Mesias aintzatsutik Jainkoaren Seme sufrimenduzkora
Urteko 24. igandea B (2015-09-13)

Markosen ebanjelioa bi zati handitan banatu ohi da, banalerroa gaurko pasartea delarik. Lehen zatian, Jesus nor den enigmaz jardun da; gaurko pasarte honetan, Jesusek berak egiten die galdera ikasleei: ni nor naizela dio jendeak?

Jendeak zer uste duen

Jendearentzat, Jesus ez da pertsonaia erreal bat; hildako bat da, bizira itzulia; Joan Bataiatzailea dela, Elias dela edota beste profetaren bat. Iritzi hauetan «teologikoena», eta oinarririk handienekoa, Eliasena izango litzateke; hura itzuliko zela espero baitzuten, Malakias 3,23ari jarraituz: «Elias profeta bidaliko dizuet, Jaunaren eguna, handia eta izugarria, iritsi baino lehen; gurasoak seme-alabekin berradiskidetuko ditu, seme-alabak gurasoekin; hala, ez naiz etorriko lurra suntsitzera». Nolanahi den, jakingarria da, herriak Jesus antzinako profeten ildokotzat ematen duela ikustea, alde askotatik izan dezakeen eraginari dagokionez: dela ahalmenari dagokionez (Moisesen, Eliasen eta Eliseoren kasuan bezala), dela jendaurreko jarduerari dagokionez, oso kritikoa erakunde ofizialarekin, bere hizkuntza argi eta zuzenekoa dela medio, bere jarduera-lekua dela-eta, ez mugatua kultu-eremu estuari.

Pedrok zer uste duen

Ikasleak jendearen iritzi honekin bat ote datozen jakin nahi du Jesusek ala beste usteren bat ote duten: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Pena da, Pedrok bat-batean erantzuna eman izana; interesgarria izango zen gainerako ikasleen ustea ezagutzea. Markosen arabera, Pedroren erantzuna hitz hauetara mugatu da: «Zu Mesias zara».
Zer esan nahi zuen titulu honek? Testamentu Zaharrean oro har erregeari eman ohi zitzaion; Jainkoak aukeratu zuela uste zen pertsonaia, Jainkoak semetzat hartua, baina arrunta eta ohikoa, krimenik handienak egiteko gai. Alabaina, K.a. VI. mendean galdu egin zen monarkia, eta Daviden dinastia eraberrituko zela espero zuten taldeek ezaugarri gero eta miresgarriagoak leporatzen zizkioten mesiasi.
Salomonen Salmoek, K.a. I. mendean eratutako fariseu-jatorriko otoitz horiek, astiro deskribatzen dute Mesiasen eginkizuna: Juda askatuko du erromatarren uztarpetik, garbituko ditu lurretik erromatarren sostengu diren judu ustelak, zuzen eta garbi gobernatuko du, bere nagusigoa nazio guztietara zabalduko du. Errege ideala da; horregatik, 17. salmoak hau dio bukaeran: «Zorionekoak egun haietan jaioko direnak.
Irudika edo imajina dezagun, bai Jesusen taldea, bai limosnatik bizi den Jesus bera, alde batetik bestera erromes dabilena buruari atseden non eman ez dakiela, etengabeko gatazkan agintari erlijiosoekin. Hori bistan izanik, Jesus Mesias dela esateak pertsonaiagan fede handia izatea eskatuko luke edota benetako zorakeria.

Jesusek bere buruaz zer uste duen

Espero zitekeenaren kontra, Jesusek zorrotz debekatu du Pedroren hori inori esatea. Eta bere buruari Mesias titulua eman ordez, beste bat eman dio: «Gizonaren Semea»; ematen du, Ezekielengan (honi Jainkoak beti “Adamen Seme” deitzen dio) eta Danielengan inspiratua dela titulu hori. Garrantzizkoa ez da tituluaren jatorria, baizik Jesusek eskaintzen dion interpretazio hau: Gizonaren Semearen zoria asko sufritzea da, agintari politiko, erlijioso eta intelektualek ukatu izatea, heriotza jasatea eta berpiztea. Mesiasez herriak izan zezakeen ikuspegi hartan, Pedrok eta beste ikasleek zuten hartan, Jesusen ikusmolde hau inoiz entzun gabea zen. Halaz guztiz, bere herria salbatzen duen eta sufrimenduaren eta heriotzaren bidez garaile ateratzen den pertsonaia baten ideia ez zen ezezaguna Israel herrian. Profeta anonimo batek Yahveren Zerbitzariaren pertsonaian haragitu zuen ideia hori (Isaias 53).

Pedroren eta Jesusen arteko tirabira

Isaiasen liburuko poema bezala, piztuera aipatuz bukatzen du Jesusek bere hitza. Pedro, ordea, sufrimenduarekin gelditu da, Jesus bereiz hartu eta errieta egin dio; Markosek ez ditu zehazten esan zizkion hitzak.
Jesusek oso gogor erreakzionatu du. Pedrok bereiz hartu du, baina Jesusek ikasleei hitz egiten die; esatera doan hau guztiek jakin dezaten nahi du: «Aparta zaitez, Satanas! Gizon-emakumeen eran duzu pentsatzen, eta ez Jainkoak bezala!» Satanas aipatzeak, Jesusen bataioaren ondoren gertatua dakarkigu gogora: Satanasek Jesusi hiru tentaldi haiek proposatu zizkionekoa. Deabruaren lekua Pedrok hartu du orain, Jesus gehiena maite duen ikasle hark, Jesusengan konfiantza handia duen hark, Jesusek eta Jesusen mezuak gehiena gogobetetzen duten Pedrok. Jesusek ez du ikusi arriskurik Satanasen tentaldietan; baina bai oraingo honetan. Horregatik, ez du erreakzionatu patxadatsu, baizik oldartsu.

Irakaspena guztientzat

Bat-batean, entzuleak ugaldu egin dira; ikasleez gain, jendetza bildu da. Jesusen hitz hauek («bere bizitza salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bere bizitza nigatik galtzen duenak salbatu egingo du») Testamentu Zaharrean ezaguna den ideia batetik datoz: bizitzaren eta heriotzaren arteko aukera. Baina alde nabarmena dago bien artean: bizitza aukeratzeak Jesusi jarraitzea esan nahi du hemen; horretarako, nork bere buruari uko egin behar dio, gurutzea hartu eta hil. Ikasleak, Jainkoaren Zerbitzariaren zoria, hau da, Jesusen zoria onartu duenean, garaipena edo egiazko bizia izango du bere azkena.

JOSÉ LUIS SICRE