URTEKO 24 IGANDEA C (2019-09-15)
SARRERA
Senideok, urteko 24garren igandea ospatzen dugu gaur. Irakurgaietan Jainkoaz ikuspegi harrigarria ageri da. Lehenengo irakurgaian, Moises dator, Jainkoari bere herriaren alde erreguka, eta Jainkoak amore eman du erregu horren aurrean; Jainkoa guk uste baino bigunagoa da. Bigarren irakurgaian, Pauloren aitortza miresgarria eta zoragarria ageri da: lehenago biraolari handia izan da, eta pertsegitzailea; orain Jainkoaren onginahia gainezka bizi du. Azkenik, ebanjelioan, Jainkoaren errukia agertzen diguten hiru parabola datoz; batez ere, aita onaren eta bi semeena: bere aitaz eta familiaz asperturik eta nazkaturik, etxetik alde egin duen semearen zain-zain bizi den aita da protagonista; Jainkoa, alegia. Aita horixe da Nazareteko Jesusek agertu nahi digun Jainkoa. Horixe da besoak zabalik gure zain-zain bizi den Jainkoa.
LEHEN IRAKURGAIA Irteera liburutik (32,7-11.13-14)
Entzutera goazen kontakizun honek hiru urrats ditu. Lehenengoan, Israel herriak albora utzi du Yahve Jainkoa, urrezko idolo bat eginez. Orduan, Yahvek hautsitzat eman du duela gutxi herri horrekin egindako elkargoa. Bigarren urratsean, Moisesek Jainkoagana jo du, eta erregutu dio, ez dezala utzi bere herria. Hirugarren urratsean, Jainkoak barkatu dio herriari, Moisesen erregua aintzat hartuz.
Senideok, hau guztia Jainkoa gizakien eran hartzea da. Gure artean, hau izan ohi da ibilbidea: norbaitek kalte egin dizu, eta zuk mendekuaz erantzun nahi diozu; baina hirugarren pertsona batek horrelakorik ez egiteko eskatu dizu, eta esana entzun eta barkatu diozu.
Jainkoaz giza ikuspegia agertzea da hori guztia. Jainkoak ez du sekula kontuan hartzen gizakiaren iraina. Aitzitik, uste du, gizakiak bere buruari egiten diola kalte. Hargatik, mila bidez baliatzen da Jainkoa, gizakiari begiak irekitzeko, gizakia gaitzetik ateratzeko.
BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (1,12-17)
Paulo, konbertitu ondoren, bi gauzaz konturatu da: batetik, Jainkoak berari sekulako maitasuna agertu diola; bestetik, konbertsio aurretik espiritu-pobretasun handia bizi izan duela. Bera, Elizaren pertsegitzaile sutsu izan arren, Jainkoak erakarri egin du beregana.
Orain, konbertiturik, Jainkoaren errukia ospatzen du, Jainkoak gizon-emakume guztiei dien errukia, alegia. Paulok ezin asmatu du Jainko hori behar bezala goratzen. Jainkoaz fidatzera gonbidatzen gaitu, bihotz-bihotzez onartzera.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (15,1-32)
Gaurko ebanjelioak, Jainkoaren maitasuna zer eta nolakoa den hiru parabolaz agertzen digu. Hirurek agertzen dute nola pozten den Jainkoa edozein bekatari konbertitzean.
Lehenengo parabolan, artzaina poztu egin da galdua zuen ardia aurkitzean. Bigarrenean, antzeko zerbait gertatzen da: emakume bat, galdua zuen balio handiko moneta aurkitzean, poztu egin da: pozaren pozez ezin kabitu da bere baitan, eta auzotar guztiei eman die albistea.
Hirugarren parabolan, etxetik alde egin eta herentzia guztia xahutu duen semea etxera itzuli da. Aitak jarrera bihozkoia erakutsi dio. Jarrera honek Jainkoaren bihotza agertzen du: aitak ulertu egin du semearen jokabidea, zain-zain bizi izan da noiz itzuliko, bihotz-bihotzez onartu du bekataria.
Hirugarren parabola honek Jesusen garaiko bekatarien eta fariseuen jarrera adierazten du. Parabolako aitak Jainkoa adierazten du. Seme gazteenak bekariak eta zerga-biltzaileak adierazten ditu. Seme zaharrenak fariseuak eta saduzeoak adierazten ditu.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: Jainkoaren errukiaren eta maitasun mugagabearen lekuko edo testigu egoki eta bizi izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gaixo, preso, pobre, emigrante eta etorkinen alde: ikusi eta ezagutu dezatela kristauengan Jainkoaren errukia. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gerlan murgildurik bizi diren herrien alde: jabetu daitezela gerlak ez dakarrela inoiz ere bakerik. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Kristo aitortzen duten, baina Andre Maria aintzat hartzen ez duten kristauen alde. Eska diezaiogun Jaunari.