URTEKO HOGEI TA LAUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Bekatoreak nolaz ez dezake barka ? )

Ziraken liburutik 27,30 – 28,7

30 Herra eta hasarrea higuingarriak dira,
eta bekatorea horietan dago.
28,1 Mendekatzen denak Jaunaren mendekua jasan beharko du;
bekatuen kontu zorrotza hartuko dio.
2 Barka hurko lagunari egin dautzun hutsa;
eta zuk eskatzean, barkatuko zaizkitzu zure bekatuak.
3 Gizaki bat beste batekin hasarre bada,
nola eska diezoke Jaunari osasuna?
4 Bere idurikoarentzat urrikalmendurik ez badu,
nork ardietsiko dio bere bekatuen barkamendua?
6 Atxik gogoan zure azken ordua, eta uko egin herrari,
atxik gogoan zure ttipitzea eta heriotzea,
eta jarraik leialki manamendueri.
7 Atxik gogoan manamenduak, eta ez hastia hurko laguna,
atxik gogoan Goi-goikoarekilako batasuna,
eta ahantz hurko lagunak egin dautzun laidoa.

Azken bertset hau bestela itzul daiteke : “Oroit Goi-goikoaren elkargoaz, eta ez
konduan har laidoa.” Levitarren liburuak jadanik errana zuen : “Maita aldeko laguna zeure
burua bezala.” (Lv 19,17) Ben Zirakek diona ez da beraz berria. Berria hau da : Ben Zirakek
erraiten daukula barkamendua zer den, eta zergatik barka.
Barkamendua, gorago erran bezala, “ez konduan har” hortan da. Laido bat ez daiteke
ezaba, bainan gainetik pasatzen ahal da. Gorputzeko haragian egin zauriak, sendatu ta,
orbaina, marka uzten du. Bihotzeko zauriek berdin. Deusek ez dezake ezezta kalomnia,
mespretxua, amodio trahitua, indarkeria…Amesten ahal da : “Holakorik egin ez banu” edo
“holakorik egin ez balaut.” Bainan egina egin. Barkamendua ez da, iraganaz oroitzean begiak
hestea, bainan “ez konduan hartzea” : harremanetan berriz hastea, ahal bada, adixkidantza
berriz proposatzea, konfiantza egitea, onartzea etorkizun bat badela oraino.
Zergatik barkatu behar den, Ben Zirakek huntan laburbiltzen du : Bekatorosa haiz hi
ere, besteen barkamenduaren beharra baduk. Jainkoa bezalakoa izan hadi : barka zak.
Bestearen begiko lasto izpia ikusten duk, bainan ez heure begiko gapirua.
Hala ere Ben Ziraken arrazoinamenduak harritzen gaitu : iduri du baldintzak ezartzen
dituela Jainkoaren urrikalmenduari : “Mendekatzen denak Jainkoaren mendekua jasan
beharko du. Barka hurko lagunari, egin dautzun hutsa; eta zuk eskatzean, barkatuko zaizkitzu
zure bekatuak.” Ez ote du erraiten : barkatua izanen haiz hik besteeri barkatzen baduk ? Testu
hau idatzi zelarik J.K.aitzineko bigarren mendean, Izraelek aspaldian egina zuen Jainkoaren
barkamenduen esperientzia, baldintzarik gabeko barkamenduena. Izai profetak jadanik errana
zuen Jainkoaren mendeku bakarra gaizkiaren kontrakoa dela, gizona xutik ezartzea. Jainkoak
ez ditu konduak atxikitzen. Ez da merkataria : hik eman nik eman. Jainkoa beti urririk ari da,
bera urrikalmendu delakotz. Ben Zirakek ez du hain segur erran nahi ukan Jainkoak
baldintzak ezartzen dituela barkatzeko, bere barkamendua errefusatzen ahal ligukeela, harek
ezarri baldintzak ez bagintza bete. Hau edo hura egin dezagun, nekez barkatzen badugu ere
guk, Jainkoaren barkamendua ez da baldintzatua, ez da sekulan hetsia neretzat. Nehork ez
dezake ibai bat arrasta. Ben Zirakek berak dio goraxago : “(Jainkoak) ikusten du eta badaki
zer azken trixtea duten (jendeek), hortako emaiten diote nasaiki bere barkamena.” (18,12)
Eta guk ? Utz dezagun tratua, utz mendekua. Eman dezagun urririk, kitorik, Jainkoak
bezala. Errekan botilla bat ezartzen badut, beteko da…idekirik balinbada. Barkatu nahi ez
badut, Jainkoaren urrikalmenduan sartu nahi ez badut, botilla errekan ezartzen dut, bainan
hetsirik. Jainkoaren urrikalmendua ez da gure baitan sartzen ahal bihotza idekitzen ez badugu.

