URTEKO 25. IGANDEA A 2020-09-20

SARRERA

Anai-arrebok, gaurko ebanjelioa mahastiko langileez mintzo zaigu. Ordu desberdinetan joan dira lanera; halere, soldata bera jaso dute denek.
Zer esan nahi du horrek? Esanahi sakon-sakona du: Jainkoa ez da merkataria, ez tratularia; Jainkoa maitasun hutsa da; ez dago gizakiak zer egingo zain; doan eskaintzen digu bere maitasuna, bere onginahia, bere salbazioa.
Ebanjelioa askotan modu probokatzailean mintzatu ohi zaigu; beti zirika: giza ikuspegitik ikusita zentzurik ez duen jokabidea agertu ohi digu: eguzkitik eguzkira lan egin dutenei eta arratsean ordu pare bat bakarrik lan egin dutenei soldata bera!
Nolanahi den, mahastiak Jainkoaren Erreinua adierazten du. Jesus bera da mahasti-jabea. Jesus bera dabil jendea mahastira nola eramango. Mahastian guztiei bizia nola emango.
Horren guztiaren esanahia ulertzeko, ez dugu beste biderik: Jesus maitatu. Maitatuz bakarrik ulertuko dugu Jesus bera eta Jesusen jokabidea. Izan ditzagula lagun haren Espiritua eta haren eta gure ama, Andre Maria.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (55,6-9)

Esaldi bakar honek biltzen du gaurko irakurgai hau guztia: Nire asmoak ez dira zuen asmoak. Pasarte hau Bigarren Isaias deitzen dugun zatikoa da; kontsolamenduaren liburua deitu ohi dugunekoa. Herriak eta buruzagiek Jainkoaren bidea utzi eta ituna, emandako hitza, jan zutelako joan ziren israeldarrak Babiloniako desterrura. Halere, Jainkoa ez da ahaztu bere herriaz. Bigarren Isaias hori, desterruan bizi den herriari esperantza eta kontsolamendua ematen saiatu da. Bide batez, konbertsiorako deia egin dio; Jaunagana itzultzeko eskatu dio; asmo eta pentsamendu okerrak baztertzeko, eta Jaunaren asmoak onartzeko. Hitz batean esateko, Jainkoaren erruki handia goresten du profetak: errukia dio bekatariari, eta aberats da barkatzen.

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutuna (1,20c-24.27)

Filipoarrei egindako gutun hau, kartzelatik idatzi du Paulok; Efesotik (56. urte inguruan) edo Erromatik (61-63 urteetan); adituak ez datoz bat.
Filipoarrek bihotza harrapatu zioten Paulori; oro har, ez zuen gogoko bera inorentzat zama izatea; halere, gustura hartu zituen filipoarren erregaluak; gogoan hartzekoa da gustura hartze horren arrazoia: «Ez uste izan neuretzako mesede bila nabilenik; zeuen ontasun-kontua handitu dezazuen nahi dut» (Flp 4,17)
Horiek horrela, bere bihotza zabal-zabal, bere barnean bizi duen aukera egin beharra eta ezin egina adierazi die Paulok: bere buruari begira, nahiago luke Jaunagana joan; kristau-elkarteei begira, berriz, lan egin beharra ikusten du; hil ala bizirik jarraitu, Jesusentzat izan nahi du beti. Jaunagana joan nahi luke: bere burua pertsegiturik, kalumniaturik, preso, zigorturik, mespretxaturik ikusten duelako. Lanean jarraitu nahi luke: kristau-elkarteak oso hauskor ikusten dituelako, arrisku handian ikusten dituelako. Azken batean, ez daki zer aukeratu. Baina prest dago bietan edozein onartzeko.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (20,1-16)

Mateok hiru parabola dakartza mahastiaz. Gaurkoa da lehenengoa. Hurrengo igandeetan entzungo ditugu beste biak.
Lerro batzuk lehenago, Jesusengatik dena uzten dutenei dagokien sariaz jardun da Mateo. Hemen, segidan, mahastiko langileen parabola ezarriz, irakaspen hura bera osatu nahi du.
Mahastiko langile horiek plazan nork hartuko zain egote hori ez da asmatutako zerbait. Jesusen garaian bizi zuten egoera da.
Alde askotatik har daiteke parabolaren mezua. Alderik nagusiena, badirudi, Jainkoaren doakotasuna azpimarratzea dela. Jainkoa ez da egon, ez dago, ez da egongo, gizakiak zer egingo zain: ez gizakia kreatu duenean, ez gizakiari pertsona bezala bizitzen lagundu dionean, ez beste inoiz. Jainkoarena da beti lehen hitza. Onginahi hutsez dihardu. Maitasun hutsez. Ez da tratularia. Eskuzabala da. Dena bihotz, bihotz bigun, bihotz samur, bihotz onbera. Alde horretatik, Jainkoarentzat ez du zentzurik lehenengoak eta azkenak delako esapideak. Guztiok gaitu berak kreatu, maitasun hutsez kreatu ere.
Nahi bada, beste alde honetatik ere har daiteke parabola. Mahastia Israel herriaren sinboloa da, Jainkoaren herri bezala harturik. Horregatik, mahastian lan egiteak Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan lan egitea esan nahi du.
Ebanjelio hau ez da hartu behar, beraz, harreman sozialeko irakaspen bezala. Soilik, Jainkoaren maitasuna agertu nahi du. Guztiek soldata bera hartu dute, mahasti-jabearen errukia eta ontasuna mugagabeak direlako.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jaunaren mahastian langile fin, ondradu eta erantzukizun handiko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Zuzentasunaren eta bakearen alde lan berezia egiten duten erakundeen alde: aspertu gabe, iraupentsu izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, preso, pobre, goseak diren guztien alde: aberatsen eta pobreen mundu hau ebanjelioaren araberako orekara itzul dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan ebanjelioaz ari garenean, gauzak nahastu ez ditzagun: nork bere iritzia ebanjelioaren iritzitzat eman ez dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.