Mesias aintzatsutik Gizonaren Seme sufrikariozkora (Mk 8,27-35)
Urteko 24. igandea B 2018-09-16
Ibilaldi bat azterketarekin
Filiporen Zesarea, Jordan ibaiaren sorburuekin, Israelgo lekurik ederrenetakoa da. Gaur egungo erromesak, eskuarki Nazarenetik abiatzen denak, ordubete eta oso gutxi gehiago behar izaten du autobus eroso batean aire girotuzkoan. Jesusek eta ikasleek oinez egin behar izan zuten bide hori, 800 m inguruko desnibela gaindituz: itsaso-mailaz beheko 200etik (Galileako Aintzira) 500-600 goikora (Hermon mendiaren oina). Ez da edozelako ibilaldia. Izaten da isilik ibiltzeko astirik eta hitz egitekorik. Komunikazio-une horietako batean, Jesusek galdera bat errepikatu die ikasleei: «Nor naizela dio jendeak?» Ez die galdetu behin bakarrik, baizik eta hainbat aldiz, Markosek erabili duen aditz grekoaren (evphrw,ta) ñabardurak adierazten duenez.
Une hori arte, Markosen ebanjelioa Jesus zein denaren enigma planteatuz joan da. Pertsonaia nahasgarri bat, aginpidez irakasten duena eta espiritu likitsen gain ahalmena duena (1,27), bekatuak barkatzen dituena Jainkoa bailitzan (2,7), eskandalizatzen duena zerga-biltzaileekin eta bekatariekin otorduak eginez (2,16) eta larunbat-agindua hausteko eskubidedun sentitzen dena (2,27; 3,4). Fariseuek eta herodestarrek oso garaiz erabaki dute hil beharra duela (3,6), familiartekoek uste dute burutik egina dela (3,21), lege-maisuek deabrudun dela (3,22), eta Nazaretarrek ez dute sinetsi beragan eta herriko aroztzat emanez jarraitu dute (6,1-6). Eta ikasleek, nahasirik, elkarri galdetzen diote: «Zein da hau, haizeak eta aintzirak obeditzen dioten baitiote?» (4,41). Orain, Markosen ebanjelioaren erdi aldera iristean, Jesusek berak egin du galdera nagusia: nor da bera?
Jendeak zer uste duen
Jendearentzat, Jesus ez da egiazko pertsonaia bat, baizik eta hildako bat, bizira itzulia, Joan Bataiatzailea da, edo Elias, edo beste profetaren bat. Iritzi hauetatik, «teologikoena» eta oinarririk handienekoa Eliasena izango litzateke, espero dutena baita haren itzulera, Malakias profetaren 3,23aren arabera: «Nik Elias profeta bidaliko dizuet, Jaunaren eguna, handia eta izugarria iritsi aurretik; adiskidetuko ditu gurasoak seme-alabekin, seme-alabak gurasoekin, eta, hartara, ez naiz etorriko lurra hondatzera». Nolanahi den, interesgarri da herriak Jesus antzinako profeten ildokotzat hartu izana. Horretan alde askok eragin bide dute: Jesusen ahalmenak (Moisesen, Eliasen eta Eliseoren kasuan bezalakoa), jendaurreko beraren jarduerak (oso kritikoa erakunde ofizialarekiko), beraren hizkuntza argi eta zuzenekoak, beraren jarduera-lekuak (ez mugatua kultuaren esparru estura).
Pedrok zer uste duen
Ikasleek zer uste duten jakin nahi du Jesusek: jendearen ustea bera duten ala beste bat: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Pena da, Pedro berehala oldartu izana erantzutera; oso interesgarria izango zen beste ikasleen iritzia jakitea. Markosen arabera, Pedroren erantzuna hitz hauetara mugatu da: «Zu, Mesias zara».
Baina zer esan nahi zuen titulu horrek? Itun Zaharrean eskuarki Israelgo erregeari ematen zitzaion; Jainkoak hautatutako pertsonaiatzat ematen zuten erregea, Jainkoak semetzat hartua, baina normala eta arrunta, krimenik handienak egiteko gai. Alabaina, juduen arteko monarkia galdua zen K.a. VI. mendeaz gero, eta Daviden dinastiaren biziberritzea espero zutenek gero eta ezaugarri miresgarriagoak leporatuz joan ziren espero zuten mesiasi.
