Urteko 24. igandea A (2017-09-17)
Bihotzez barkatu
Frantzisko aita santuak Kolonbiara egin duen bisitak gauza oso jakin bat nabarmendu du: bakearen akordioaren eta barkatzearen zailtasunaren arteko aldeak. Antzeko zerbait gertatu zen eta jarraitzen du gertatzen Espainian ETArekin; baita beste lurralde batzuetan ere. Igande honetako irakurgaiak barkazioaz mintzo dira. Ez maila altuetan, baizik eta norbanakoaren eta pertsonaren mailan, jendearen gehiengo handi bati dagokion maila horretan.
Barkatzeko arrazoiak (lehen irakurgaia: Eklesiastikoa 27,33−28,9)
Lehen irakurgaia Eklesiastiko edo Ben Sirak liburutik hartua da; Itun Zaharreko liburu guztien egileetarik, honena bakarrik ezagutzen dugu: Jesus ben Sirak (K.a. II. mendea). Gizon kulturaduna eta ikertzailea da; bizitzako denborarik gehiena gogoeta egiteari eman dio Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko egiazko harremanen gainean. Bere obran ehunka gai aztertzen ditu, eskuarki era labur eta errefrauzkoan emanez; beraz, ez da presaka irakurtzekoa. Hori bera esan behar gaurko irakurgaiaz, gorrotoaz eta barkazioaz ari den honetaz.
Abiapuntua nahasgarria da. Pertsona gorrototsu eta mendekutsua konbentziturik bizi ohi da eskuarki, arrazoia duela berak, bere arrangura eta gorrotoa arrazoizkoak eta bidezkoak dituela. Ben Sirak-ek etsai edo arerioaz ahazteko eskatzen dio eta gogoan hartzeko bere burua: «Zu zeu ere bekatari zara, kasu askotan sentitzen zara bekatari, eta Jainkoak barka diezazun nahi izaten duzu». Alabaina, barkazioa ezinezkoa izango da, harik eta zeure lagun hurkoaren iraina barkatuko duzun arte, harik eta gorroto izango diozun arte, hartaz gupida izan arte. Izan ere, «mendekutsuaz mendekatuko da Jauna».
Esandako hori aski ez bada gorrotoa eta mendeku-gogoa gainditzeko, bi iradokizun gehitu ditu Ben Sirakek: 1) izan ezazu gogoan heriotzako ordua; nola gustatuko litzaizuke iristea ordu hartara: gorrotoz gainezka ala barkatu izanaren pozez?; 2) har itzazu gogoan Jainkoaren aginduak eta Jaunarekin egindako ituna: hurkoarekin ez haserretzera eragiten dizute hauek eta barkatzera. [Kristau-hizkuntzan: izan gogoan Jesusen irakaspena eta etsenplua: etsaiak maitatzeko agindu zuen hark eta bere hiltzaileei barkatuz hil zen].
Pedro eta Lamek
Ben Sirak-ek era trinkoan esaten duena irakats daiteke era atseginagoan, istoriotxo baten bidez. Horixe dagi Mateoren ebanjelioak berea bakarrik duen parabola batean (ez dator, ez Markosengan, ez Lukasengan).
Pedroren galdera batekin hasten da kontaera. Jesusek esana die ikasleei zer egin behar duten «anaia batek bekatu egiten duenean» (joan den igandean). Pedrok era pertsonalagoan planteatu du galdera: «Nire anaiak nire aurka bekatu egiten badu», «nire anaiak iraintzen banau». Zer egin behar da kasu horretan? Uholdearen aurreko patriarka batek, Lamek-ek, oso argi zuen erantzuna:
«Zauritu ninduelako, gizona hil dut;
jipoitu ninduelako, mutikoa.
Kainen hilketa zazpi aldiz mendekatuko badute,
zazpi mila aldiz gehiago Lamek-ena» (Hasiera 4,23-24)
Pedro badaki, Jesus ez dela Lamek bezalakoa. Baina uste du, barkazioak baduela muga bat, ezin dela puztu. Horregatik, eskuzabal agertu ustez, galdetu dio: «Zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?» Kainen kontrakoa hartu du eredu Pedrok: hura zazpi aldiz mendekatu bazen, nik zazpi aldiz barkatuko diot.
