoa zen, diruaren jainkoa. Beraz, diruaren zerbitzari izateak, dirua nire helburu egitea esan nahi du: diruari nire bihotzaren erdigunea eskaintzea.

Beste urrats bat. Kontua ez da Jainkoaren zerbitzari izatea. Kontua, Jainkoari leial izatea da, konfiantza Jainkoagan jartzea. Jainkoagan konfiantza izateak gizakiaren zerbitzari izatea esan nahi du. Hau da Kristoren ebanjelioaren orijinaltasuna, berezitasuna. Erlijioak askotan Jainkoaren zerbitzari izan nahi izan du: animaliak etab. eskainiz. Erlijioak Jainkoa jartzen duen horretan, ebanjelioak gizakia jartzen du.

Bukatzeko. Jakingarria da, ez dugula dudan jartzen hau: legezkoa dena izan daitekeela ez-zuzengabea; legezkoa dena izan daitekeela zuzengabea. Esan ohi da, legez eskuratua dut hau guztia; ezin esan dit inork neurea ez dudanik. Gogoan izan beharko genuke: dirua zuzengabe izan daitekeela, bai eskuratzeko moduagatik, bai erabiltzeko moduagatik, bai gordetzeko moduagatik, bai gastatzeko moduagatik…

Garbi esan digu ebanjelioak: geure bizitzan ezin izan ditugu bi azken helburu. Eta diru zuzengabearekin adiskideak egiteko esaten digunean, gauza guztiak benetan balio duen hari begira jartzeko erregutzen digu. Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen Espiritu argi-emaileak.

Dionisio Amundarain