URTEKO HOGEITA LAUGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
(Jainkoaren Zerbitzariaren oinazeak iragarriak )
Izai profetaren liburutik 50, 5-9a
5 Jainko Jaunak beharria ideki daut, Eta nik ez diot kontra egin, ez dut gibelerat jo. 6 Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri, eta matelak , bizarretik tiraka ari zitzaizkidaneri. Begitartea ez dut zaindu laido eta tuetarik. 7 Jauna dut laguntzaile; horrengatik ez naiz laztu; horrengatik begitartea harri gogorra iduri egin dut, eta badakit ez naizela ahalgetuko; 8 Ondoan dut xurituko nauena : nork ereman ni auzitarat? Ager gaitezen elkarrekin! Nor dut partida? Datorrela! 9 Hara: Jainko Jauna dut laguntzaile: nork kondenatuko nau?
Pasaia hau irakurtzean, hitz bat heldu da mihira: “konfiantxa”.”Jauna dut laguntzaile;horrengatik ez naiz laztu.” Adam bertzela jokatu zen, Jainkoaz mesfidatu baitzen.
Horrela zen biziaren iturria den Jainkotik berexi eta heriotzera deraman bidean sartu. “Hitzak iratzartzen nau goiz guziez…Ikasle onak bezala entzun dezadan.” Entzuten duenak konfiantza egiten du. Eta “Jauna du laguntzaile”, horrela gai naiz “jakin dezadan nik ere akituari pitzgarria emaiten.” Dena Jainkotik heldu da :”Jainko Jaunak beharria ideki daut.”
Bainan profetaren hitzak jendea inarrosten du. Eta ordainez hau kontra jartzen zaio : “Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri…” Bere indarra profetak Jainkoan du aurkitzen, huntarik heldu zaizkion solasetan : “Hitzak iratzartzen nau goiz guziez” eta “badakit ez naizela ahalgetuko.”
Salmoa 114
Leloa: Ibiliko naiz Jauna baitan, bizi direnen eskualdetan.
Maite dut Jauna, entzun baitu Nik dudanean minki deitu. Nere galdeak hartu ditu, Nik egitean oihu kantu. Hor zen orroaz herioa, Hor dena sare ifernua. Galdua nintzen, ezindua, Oihu egin dut: “ Hel, Jainkoa!” On eta zuzen dugu Jauna: Jaunak betiko bihotz ona. Begiratzen du den xumena: Kendu daut harek nuen mina. Harek hiltzetik jali gaitu, Begiak boztu, oinak piztu. Ibiliko naiz Jauna baitan, Bizi direnen eskualdetan.
Fededun herria da mintzo. Bere sofrikarioan, Jainkoa lagun duela probatu du: « Badut sineste, nahiz nion: ezin dut ezin jasan hori ». Aipu duen atsegabea, Egiptoko esklabotasuna da: faraonak ainitzetan askatasuna hitzeman du, bainan beti etsai gisa agertu; Jaunak du, bakarrik, bere herriaren askatasunezko indarra sustengatu eta bere ihesgoa lagundu. Salmo hunen lehen bertsoek erraiten dute: « azkar nindagon fedean, erranik ere: « Dohakabea naiz! » Kinka larrian erraiten nuen: « Jende oro gezurtia da ». Nola ordainduko diot Jaunari egin dautan ongi guzia? Bai zure zerbitzaria naiz, Jauna… askatu dituzu nere lokarriak. » Israelgo jendeak aipatzen dituen lokarriak Egiptokoak dira, bainan historian zehar, bertze ainitz lokarri eta esklabotasun baditugu. Eta gutarik bakotxak, aske iduri badu ere, zernahi gate eta lokarri dauzka. Eta Jainkoaren alderako ideia makurra, zer lokarria! Adibidez, Jainkoa jendearen etsaia dela (Mesopotomiako mitologian bezala), edo jendea erre-opari nahi duela (Kanako erlisionean bezala).