Jesusek adierazi dio, Lamek-en kontrako bidea hartu behar duela: Lamek hirurogeita hamazazpi (77) mendekatu bazen, barkatu zuek hirurogeita hamazazpi (77) aldiz. (Liturgiako itzulpenak, ohikoa den horrek, «zazpitan zazpi hamar» aldiz dio; baina greziar testua hirurogeita hamazazpi (77) aldiz bezala ere itzul daiteke, Lamek-i erreferentzia eginez). Nolanahi den, esanahia argi dago: ez da mugarik barkaziorako, beti behar da barkatu.
Parabola (Mt 18,21-35)
Bere esana egiaztatzeko, bi zordunen parabola proposatu du Jesusek. Oso ondo eratua da istorioa, hiru eszenatan garatuz: lehena eta hirugarrena gortean gertatu dira, erregearen aurrea; bigarrena kalean.
Lehen eszena (gortean): erregea eta zordun bat. Azpimarratu ditu: 1) zorraren handitasuna: hamar mila talentu, 60 milioi denarioren baliokide, 60 milioi soldataren baliokide; 2) zordunarentzat dituen ondorio garratzak: bera eta beraren familia eta ondasun guztiak saltzea pentsatu dute; 3) zordunaren larri estua eta aterabidea bilatzea: izan ezazu pazientzia; 4) erregearen onberatasuna: pazientziaz itxaron ordez, zorra barkatu dio.
Bigarren eszena (kalean): aurrekoarekin kontraste handia ezarriz eraikia da. 1) Protagonistak bi pertsona parekide dira, eta ez erregea eta mendeko bat. 2) Zorra, ehun denario, 60 milioien aldean ezdeusa da. 3) Lehenengoan, erregea ordaina eskatzera mugatu da; bigarren honetan hartzekodunak jokabide bortitzera jo du: «lepotik heldu eta ito beharrean hartu zuen zorduna». 4) Berak erregeari egina zion eskaria bera, «izan ezazu pazientzia», entzun duenean, barkatu ordez, kartzelan sartu du.
Hirugarren eszena (gortean): lagunak, erregea eta lehen zorduna. 1) Zordun / hartzekodunaren jokabidea eskandalagarri eta haserregarri izan da beraren laguntzat, eta erregeari salatu diote. Xehetasun hau, oharkabean geldi badaiteke ere, oso garrantzizkoa da: batzuetan, pertsona batek barkatzeari uko egiten dionean, bera defenditzera jo ohi dugu; alabaina, jakinik, Jainkoak pertsona horri zenbat barkatu dion, ez da gauza erraza beraren jarrera zuritzea. 2) Hau da esaldi giltzarria: «Ez al zen bidezkoa zu ere zeure lagunaz errukitzea, ni zutaz errukitu nintzen bezala?»
Horrenbestez, Jesusek, barkazioaren zuzenespen teologikoa eskaintzeaz gain, barkatzea errazten duen bidea ere agertu digu. Baldin eta beste baten iraina bestearen eta nire arteko gauza bezala bakarrik hartzen badut, beti aurkituko dut ez barkatzeko arrazoirik. Baina irain hori testuinguru zabalago batean hartzen badut, Jainkoarekiko nire harremanen, hari zor diogun guztiaren eta berak barkatu digunaren testuinguruan alegia, lagun hurkoari barkatzea berez bezala jarioko da. Barkazioa horrela ere sortzen ez bada, gogora ekarri beharko ditugu parabolako azken hitz zorrotzak, oso interesgarriak, argi jartzen baitute zertan datzan hirurogeita hamazazpi (77) aldiz barkatzea: bihotzez barkatzea.
Aldea lehen irakurgaiaren eta ebanjelioaren artean
Ben Sirak-ek, Jainkoak norberari barkatzeko baldintza bezala planteatu du lagun hurkoari barkatzea. Ebanjelioko parabolak, Jainkoak zenbat barkatu digun azpimarratu du, horrek izan behar duelarik guk besteri barkatzeko arrazoi.
José Luis Sicre