URTEKO 25. IGANDEA B (2021-09-19)
SARRERA
Senideok, urteko 25garren igandea ospatzen dugu. Gaurko ebanjelioaren arabera: gizon-emakumeetan handiena, gainerakoen zerbitzari egiten dena da.
Alabaina, bi zerbitzari-mota bereizi behar dira. Batetik, ezinbestean direnak zerbitzari; boteretsuen mendeko zerbitzari direnak; zerbitzari mota hori ez da inbidiagarria, gizatasun hondatzailea izan ohi da. Bestetik, borondatez besteren zerbitzari bizi direnak daude; premian direnen zerbitzari.
Milioika gizon-emakume dira munduan, azken mota honetakoak. Guraso, irakasle, misiolari; edozein izan daiteke azken mota honetako zerbitzari, bere lanbidea zerbitzu-zentzuz bizirik. Inork eta inoiz omenaldirik egingo ez badiete ere.
«Zergatik hartzen duzu beti zatirik txikiena», esaten dio amari zortzi urteko haur batek. Eta amak: «Jesusen hitz hauek etortzen zaizkit burura: “Zuen artean lehenengoa izan nahi duena, egin dadila guztien zerbitzari. Zerbitzari etorri naiz ni, eta ez zerbitza nazaten”».
LEHEN IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (2,12.17-20)
Gaurko testu hau, Jakinduria liburuko bigarren kapituluan dator. Batetik, «gaiztoen jakinduriaz» mintzo da. Bestetik, zintzoak ematen dien erantzunaz.
Harrigarria da zein antzekoak diren pasarte honetan jende gaiztoak jende zintzoaz botatzen dituenak eta judu-agintariek gurutzean zegoen Jesusi esandakoak. Jende gaiztoak gogaikarritzat hartzen du jende onaren biziera: min ematen dio, lotsagarri uzten du jende gaiztoa…
Testu honetako jende gaiztoak dio: «Ikus dezagun zintzo horren hitzak egiazkoak diren… Zintzo hori Jainkoaren semea bada, Jainkoak lagunduko dio…»; judu-agintariek, berriz, Jesusi esaten diote: «Jainkoaren Semea bada, etor dadila Jainkoa eta salba dezala».
BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren gutunetik (3,16─4,3)
Gizakiak betidanik antsiatu izan du jakinduria. Baina, Adamen eta Evaren kontakizunak adierazten digun bezala, askotan bizi izan du sasi-jakindurian erortzeko arriskua. Izan ere, ez da gaurko gauza gizakiaren tentazio hau; bera bakarrik aski eta nahikoa dela uste izatea.
Santiagok garbi du arazoa: gizartean jasaten ari garen ezbehar guztien jatorrian handinahia dago, anbizioa.
Santiagok, arrisku horren berri jakinik, sasi-jakinduriaren ondorio gaiztoak seinalatzen ditu: gorrotoa, gerlak, handinahia, inbidia etab. Aldiz, benetako jakinduria beste fruitu hauen inguruan mugitzen da: maitasuna, zuzentasuna, bakea.
EBANJELIOA Markosen liburutik (9,31-37)
Jesus Jerusalemera doa. Han beteko du Jainkoaren egitasmoa: hil egingo dute, baina piztu egingo da. Ikasleek ezin ulertu dute, ordea. Mesiasek heriotzatik pasatu behar duelakoa hori ez zaie buruan sartzen.
Bitartean, eztabaidan ari dira: zein ote den handiena beren artean. Horregatik, Jesusek pazientzia handiz erakutsi eta irakatsi nahi die: badela bizitzaz beste ikusmolde bat, badela bizitza bizitzeko beste era bat. Gauza guztien gainetik, gainerakoen zerbitzari izatea dela benetako bizia. Zerbitzua dela poz-iturria, bake- eta bizi-iturria..
Argitzen die, berak ez duela zerikusirik berek amesten duten mesiasekin: ez dator bere indarra ezartzera, ez dator inor zapaltzera. Bere mesiastasuna argiago ikusarazteko, haur bat hartu du besoetan. Haur hau bezalako bihurtzea da kontua. Arazoa ez da haurkerian erortzea. Haurrak dena aitagandik eta amagandik espero du. Haurtasun hori bizi behar du pertsonak zeruko Aitarekiko: konfiantza guztia zeruko Aitagan jartzea da kontua.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliza osoaren alde: Ebanjelioko Jesus ulertu eta onartzeko gai izan gaitezen, eta beldurrik gabe haren berri eman dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Sinestedun guztien alde, dena dela ere praktikatzen dugun erlijioa: gure artetik kanpora bota ditzagula pertsonak mendean hartzeko grina eta botere-modu guztiak. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Beren lurraldetik noraezean atera, eta non biziko bila dabiltzan iheslarien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Jaunaren mahai inguruan elkartzen garen guztion alde: gure Eukaristia seinale izan dadin, pobreen eta jende xumearen zerbitzari garela. Eska diezaiogun Jaunari.