Urteko 24. Igandea B 2018-09-16
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioan, zein da gairik nagusiena? Hauxe: Zein da edo zer da Jesus? Eta pertsona desberdinen erantzunak dakarzkigu ebanjelioak: jendearenak, ikasleena eta Jesusena berarena.
Horrek guztiak, gure, nire, erantzuna zein den galdetzera narama. Zein da Jesus niretzat? Zer da Jesus niretzat? Jakina, inporta duena ez da txikitan edo gerora besteengandik ikasi dugun erantzuna. Inporta duena, neure bihotzak adierazten didan erantzuna da,
Gatozen ebanjeliora. Jesusek galdetu die ikasleei: «Zein naizela dio jendeak?» Eta erantzuna: batzuentzat Joan Bataiatzailea zara, beste batzuentzat Elias, beste batzuentzat Israel herriaren historian izan diren profetetakoren bat. Errepara diezaiegun erantzunei: jende horrentzat, Jesus ez da egiazko pertsona; hildakoetako bat da.
Eta segidan, Jesusen bigarren galdera: «Eta zuek nor naizela diozue?» Beti ohi duen bezala, Pedrok hartu du hitza: «Zu Mesias zara». Baina zer esan nahi du Pedrok titulu horrekin? Hor dago koxka. Itun Zaharrean titulu hori erregeari eman ohi zitzaion; errege arrunt bati; krimenik handienak ere egiteko gai zenari. Baina K.a. VI. mendean erregetza galdu egin zen Israelen. Ordudanik fantasiazko errege berezi bat amesten hasi ziren: Daviden ildoko erregetza berregingo zuena; errege miresgarri bat; esaterako, K.a. lehen mendetik amesten ari ziren, Mesias deitzen zuten erregeak erromatarren mendetik aterako zuela Israel herria etab. Errege ideal bat amesten zuten. Horrenbestez, zer zuen Pedrok buruan «Zu Mesias zara» erantzun zuenean?
Jesusek bere buruaz emango duen erantzuna entzungo duenean, agertuko du Pedrok, Jesusez ideia faltsua zuela, nahiz aipatu dugun titulu handi hori ¬Zu Mesias zara¬ eman dion.
Pedroren erantzunaren ondoren, bere erantzuna eman die Jesusek. Bere buruaz zer uste duen agertu die: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du, senatariek, apaiz nagusiek eta lege-maisuek gaitzetsiko dute, hilko dute eta hirugarren egunean piztuko da».
Pedrok ezin jasan du Jesusen pentsaera hori. Eta hor sortu da entzun dugun liskarra, Jesusen eta Pedroren artean.
Senideok, liskar hori ez da bukatu. Gure Eliza maite honetan liskar handia bizi dugu. Liskar mingarria. Ebanjelioaren kontrako jarrera handiak agerian jartzen dituena. Eta, urrunera joan gabe, gutako bakoitzaren bihotzean, zer? Benetan aztertzekoa izango genuke zer uste dugun Jesusez. Askotan, deskafeinatu egiten dugu Jesusen ikuspegia. Erreparatu besterik ez Eliza osoan bizi dugun liskarrari: alde batetik, Frantzisko aita santua eta beraren mezua onartzen dutenak; bestetik, mezu horren aurka itsu-itsuan ari direnak, eta ez oso modu gizatar eta ebanjelikoan. Egundokoak dira, eguna joan eguna etorri, irakurtzen ditugun albisteak. Esaterako, Estatu Batuetako hainbat unibertsitate katolikotan ez dute uzten Aita Santuaren idazkirik sartzen.
Baina, eta gutako bakoitzak, nola hartzen dugu Jesus?, nola hartzen dugu Jesusen mesianismoa?
Nik neure egin nahi nuke XIX. mendeko Danimarkako Kierkegaard filosofoaren aitorpen hau: «Jesus Jauna, zu ez zinen etorri zerbitzatua izatera, ezta jendeak miretsi zaitzan edota adoratu zaitzan… Horregatik, esna gaitzazu, erdi lo baldin bagaude engainu honetan, zu miresteko edo adoratzeko engainuan, zu imitatu eta zure antzeko izan ordez… Jauna, zu bakarrik zara Mesias».
Jesus imitatu eta haren antzeko izan. Horra Jesusen galderari benetako erantzuna: Jauna imitatu eta zure antzeko izaten saiatu. Munduan den injustizia, munduan den gezurra, munduan den erosokeria, munduan den zurikeria, munduan den pobretasuna… salatuz, eta egoera hori gainditzen saiatuz.
Jesus benetan sinesteak konfiantza sakona ematen du eta baretasuna bizitzeko. Eztabaida eta liskar alfer asko botatzen ditu baztertzera. Jesus Jauna, Mesias zara zu. Nire maitea zara zu, nire konfiantza, nire bizia, egia eta bidea. Handitu nigan zuganako ustea.
Dionisio Amundarain