Hebrearrek Kanaanen sartu zirelarik, jendea hil behar zen opariak galdetzen zituen erlisione bat aurkitu zuten eta gogor egin izan behar zuten. Denak makur doatzilarik, gerla delarik, zernahi egin dezakegu. J.K. aitzineko 8.mendean, Akaz erregeak, bere erresuma salbatzeko, bere semea sakrifikatu zuen. Orduan zen Hasiera liburuan, Abramen ixtorioa idatzi. Abrahamen aurkikuntza harrigarria, Jainkoak jende bakotxaren bizia nahi duela, izan zen. Ez du heriotze bakar bat nahi, ez du holako erre-oparirik nahi. « Mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotzea. » dio salmoak, Abrahamen ixtorioaren oihartzun bezala. Ideia hau: « mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotzea », ez da sekulan behin betiko onartua. Hasierako sugeak aditzera emaiten du Jainkoak jendearen heriotzea nahi duela. Horra tentaldia : Jainkoa gure askatasunaren eta biziaren etsaia dela. Eta Jainkoarekin dugun harremana gure gogoeten araberakoa da. Paganoen irudimenean, bi aldi badira: lehena, jendeak zerbait nahi du; bigarrena, ukaiteko, sasijainkoa balakatzen du. Zernahi gisaz, erre-opariak behar dira. Egungo salmoan bi aldi horiek osoki aldatuak dira.
Lehenik, Jainkoak du lehentasuna. Hastapenetik, Adam, Noe, edo Abraham, Jainkoak ditu izaitera bai eta Elkargora deitu, heien zorionarentzat eta ez bere probetxu. Eta herriak Egipton pairatzen zuelarik, Jainkoa lagun etorri zaio: « Ikusi dut ene herriaren atsegabea Egipton eta entzun haren oihua zapaltzaileen pean. Egiptoarren eskuetarik libratzera etorri naiz. » (Jal 3,7…10). Eta Jainkoak bere herria askatu zuen.
Bigarrenekorik, erantzun gisa, herriak eskerrak emaiten ditu, Jainkoaren grazia ikusiz: « Nola ordainduko diot Jaunari egin dautan ongi guzia? » Eta hemendik aitzina, esker ona Tenploko opariek dute erakutsiko bainan ere egun guzietako izaiteak, Jainkoaren nahia gauzatuz. « Nik zor eskerrak sarri zuri, Jaun izenari kantuz ari. Nik zer eskerrak Jainkoari! Jaunaren haurrak bil kantari. Jainkoaren den etxean Jerusaleme bihotzean. » Salmo hunek bere izari guzia hartzen du Halleleko salmoen erdian dela jakinez geroz: Jesusek berak Ortzegun Sainduz kantatu du beraz. Jondoni Matiuk dio: « Salmoak kantatu ondoan, Oliamendirat abiatu ziren » (Mt 26,30). Harrigarri dena, Ortzegun sainduz Jesusek erran duen salmo hunen ahaidegoa gurutze gainean erranen dituen hitzekin: « Ene Jainkoa, ene Jainkoa zergatik utzi nauzu? » Bat eta bertzeak sofrikarioa dute erraiten: oraintxe entzun dugun ostirale sainduko oihuari du egungo salmoak erantzuten : « Badut sineste nahiz nion: ezin dut ezin jasan hori. » Bat eta bertze eskerronez bururatzen dira.