Salomonen Salmoek ¬jatorri fariseuko otoitzak, K.a. I. mendean sortuak¬ astiro deskribatzen dute Mesiasen egitekoa: Juda askatuko du erromatarren uztarpetik, desegingo ditu haien sostengu diren judu ustelak, garbituko du Jerusalem idolo-jarduera orotatik, zuzenbidez eta zuzen gobernatuko du, eta beraren nagusitza nazio guztietara ere hedatuko da. Errege ideal bat da; horregatik, 17. salmoaren idazleak honela bukatu du: «Zorionekoak egun haietan jaioko direnak».
Jesusen taldea imajinatzen badugu, limosnaz bizi dena, alde batetik bestera erromes burua non ezarri ez duela, etengabe eztabaidan agintari erlijiosoekin: orduan, Jesus Mesias dela esateak pertsonaia horrekiko fede handia eskatzen du edota benetako zorakeria dela.
Jesusek zer uste duen bere buruaz
Espero zitekeenaren kontra, zorrotz debekatu die Jesusek egin duena inori esatea. Eta bere buruari Mesias titulua eman ordez, beste bat erabili du: «Gizonaren Semea»; ematen duenez Ezekiel profetagan arnastua (zeini Jainkoak «Adamen Seme» esaten baitio beti) eta Danielengan. Garrantzizkoa ez da tituluaren jatorria, baizik eta Jesusek nola interpretatu duen: Gizonaren Semearen zoria asko sufritzea izango da, agintari politiko, erlijioso eta intelektualek ukatua izatea, hiltzea eta piztea. Mesiasen ikusmolde herrikoi batentzat, Pedrok eta bestek izan zezaketenarentzat bezala, gauza inoiz entzun gabea da hizkera hau. Halaz guztiz, pertsonaia baten ideia, bere herria salbatu eta sufrimenaren eta heriotzaren bidez garaile irteten denarena, ez da ezezaguna judu-herriarentzat. Profeta anonimo batek Yahveren Zerbitzariaren pertsonaian haragitu zuen ideia hori (Isaias 53).
Pedroren eta Jesusen liskarra
Isaiasen liburuko poemak bezala, piztueraz hitz eginez bukatu du Jesusek. Pedro, ordea, sufrimenarekin gelditu da. Jesus bereiz harturik, gogor aurpegiratu dio; Markosek ez dakar zer esan dion.
Jesusek zakar erantzun dio. Pedrok bereiz hartu du Jesus, baina hau ikasleei mintzo zaie, denek jakin dezaten nahi du Pedrori esan nahi diona: «Hoa, Satanas! Gizakiek bezala pentsatzen duk, eta ez Jainkoak bezala!» Satanas aipatze honek bataioaren ondoren gertatua dakarkigu gogora, Satanasek Jesus tentaziopean ipini zuenekoa. Deabruaren lekua oraingoan Pedrok hartu du, Jesus gehiena maite duen ikasleak, Jesusengan konfiantzarik handiena duenak, Jesusekiko eta haren mezuarekiko gogotsuena denak. Jesusek ez du ikusi arriskurik bataioaren ondoren Satanasen tentazioetan; bai, ordea, oraingo honetan. Horregatik ez dio erantzun patxadatsu, baizik indarkeriaz eta zakar.
Irakaspena guztientzat
Bat-batean, ugaldu egin dira entzuleak, eta ikasleei jendetza gehitu zaie. Jesusen hitzak («bere bizitza salbatu nahi duenak galdu egingo du, baina nigatik eta Ebanjelioagatik galtzen duenak onik aterako du») Itun Zaharrean ezaguna den ideia batetik datoz. Baina alde nabarmena dute: bizitza aukeratzea kasu honetan Jesusi jarraitzearen pareko da, hartarako nork bere buruari uko eginez, gurutzea hartuz eta hilez. Ikasleak Jainkoaren Zerbitzariaren zoria, Jesusen zoria, onartzen badu, garaipena izango du azken zoria, benetako bizia.
Sufrimena onartzea eta garaipenaren ziurtasuna (Lehen irakurgaia: Isaias 50,5-10)
Bernhard Duhm-ek XIX. mendean zabaldu zuen ikusmoldearen arabera, zati hau Yahveren Zerbitzariari eskainitako hirugarren kantika izango litzateke, bere sufrimenaz eta heriotzaz bere herria salbatzen duen pertsonaia misteriotsu bati eskainia. Arrazoizkoa da kristauek zerbitzari horrengan Jesus bera ikusi izana (laugarren kantika, Isaias 53, Ostiral Santuan irakurri ohi dugu).
