URTEKO 24. IGANDEA A 2020-09-13

SARRERA

Gaurko ebanjelioa joan den igandekoaren jarraipena da. Hartan jakintzat ematen zen barkazioaren beharra. Gaur barkazioa bera da gai nagusia. Barkaziorik gabe, ezinezkoa izango litzateke edozein elkarte. Hau da, ordea, garrantzizkoena: nolatan ukatu norbaiti barkazioa eta alde berean Jainkoari barkazioa eskatu? Nolatan ukatu barkazioa kalterik handienagatik, Jainkoak hainbeste eta hainbeste barkatu dugunean? Nolatan ukatu barkazioa ehun denario zor digun lagun bati, Jainkoak hamar mila talentu barkatu digunean?
Maitasunaren alderdi bat agertzea besterik ez du egiten barkazioak. Etsaia edo arerioa maitatzearekin lotua dago barkazioa. Gizakien artean ezin pentsatua da egiazko maitasuna barkaziorik gabe.
Jainkoak barkatu digu lehenik. Maitasunez egin gaituelako eta maitasunez begiratzen digulako. Eukaristian, Jesusen nekaldia, heriotza eta piztuera ospatzean, modu bizian ageri da maitasun hori. Utz diezaiogun bete-betean kutsatu gaitzan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ben Sirak-en liburutik (27,33—28,9)

Ben Sirak-en liburu hau Jerusalemen idatzi zuen judu jakintsu batek. Kristo aurreko ehun eta laurogei inguruan. Liburua gazteei zuzendua da; gogoeta- eta irakaspen-bilduma da. Helburua, bizitzari aurre egin ahal izateko gazteak prestatzea du.
Gaurko pasartearen arabera, hobe du norberak lagun hurkoari barkatu gorrotoa gorde baino. Gorrotoak mendekura, hau da, indarkeriara eragiten du.
Gorrotoaren kontrako sentimendua da barkazioa: barka ezazu eta Jaunak barkatuko dizu, dio Itun Zaharreko autore honek; gaurko ebanjelioaren arabera, ordea, beste hau esango genuke: barka ezazu, lehenik Jainkoak barkatu baitizu.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (14,7-9)

Gaurko pasartea oso laburra da. Behar bezala ulertzeko, testuingurua pixka bat zabaltzea komeni da. Gaurkoaren aurreko txataletan, garaiko elkarteak harreman egoki samarrak izateko zituen arazo batzuez mintzatu da Paulo: batzuek fede sakonagoa dute, besteek arinagoa; batzuek ez dituzte utzi artean legeari loturiko egin beharrak. Inportantea, nork bere kontzientzia zaintzea da. Eta esaten du Paulok: «ez dezagun. beraz, elkar kondenatu, baizik eta saia zaitez senideari oztoporik ez jartzen».
Eta gaurko pasartea dator: gutako inor ez da beretzat bizi, baizik Jesu Kristorentzat. Bai. Jesus dugu ardatz gure bizitzan. Hark biziarazi gaitu, harengan bizi gara, harengatik bizi gara. Senideok, egin dezagun gogoeta txiki bat: zer eta zein da Jesus niretzat? Konbentziturik al nago, maite nauela, nigan dagoela edota ni harengan nagoela; konbentziturik al nago, maitagarri dela Jesus?

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (18,21-35)

Barkazioa da gaurko ebanjelioaren gaia. Eta ohar serioa egiten du mendekuaz.
Hiru zati ditu gaurko pasarte honek. Lehenengoa: Jesusen erantzuna Pedroren galderari: Zenbat aldiz barkatu behar diot kalte egiten didan bati? Mugarik gabe, erantzungo dio Jesusek: ez zazpi aldiz bakarrik, baizik eta hirurogeita hamar aldiz zazpitan. Jesusek hankaz gora bota nahi du Itun Zaharreko esaldi bat: «Kain zazpitan mendekatuko bada, Lamek hirurogeita hamar aldiz zazpitan mendekatuko dute». Hori bera, Jesusek alderantziz jarri du: mendekuaren ordez, barkazioa. Bigarren zatia: lehenengoan esandakoa argitzeko, Jesusek parabola bat esan die: zordun bati egundoko zorra barkatu diote, eta barkatu zaion hori bera ez da gauza izan beste bati zor koxkor bat barkatzeko. Hirugarrena, konklusioa: Jesusen ikasleak barkatzeko prest egon behar du beti; izan ere, lehenago barkatu dio berari Jainkoak.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Geure artean dugun biktimen arazoaren aurrean, Jesusek izango lukeen jarrera nagusitu dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Eliztar guztien alde: barkazio-kontuan geure eredu Kristo izan dezagun, gurutzean zegoela, hiltzaileei barkatzeko eskatu baitzion zeruko Aitari. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Ikasturtea hasi duten ikasle eta irakasleen alde: beren lanean arduratsu izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduan Kreazioaren Aldia ospatzen den honetan, Lurrari egiten diogun kalteaz gogoeta guztiok egin dezagun: Eska diezaiogun Jaunari.