Bigarren irakurgaia
( Ez da egiazko federik obra onik gabe )
Jondoni Jakoberen epixtolatik 2, 14-18
14 Ene haurrideak, zertarako dut norbaitek “Nik badut fedea” erraitea, egintzetan ez badu agertzen? Holako fedeak salba ote dezake? 15 Anaia edo arreba batek soinekorik edo egun guzietako janik ez badu, 16 zuetarik batek erraiten badiote: “ Zoazte bakean, bero zaitezte eta ase ”, bainan behar duten laguntza eman gabe, zer balio du horrek? 17 Berdin fedea ere: egintzarik gabe bada, hila da. 18 Norbaitek erran dezake: zuk fedea duzu, nik, aldiz, egintzak. Erakuts ezadazu egintzarik gabeko zure fedea, eta nik, egintzen bidez erakutsiko dautzut nere fedea. “
Ez da aski eni “Jauna, Jauna !” erraitea Jainkoaren erresuman sartzeko, zeruko ene Aitaren nahia egin behar da.” (Mt 7,21) Jondoni Jakobek ez du besterik erraiten hemen : “Zertako du norbaitek “Nik badut fedea” erraitea, egintzetan ez badu agertzen.” Hori bera da Biblia guziko errepika, adibidez Izai profetarena : “Ez ote da hau maite dutan barura (Jainkoa da mintzo ) : “Zuzen kontrako kateen haustea eta uztarri uhalen laxatzea, zapalduen libratzea eta uztarri guzien puskatzea, gose denari zeure ogitik emaitea eta aterberik ez duen behartsua etxean hartzea…” (Is 58,6-7) Jesusen erakaspena hori izan da behin baino gehiagotan, hala-nola Matiuren Ebanjelioan : “ Nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz, nihauri egin dautazue.” (Mt 25,40) Gure fedea hila da besteen zerbitzuko ezarria ez bada : “Hatsik ez duen gorputza hila den bezala, berdin fedea ere : egintzarik ez badu, hila da.” (Jk 2, 26) Erran nahi baita egintzak fedearen hatsa direla. Eta Joani beretik ari da diolarik : “Maitatzen ez duenak deusik ez daki Jainkoaz, Jainkoa maitasun baita.” (1 Jo 4,8). Azken ateraldi hunek erakusten dauku fedea ez dela jabe giren zerbait, baizik bide bat. Bide horri harat joanez Jainkoa aurkitzen dugu guhauren haurrideak zerbitzatuz. Jondoni Paulok ez dio besterik “…Mendiak lekuz aldatzeko fedea ukanik ere, maitasunik ez badut, deusik ez naiz.” (I Ko 13,2) Bai eta ere “Jesu Kristorenak girenentzat, ebakituak izaiteak edo ez izaiteak deus ez du balio; balio duena maitasunezko egintzetan agertzen den fedea da. (Ga 5,6) Paulo eta Jakobe akort dira beraz. Anitzek uste ukan dute Jakobek ez zuela onartzen Paulok predika zezan salbamendua urririk, kitorik dela. Eta egia da Paulok erraiten zuela Jainkoak urririk salbatzen gaituela, gure aldetik mereximendurik gabe, ez gaituztela gure obrek salbatzen. Bainan Paulok beste ingurumen batean idazten zuen. “Obrak”, harentzat, ez ziren karitatezko obrak, baizik judu Legearen pratika ritualak. Salbamendua irabazi behar dela uste zuten judu girixtinoeri, Paulok fermuki segurtatu behar zioten fedeak (erran nahi baita Jainkoak) salbatzen gaituela. Salbamendua emana zauku, fedean onartzen badugu Jainkoaren eskaintza. Jakobe beste girixtino batzuri mintzo zen. Hauek, iduriz, uste zuten Jondoni Paulorentzat karitatezko obrak ere alferretakoak zirela.
Jakobek oroitarazten diote Jesusek errana : “ Elkar maite baduzue, hortarik ezagutuko dute guziek nere dizipulu zireztela.” (Jn 13,35) Edo gorago jadanik idatzia : “Nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz, neri egin dautazue.”
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Nik ez dut Jaunaren gurutzeaz baizik harro izan nahi! Hari esker mundua gurutzeratua b
aita neretzat, eta ni munduarentzat.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 8, 27-35
27 Jesus joan zen bere dizipuluekin Filiperen Zezarea inguruko herrietarat buruz. Bidean bere dizipulueri galde hau egin zioten: “ Ni nor naizela dio jendeak?” 28 Heiek ihardetsi: “ Batzuek Joanes Bataiatzailea zirela, beste batzuek Eli , besteek profetetarik bat.” 29 Jesusek galdegin zioten aitzina: “ Eta zuek, nor naizela diozue?” Petrik ihardetsi zion: “ Zu Mesias zira.” 30 Orduan, Jesusek manatu zioten hartaz nehori ez mintzatzeko. 31 Eta irakasten hasi zitzaioten Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar zuela, zahar, apezburu eta lege-irakasleek arbuiatuko zutela, eta hilen, eta hiru egunen buruan piztuko zela. 32 Argi eta garbi mintzo zitzaioten hortaz. Berex harturik, Petri Jesusen larderiatzen hasi zen. 33 Bainan Jesusek, itzuli eta dizipulueri behatuz, Petri larderiatu zuen, erranez: “ Ken nere ondotik, Satan! Zure gogoetak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.” 34 Jesusek jendeari eta dizipulueri dei egin eta erran zioten: “ Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari, har beza bere gurutzea eta jarraik bekit. 35 Zeren, bere bizia salbatu nahi duenak galduko du; bere bizia nigatik eta Ebanjelioagatik galtzen duenak, aldiz, salbatuko du.”
