Urteko 24. igandea B (2015-09-13)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioan Jesusez aitorpen handi bat dator; Pedroren aitorpena. Jesusek galdetu die ikasleei: «Nor naizela dio jendeak?» Eta erantzun diote: «Batzuek diote Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias edo profetaren bat». Eta Jesusek galdetzen die: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Ezaguna da Pedroren erantzuna: «Zu Mesias zara».
Jesusen nortasunaz emandako erantzun bat da. Jesusen lurreko bizitzaldian emana. Jesus gurutzean hilko dutenean, beste erantzun bat entzungo dugu; erromatar soldaduen buruzagi den ehuntariarena: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».
Bi erantzun. Erantzun horien azpian zer dago, ordea? Pedroren erantzunaren azpian zer dagoen, gaurko ebanjelioan berean ikusi dugu; gurutze ondoan dagoen ehuntariaren erantzunaren azpian zer dagoen, imajinazioari utzi beharko genioke lanean.
Pedroren aitormenaren ondoren, bere zoriaz hitz egiten hasi zaie Jesus: asko sufritu beharko du, kondenatu egingo dute, hil egingo, baina piztu egingo da.
Lau gauza aipatzen ditu Jesusek: sufritu, kondenatua, hiltzea eta piztea. Lehentxeago halako erantzun handia eman duen Pedrok, lau gauza horietarik hiru bakarrik hartu ditu kontuan. Garrantzizkoena alde batera utzi du: piztu egingo dela ez du kontuan hartu.
Pedroren kasuan bezala, zenbat aldiz gertatzen zaigun geuri ere horrelakorik edo antzekorik. Jesus nor den erantzun ahal izateko, nork bere burua ezagutu beharra du. Ezagutu beharra lagun hurkoa ere. Zer erantzun diezaioket Jesusen galdera hori, Jainkoak maite nauela ez badakit? Lagun hurkoa ni bezala maite duela ez badakit?
Aspaldi samar dabil Interneten pasadizo baten kontaera. 1998ko urriaren 14an gertatua. British Airways hegazkinaren hegaldian gertatua. Emakume batek azafatari deitzen dio. Eserlekuan lagun duen gizonezko beltza ezin jasan duela. Inguruko jende guztia zur eta lur. Azafatak erantzuten dio, hegazkina bete samar doala, baina Pilotoari, Kapitainari galdetuko diola. Badator azafata, eta esaten dio: hegazkina bete samar doa, baina Lehen Klasean bada leku bat libre. Emakumeak, poz-pozik, altxatzeko keinua egin du. Baina azafatak jarraitzen du: «kapitainak esan dit, ezin behartu dela inor ere pertsona nazkagarri baten ondoan joatera», eta gizon beltzari esaten dio: «Jauna, mesedez, etorriko al zara nirekin eserleku berri horretara?» Jende guztia txaloka.
Gertaera jakingarria. Lagun hurkoa horrela hartzen denean, kapitainak eta azafatak bezala alegia, posibilitate handiak izaten dira, Jesus benetan ezagutzeko.
Egun hauetan, asko hitz egiten da Europan, Siriatik eta Iraketik datorren jendea onartzeaz. Badirudi familia batzuk prest agertu direla norbait hartzeko. Bakoitzak jakingo du zer egin dezakeen alde horretatik. Baina Jesus ondo ezagutu ahal izateko, nork bere burua ezagutu behar du, lagun hurkoa ezagutu behar du. Etxerik gabe nengoen eta etxean hartu ninduzuen. Zein ziren jakin gabe, Abrahamek hiru lagun etxean onartu zituen hartan, Jainkoa bera onartu zuen.
Jesus azken batean «buru-eskaintza» bat egitea izan da. Pertsona oso eta betea izatea izan da Jesus. Pertsona ideala haragitu du. Jesus den pertsona ideal horretan geure burua ikusiko dugunean ulertuko ditugu Jesusi eman izan zaizkion tituluak, ona eta gaiztoak:
● «egiazko salbatzailea zara», samariarren esanetan (Jn 4,42);
● «tripazaina eta mozkorra», fariseuentzat (Mt 11,19);
● «hau da munduko bekatua kentzen duen Jainkoaren BIldotsa», Joan Bataiatzailearentzat (Jn 1,29);
● «Mesias aurkitu dugu», Andresentzat ( Jn 1,41);
● «Ene Jauna eta ene Jainkoa», Tomasentzat (Jn 2028);
● «Jesus da historiako pertsonarik handiena», Manhatan Gandhi;
● «Kristauok zeuen maisua bezalako izango bazinatekete, zeuen oinetan izan izango zenukete jada India osoa», (Tagore poeta indua).
Zer eta zein da Jesus niretzat? Sendagilea, Adiskidea, Maisua, Artzaina, Ur bizia, betiko bizirako Ogia, munduko bekatuen barkatzailea?
Edozein kasutan Jesus Mesias da. Espero genuen Salbatzailea. Baina hara: Isaias profetaren Zerbitzariaren hariko Mesias da, sufritu duen, kondenatua izan den, gurutzean josi duten eta hirugarren egunean piztu den Mesias. Hori da guk aitortzen dugun Jesus. Hori da gizon ideal jotzen dugun Jesus. Pertsona-modu hori da guk amesten duguna gutako bakoitzarentzat. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak. Lagundu gaitzala kristau guztiok osatzen dugun Elizak. Lagundu diezaiogula batak besteari amets hori betetzen.