URTEKO 24 IGANDEA C (2016-09-11)

SARRERA

Senideok, urteko 24garren igandea ospatzen dugu gaur. Irakurgaiek Jainkoaz ikuspegi harrigarri bat agertzen digute. Lehenengo irakurgaian, Moises ageri da Jainkoari bere herriaren alde erreguka, eta Jainkoak amore eman du erregu horren aurrean; Jainkoa guk uste baino bigunagoa da. Bigarren irakurgaian, Pauloren aitortza miresgarria eta zoragarria ageri da: lehenago biraolari handia izan da, eta pertsegitzailea; orain Jainkoaren onginahia gainezka bizi du. Azkenik, ebanjelioan, Jainkoaren errukia agertzen diguten hiru parabola datoz; batez ere, aita onarena eta bi semeena: bere aitaz eta familiaz asperturik eta nazkaturik, etxetik alde egin duen semearen zain-zain bizi den aita da. Aita horixe da Nazareteko Jesusek agertu nahi digun Jainkoa. Horixe da besoak zabalik gure zain-zain bizi den Jainkoa.
Kasu askotan, nekez ulertzen eta onartzen dugu Jainko hori; bereziki, gure gustukoa ez den jendeari errukia agertzen dionean. Baina, gure ustea gorabehera, Jainkoak Jainko izaten jarraitzen du. Gu ulertzen eta onartzen jarraitzen du, guk bera den bezalako onartzen ez dugunean ere. Jesusen Espirituak lagundu gaitzala Jainkoa onartzen, ez bakarrik nire Aita errukitsu bezala, baita gizon-emakume guztien Aita errukitsu bezala ere.

LEHEN IRAKURGAIA Irteera liburutik (32,7-11.13-14)

Entzutera goazen kontakizun honek hiru urrats ditu. Lehenengoan, Israel herriak albora utzi du Yahve Jainkoa, urrezko idolo bat eginez. Orduan, Yahvek hautsitzat eman du duela gutxi herri horrekin egindako elkargoa. Bigarren urratsean, Moisesek Jainkoagana jo du, eta erregutu dio, ez dezala utzi bere herria. Hirugarren urratsean, Jainkoak barkatu egin dio herriari, Moisesen erregua aintzat hartuz.
Senideok, hau guztia Jainkoa gizakien eran hartzea da. Gure artean, hau izan ohi da ibilbidea: norbaitek kalte egin dizu, eta zuk mendekuaz erantzun nahi diozu; baina hirugarren pertsona batek horrelakorik ez egiteko eskatu dizu, eta esana entzun eta barkatu diozu.
Jainkoaz giza ikuspegia agertzea da hori guztia. Jainkoak ez du sekula kontuan hartzen gizakiaren iraina. Aitzitik, uste du, gizakiak bere buruari egiten diola kalte. Hargatik, mila bidez baliatzen da Jainkoa gizakia gaitzetik ateratzeko.
Dena den, kontakizun horrekin, autoreak bi gauza eman nahi dizkigu aditzera: batetik, Jainkoa errukitsua dela; bestetik, lagun hurkoak lagundu diezaiokeela gaizkileari gaitzetik ateratzen. Senideok, arma bizkorra dugu eskuartean, gizon-emakumeen kontzientzia hobetzen joateko. Otoitza nagusiki; otoitza Jainkoari eta otoitza (erregua) bekatariari.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (1,12-17)

Paulo, konbertitu ondoren, bi gauzaz konturatu da: batetik, Jainkoak berari sekulako maitasuna agertu diola; bestetik, konbertsio aurretik espiritu-pobretasun handia bizi izan duela. Bera, Elizaren pertsegitzaile sutsu izan arren, Jainkoak erakarri egin du beregana.
Orain, konbertiturik, Jainkoaren errukia ospatzen du, Jainkoak gizon-emakume guztiei dien errukia, alegia. Paulok ezin asmatu du Jainko hori behar bezala goratzen. Jainkoaz fidatzera gonbidatzen gaitu, bihotz-bihotzez onartzera.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (15,1-32)

Gaurko ebanjelioak, Jainkoaren maitasuna zer eta nolakoa den hiru parabolaz agertzen digu. Hirurek agertzen dute nola pozten den Jainkoa edozein bekatari konbertitzean.
Lehenengo parabolan, artzaina poztu egin da galdua zuen ardia aurkitzean. Bigarrenean, antzeko zerbait gertatzen da: emakume bat, galdua zuen balio handiko moneta aurkitzean, poztu egin da: pozaren pozez ezin kabitu da bere baitan, eta auzotar guztiei ematen die albistea.
Hirugarren parabolan, etxetik alde egin eta herentzia guztia xahutu duen semea etxera itzuli da. Aitak jarrera bihozkoia erakutsi dio. Jarrera honek Jainkoaren bihotza agertzen du:ulertu egin du semearen jokabidea, zain-zain bizi izan da noiz itzuliko, bihotz-bihotzez onartu du bekataria.
Jainkoaren jarreraren eta guk askotan agertzen dugun jarreraren artean kontraste handia agertu ohi da; seme zaharrenak ezin ulertu du aitaren jarrera, etxetik alde egin zuen semea horrela onartzean.
Hirugarren parabola honek Jesusen garaiko bekatarien eta fariseuen jarrera adierazten du: seme gazteena da bekataria: bekatu egin du, baina Jesus aitortu du; seme zaharrena da fariseua: ez du ulertu zertara etorri den Jesus. Agian, guk geuk askotan agertzen dugun jarrera da seme nagusiaren hau.Zein ederra izango litzatekeen esatea, munduko edozein pertsonaz: mundura nik neuk ekarri bazintudan bezala maite zaitut.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jainkoaren errukiaren lekuko edo testigu egoki eta bizi izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gaixo, preso, pobre, emigrante eta etorkinen alde: ikusi eta ezagutu dezatela kristauengan Jainkoaren errukia. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gerlan murgildurik bizi diren herrien alde: jabetu daitezela gerlak ez dakarrela inoiz ere bakea. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Kristo aitortzen duten, baina Andre Maria aintzat hartzen ez duten kristauen alde. Eska diezaiogun Jaunari.