Salmoa 102

Leloa: Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren izenari!
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari!

Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori;
Emaiten dautzu amodioa minen sari.
Ez dago hura menderen mende bereari,
Ez auzi-gose, noiz eta nola gauzak xuri.
Gaizkien arau ez zaiku Jauna nehoiz ari,
Ez eta ere hobenen arau lotzen guri.
Zenbatez baita zerua nausi lur zolari,
Hala guretzat Jainko bihotza nausi ari.
Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri:
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.

Salmo hau esker onezkoa da, eta salmotegi guziko ederrenetarik. Orotara 22 bertsu
baditu, bertsu bakotxak bi bertset dauzkala. Hemen lau bertsu baizik ez zaizkigu emaiten.
Bertsu bakotxa hebrear alfabetako letra desberdin batekin hasten da. Holako salmoak
“alfabetikoak” deitzen dira.
Beste berezitasun bat, paralelismoa : Bertset bakotxa bi lerrokoa da, batek besteari oihartzun
egiten diola. Ideia bera da bi gisetara emana, zenbait aldiz bigarren lerroak lehena argitzen
duela. Adibidez lehen bertsetean : “eskerrak eman…Jainkoari”. Bigarrenean : “Nere barneko
guziek haren Izenari.” Izena, Biblian, pertsona da : “Jainkoa” eta “Izena” bat eta bera dira.
Halaber “nere arima” eta “nere barneko guziak”.
Bosgarren bertseta famatua da Biblian, eta salmo hau guzia laburbil dezake : “Ona da
Jauna eta guzien urrikari, Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.” Beldurra bihotzetarik
kanpo ezartzen du. Beste bertsetekin batean Jainkoa zer eta nor den erraiten dauku : bihotz
samurra, barkakorra. Samurtasunik ez duenari ez zaio barkamendurik eskatzen ahal. Jesusek
hori ezin hobeki ezarri zaukun begien aitzinean aita urrikalkor eta seme joanaren parabola
kondatu zuelarik.

Bigarren irakurgaia

( Jaunarentzat gira bizi eta hiltzen )

Jondoni Paulok Erromanoeri 14,7-9

Haurrideak,
7 gutarik nehor ez da beretzat bizi,
ez eta nehor ere beretzat hiltzen:
8 bizi bagira, Jaunarentzat gira bizi,
eta hiltzen bagira, Jaunarentzat gira hiltzen.
Beraz, bizirik ala hilik, Jaunarenak gira.
9 Alabainan, huntarako hil eta piztu da Kristo :
hilen eta bizien Jauna izaiteko.

Irakurgai labur huntan hitz funtsezkoenak hauek dira : “Gutarik nehor ez da beretzat
bizi ez eta nehor beretzat hiltzen…Jaunarenak gira.” Nolazpait denak elgarri lotuak gira,
lehengo eta oraiko, hango eta hemengo. Jainkoaren xedea da gizadi osoa noizbait gizaki bat
bakarra izan dadin. “Gizaki bakar” horren izena badakigu : Jesus.
Bainan zenbat traba elgar aditzeko ! Paulo 14. kapitulu huntan guzian hortaz ari da.
Erromako girixtino anaidia erromanoz eta juduz osatua zen. Juduek beren ohiturak –biziki
hertsiak- atxiki nahi zituzten, hala-nola jan-edanetan : hau “garbia”, hura “lizuna”.
Erromanoek aldiz guzietarik jaten zuten, eta juduek lazotzat zauzkaten. Paulok zenbat nahi
lukeen elgar jasan dezaten !
Gaurregun beste eztabadarik badugu gizartean jendeen berexteko, bai eta Elizan ere.
Adibidez, urte hauetan hor ditugu tradizionaliztak, eta besteak. Lehenentzat tradizionea
lehengo hartan egoitea da. Aldatzea trahitzea. Besteentzat tradizionea bizi den zerbait da,
errepikatze hutsak hiltzen duena. Ebanjelioa beti berria da, Jainkoa beti gaur mintzo baita
gaurko fededunentzat, eta hauek gaurko gizartean bizi, ez atzokoan. Paulok erraiten dauku
orduko girixtinoeri bezala : “Nor zira zu beste baten mutila jujatzeko.” (14,4) Elgar jasan, ez
da beste biderik. Eta hori guti balitz bezala, Paulok urrunago joaitera gomitatzen gaitu :
“Nehorekin ez izan zorretan, elgar maitatzean baizik, zeren besteak maite dituenak betea
baitu osoki legea.” (13,8) Hogoi mende geroago Pauloren kontseilua beti bali da.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Manamendu berri bat utzi dauku Jaunak:
Elkar maita zazue, nik maitatu zaituztedan bezala.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 18, 21-35