Zezareako gertakari hau Jesusen bizian bihurgune bat izan zen. Kondaira hau bururatu orduko Matiuk idazten du : “Ordutik hasi zen Jesus bere dizipulueri erakusten Jerusalemerat joan eta…hilen zutela, eta hirugarren egunean piztuko zela.” Bizkitartean ez da deus berririk erraiten : Jesusek bere burua “Gizonaren Semea” deitzen du -bainan hori jadanik bederatzi aldiz errana du Matiuren Ebanjelioan- eta Petrik “Jainkoaren Semea” emaiten dio izen, bainan ez da hola mintzatu diren guzietan lehena. Lehen titulua : “Gizonaren Semea”. Izen hori Daniel profetak aipu du lehen aldikotz : “Gau-ikuskarietan, gizaseme iduriko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen.” (Dn 7,13) Urruntxago Danielek dio gizaseme hori ez dela gizabakar bat, bainan herri bat :”Goi-goikoaren herri sainduari emanen zaio erregegoa, eta harena izanen da betiko (Dn 7,18). “Gizonaren Semea” titulua bere gain hartuz, Jesus Jainkoaren herriaren buru jartzen da beraz. Emaiten zaion bigarren titulua : “Jainkoaren Semea” da. Hori ere ez da lehen aldikotz agertzen. Matiuren Ebanjelioaren hastean berean (4. kap.),debruak titulu hori emaiten dio Jesusi: ”Jainkoaren Semea bazira.” Uste bide du Jesus bere botereaz baliatuko dela. Bainan, alderantziz, Jesusek konfiantxa osoa egiten dio bere Aitari, eta haren Hitza du janari. Eta horra nun Jesusek agertzen dioten nolakoa izanen den geroa: « Jerusalemera joan behar zuela, eta han ainitz sofritu zahar, apezburu eta lege-irakasleenganik, hilen zutela eta hirugarren egunean piztuko zela… » Apostoluek ez zuten batere holako Mesias bat igurikatzen. Haientzat, Mesias, errege guziz ahaltsu bat beharra zen, erromanoak Paleztinatik haizatuko zituena. Jesusek dioena ezin onartua da apostoluentzat. « Ez balinba, Jauna! Ez zaitzu holakorik gertatuko!” erranen dio Petrik. Jesusek Petriren ateraldi hori tentaldi bat bezala hartzen du. « Ken nere ondotik, Satan…Zure gogoetak ez baitira Jainkoarenak, bainan gizonenak. » Izaik zioen bezala: « Hau dio Jaunak: Nere gogoetak ez dira zuenak bezalakoak, ez eta nere joka-moldea zuena bezalakoa. Nere joka-moldeetarik zuenetara eta ene gogoetetarik zuenetara bada zerutik lurrera bezenbat bide. » ( Is 55, 8-9) Jainkoaren nahia gizon guziak salbatzea da. Helburu hortara heltzeko gizonek bihozberritu behar dute eta Jesusek bihozberritze horren bidea, bere biziaz erakusten dauku. Bizi hori ez da balentriazko bizi bat, bainan, umiltasunean, bere Aitari leial egonez, amodioz, gizonentzat eman bizia.“ Nehork ez du maitasun handiagorik bizia bere adiskideentzat emaiten duenak baino. » (Jn 15, 13)