Jesusek esana du ebanjelioan: «Gizonaren Semeak sufritu beharra du, mespretxatua izan beharra». Gaurko zati labur honek aurreratu egin ditu irain horiek: zartakoak, isekak, irainak, txistukadak, zuzengabetzat emandako auziaren aurretik jasanak. Gaurko zati labur honetan bi xehetasun dira nabarmen: Jainkoaren jarduera eta Zerbitzariaren erreakzioa.
Jainkoaren jarduera zerbitzariari agertzean datza zenbat eta zenbat sufritu beharko duen («belarria ireki dit»), baina segurtatu diolarik bere ondoan izango duela bera: «Ene Jaunak laguntzen zidan», «Hurbil dut ene defendatzailea», «Jaunak laguntzen dit». Honek berritasun handi bat dakar berekin; izan ere, Antzinako Ekialdeko ohiko teologian (eta gaur egungo jende askorengan), Jainkoaren zigortzat hartu ohi da sufrimendua. Aitzitik, Zerbitzaria konbentziturik dago gauzak ez direla horrela: sufrimenduak izan lezake bere lekua Jainkoaren egitasmoan, garaipenaren aurreko urrats gisa, baina Jainkoak ez dio uzten ez presente egoteari, ez laguntzeari.
Horregatik, Zerbitzariaren erreakzioa erabateko buru-eskaintza da: ez du kontra egingo, ez du atzera egingo, bizkarra eskainiko die eta matraila zartakoei, ez die saihestuko aurpegia masailekoei eta txistukadei.
Pedrok Isaiasen testua ezagutu eta ulertu balu, ez zen haserretuko Jesusen hitzekin: Jainkoaren ikuspuntua agertzen dute; bera, berriz, giza sentimendu hutsei atxiki zaie.
Dena den, aitortu beharrean gara, gure pentsaerak Pedroren pentsaeraren antz handiagoa duela, Jesusenarena baino.
Oso antzinako polemika bat: fedea eta egintzak (bigarren irakurgaia: Santiago 2,14-18)
«Betiko lepotik burua». Hori gertatu zitzaion Paulori. Konbertsioaren ondoren, hainbat gaitan lehen bezain erradikal jarraitu zuen. Eta oker interpretatua izateko bide eman zuen. Kristau juduzaleek Moisesen legea hertsiki bete beharra defendatzen zuten, salbatzen gaituena lege hura balitz bezala. Horiek horrela, haien kontrako bere borrokan, Paulok dio, salbazioa Kristogan sinestetik datorrela. Ez du baztertu kristauak duinki jokatu behar duela, askoz gutxiago ere. Baina hartaraino azpimarratu ditu kristauaren fedea eta askatasuna, non arerioek egintza onen beharra ukatu izana leporatu baitiote.
Polemika honetan dago txertatua Santiagoren gutunaren testua: fedea duela esan baina ezer onik egiten ez duenari eraso dio idazleak. Darabilen adibidea, fedea izan baina goseak den anai-arrebari modu egoistan erantzun dionarena, argigarria dugu eta kezkagarria gaur egun ere.
Baina gutun honen idazlea eta Paulo elkartu balira hitz egiteko, erabat ados agertuko ziren. Paulok irakurtzen ahal zion Galaziarrei egindako bere gutuneko puska bat, zeinetan gauza bera esaten baitu: «Zuek, senideok, askatasunera deitu zintuzten Jainkoak; baina askatasun hori ez bekizue aitzakia izan grina txarren arabera bizitzeko; bestela baizik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari» (Galaziarrei 5,13). Jesusek salbatu gaitu eta harengan sinesteak, baina fede horrek bizitzera eragin behar digu, sen gaiztoek («lizunkeria, zikinkeria, jokaera biziotsua, idolatria, sorginkeria, etsaigoa, haserrea, bekaizkeria, gorrotoa, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketa, ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta horrelakoak» (5,19) eraman gaitzaten utzi gabe, baizik eta Jainkoaren Espirituaren fruituek («maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea» (5,22) gida gaitzaten utzirik.
José Luis Sicre