21 Petri hurbildu zitzaion Jesusi, eta galdegin zion:
“ Jauna, nere anaiak huts egiten badaut,
zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz? ”
22 Jesusek ihardetsi zion:
“ Ez dautzut erraiten zazpi aldiz,
bainan hiruetan hogeita hamarretan zazpi aldiz.
23 Alabainan, zeruetako Erreinuak iduri du
bere sehiekin konduak xuritu nahi izan zuen erregea.
24 Konduen xuritzen hastean,
hamar mila talendu zor zion bat ekarri zioten.
25 Ordaintzekorik ez baitzuen, nagusiak manatu zuen sal zezaten,
bere emazte, haur eta ontasun guziekin, zorren ordaintzeko.
26 Orduan, nagusiaren oinetarat ahuspez erori zen sehia, erranez:
“ Epea emadazu, eta dena ordainduko dautzut.”
27 Urrikaldurik orduan, sehiaren nagusiak joaitera utzi zuen
eta zorra barkatu zion.
28 Bainan sehi harek, atera orduko,
buruz buru egin zuen bere lagun batekin:
hunek ehun denario zor ziozkan.
29 Loturik, itotzen ari zuen, erranez: “ Ordain zak, zor dukana! ”
30 Orduan lagunaren oinetarat ahuspez erori zen, erranez:
“ Epea emadazu, eta ordainduko dautzut.”
31 Bainan harek ezetz :
joan eta preso emanarazi zuen, zorra ordaindu arte.
Zer gertatu zen ikusirik, sehi lagunak atsegabetu ziren biziki,
eta nagusiari joan zitzaizkion gertatu zen guziaren berri emaitera.
32 Orduan nagusiak deitu zuen eta erran zion:
“ Sehi gaixtoa! Zor guzia barkatu daiat, otoiztu naukalakotz.
33 Ez ote huen, hik ere, hire lagunaz urrikaldu behar,
ni hitaz urrikaldu naizen bezala ? ”
34 Eta, hasarreturik, burregoen eskuetan eman zuen,
zor guzia ordaindu arte.
35 Berdin berdina eginen dautzue zeruko nere Aitak,
zuetarik bakotxak ez badio bere haurrideari bihotzez barkatzen. ”

Parabola hau hiru partetan da : 1. Erregeak izariz kanpoko zorra barkatzen. 2.
Zerbitzari horrek berak bere mutil lagunari pilik ez barkatzen. 3. Erregeak zerbitzari barkatua
erasiatzen bere bihotz gogorkeriagatik.
Beraz, lehenik parabola hunek Jainkoaren urrikalmendu izarigabekoa erakusten du.
Guk ere gauza bera egin behar ginuke, Jainkoaren iduriko eginak girenaz geroz (Has 1,26).
Bainan zein neke zaukun hori. Eta froga hor berean dugu, Petriren ahotik : “Jauna, nere
anaiak huts egiten badaut, zenbat aldiz barkatu behar diot ? Zazpi aldiz ?” Eta Jesusen
errepostuak erran nahi du : barka beti, karkulatu gabe, Jainkoak ez du karkulatzen.
Bainan hor dugu parabolaren azken partea, Jainkoaren urrikalmendu izarigabekoaren
kontra doana, iduriz bederen : barkatu ez duen zerbitzariari Jainkoak kentzen dio hastean
eman barkamendua. Nola esplika ? Etsenplu baten bidez hobeki ikus dezakegu: Idorte handi
baten ondotik lurra gogortua eta hetsia da. Ez du balio ura gainerat botatzea burrustaka.
Leherratzen da, ez sartzen. Lurra irauli behar da lehenik. Iraultze hori izan daiteke egin
zaukun laidoa “ez konduan hartzea”, erran nahi baita barkatzea. Lur irauli hortan Jainkoaren
barkamendua sar daiteke. Bainan bihotz idorrean ez. Jainkoa ez da barkatzetik gelditzen, gu
gira lur idor bilakatzen.