Urteko 25. igandea A (2017-09-24)
Lurjabe aluaren parabola
Gaztelaniazkoaren OHARRA: Gaztelania aberasten duten irain-termino askotatik, «cabrón» terminoa da Bibliatik (Ezekiel) hartua den bakarra. Ondorioz, ez bedi eskandalizatu inor nik hemen erabiltzeaz; halere, ez da beharrezko gehitzea: «Jainkoaren Hitza». [Itzultzaile honek, «alu» irain-hitza erabili du].
Ikasleen formazio-aldian, Mateoren ebanjelioak dakarrenez, ematen du, Jesus gustura sentitzen dela bere ideiekin ikasleak nahasirik ikustean: ezkontzaz, haurren garrantziaz, aberastasunez mintzo delarik. Baina nahasmenduaren gailur-puntua, ordea, parabola honekin jo du, egindako lanari emandako ordainketaz ari dela.
Lurjabe bat da protagonista; langile asko alokatzeko ahalbidea du. Ez da landa-produktuez gozatzera emana da tipo bat. Egunsentian jada jaikita dabil, herriko plazan, garaiko ohiko soldataz langileak alokatzen: denario banaz. Eta beste hirutan ere itzuliko da herriko plazara, goizeko 9etan, 12etan, arratsaldeko 5etan beretan, langile bila. Hauei ez die esan zenbat ordainduko dien. Baina soldata bera emango die. Zerbait da!
Orain arte dena ondo doa. Jabe aberats bat, bere lursailaz arduratsu, egun osoan guzti azti ahalik gehien eman dezan. Sumatzen zaio alderdi baikorrago eta gizartekoiago bat: kezkatzekoa du langabezia, eguna bukatzean etxera zer emanik ez duen jenderik izatea.
Baina hain duina den pertsonaia honek, azkenean jokabide alua agertu du. Arratsean, ordaintzeko orduan, administratzaileari agindu dio, ez hasteko lehen ordukoengoengandik, baizik eta azkenekoengandik. Azken hauek, harriduraz, ordu bateko lanagatik, denario bana hartu dutenean, gainekoek, goizeko seietakoek partikularki, esperantza amestuko dute, soldata askoz altuagoa hartuko dutela. Baina, haserre bizian, soldata bera jaso dute. Logikoa da protesta egin izana.
Zergatik ez zen hasi jabea lehen ordukoei ordaintzen eta ez zien utzi alde egiten, ondoren besteei ordaintzeko, zer ordaintzen zien inork jakin gabe? Zergatik eragin nahi izan zuen protesta? Ba, eskandalurik eta haserrerik gabe ez genuelako jasoko parabolaren irakaspena.
Alua ala ona?
Lehen orduko langileek, zuzenbidearen mailan planteatu dute arazoa. Lurjabeak, aldiz, onberatasunaren aldetik planteatu du. Ez du egin inolako zuzengabekeriarik, hitzartua ordaindu du. Azken ordukoei gauza bera ordaindu badie, onberatasunez egin du, dakielako beharrezkoa dutela denario bat bizitzeko, haietako asko alfer eta arduragabe izan arren.
Zein dira goizeko seietakoak eta zein arratsaldeko bostetakoak?
Mateoren kristau-elkartean, judaismotik eta mundu paganotik etorriek osatua zen hartan, Jainkoak batzuk eta besteak modu berean sarituko zituela esateak harrotuko zuen aski nahasmendurik, bai batzuen bai besteen artean. Juduek goragoko jotzen zuten beren burua maila erlijiosoan: aspaldiko mendeetakoa zuten Jainkoarekiko beren konpromisoa, Moisesen garaikoa, gutxienez; itunaren zigilua zeramaten beren haragian, erdainkuntza; beteak zituzten Jaunaren aginduak eta erabakiak; ez zioten huts egin sinagogari larunbat bakar batean ere. Nolatan ordaintzen al zien modu berean paganoei, konbertitu berriei, bizitzako zatirik handiena Jainkoaz eta lagun hurkoaz arduratu gabe bizi izan zuten hauei? Daniel profetaren hitz batzuk hartuz, nolatan egiten ahal zuten distira paganoek geroko zeru-ortzian juduek bezala? Planteamendu honetan, ulertzekoa da lurjabeak (Jainkoak) aurpegiratzen diena: zuen arazoa ez da zuzentasuna, baizik inbidia, gogaikarri duzue ni on izatea.
Mateoren garaitik hogei mende igaro dira; aurreko interpretazioak ez du jada gaurkotasunik, eta beste hauekin ordezka genitzake judu horiek: haurtzarotik Jainkoaren nahia bete, igande batean ere meza huts egin ez, pilula antisorgailua ere hartu ez eta jakin dutenen kristauekin, Jainkoak beraiek bezala sarituko dituela eliza hiletetan eta ezteietan bakarrik zapaltzen dutenak eta Elizaren morala komeni zaien bezala hartzen dutenak. Kristau horietako askori irudituko zaio hori zuzengabekeria handia dela. Baina Jainkoak ez ditu gauzak horrela hartzen, merezi duten bezala saritu nahi ditu. Gainerakoei, ordea, gauza bera opa badie, ez da ari zuzenaren izenean, baizik eta ontasunaren izenean.
Haserretze hori ez ote hipokriten jarrera?
Norbaitek Jainkoaren jarrera horren aurka haserre jarraitzen badu, hipokrita ala zozoa den galdetu beharko lioke bere buruari. Hondo-hondoan, haserre dena, goizeko seietatik lanean ari dela uste duelako da, den-dena ondo egin duela uste duelako, Jainkoagandik sari handiagoa merezi duela uste duelako. Baina bere bizitzari patxadan erreparatzen badio, konturatuko da, goizeko hamaiketan hasi zela lanean agian, eta atsedeteari eman izan diola langileburuak ez zuela ikusten uste zuenean. Aditzaile onari hitz gutxi.
Aitzitik, bere bizitzan fruitu gutxi eman duela uste duena, une askotan behar bezala ez duela jokatu eta arratsaldeko 5etan hasi izan dela lanean uste duena, animaturik sentituko da parabola honekin.
Arratsaldeko bostak
Har lezake norbaitek aurreko hori guztia honela: «Jainkoa ona da eta zergatik ez eman lasai eta oparo bizitzeari?» Arratsaldeko bostetan, ordu baterako besterik ez bada ere, lanera joateko parabolako gonbita, arreta-deia da. Arazoa ez da alferrontzi jarraitzea, arduragabe. Beti izan ohi da garaiz, lurjabeari laguntza eskaintzeko.
Horixe da lehen irakurgaiaren leloa, Isaiasengandik hartua, zeinek hizkuntza askoz zorrotzagoa baitarabil. Ez da mintzo langabeez, baizik eta gaiztoez eta gaizkileez. Halere, Jaunagana bihurtzeko erregutzen die, «gupidatuko zaiela», «guztiz barkabera delako». Ebanjelioan, kontraste handiarekin, ez dira gaiztoak eta gaizkileak Jainkoaren bila doazenak; baizik eta Jainkoa bera atera zaio bidera, egunean lau aldiz, beraren laguntza behar duen jende guztiari.
Ebanjelioa eta Isaias bat datoz esatean, nork bere erara, Jainkoaren asmoak eta bideak gureak ez bezalako direla, gureak baino goragoko.
José Luis Sicre