Urteko 24. igandea A 2020-09-13
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehen irakurgaiak eta ebanjelioak batak besteari barkatzera eragiten digute.

Lehen irakurgaia, Kristo aurrekoa da, Itun Zaharrekoa. Halere, barkazioaren beharra ikustera iritsia da. Hona esaldi mamitsu hau: «Barkatu zuk lagun hurkoak egindako iraina, eta barkatuko dizkizu Jainkoak zeureak, eskatzen diozunean». Eta galdera hau dakar: «Nola gorde dezakezu gorrotorik, eta Jaunari osasuna eskatzera jo?»

Ebanjelioan, Jesusek urrats bat gehiago egin du salbatzeko jarreraren fintasunean. Batetik, Pedroren galderari erantzunez, Jesusen ikasleak beti barkatu behar du; ez zazpi aldiz, baizik eta 70 aldiz zazpi aldiz. Bestetik, parabolaren bidez, agertu digu, Jainkoak aurrea hartuko digula barkatzen. Lehenengo irakurgaian, Sirak-en pasartean, alderantziz dator barkatzeko arrazoiketa: zuk barkatu eta Jainkoak barkatuko dizu. Jesusek berriz beste hau dio: Jainkoak barkatu dizu, egundoko zorra barkatu ere; beraz, barkatu zeuk ere. Jainkoa da aurrea hartu diguna.

Barkatzea ez da kaltea ahaztea. Aldatzea eta aldaraztea da. Nork bere barrua aldatzea, eta lagun hurkoari aldatzen laguntzea. Pertsonaren barnea berritzea esan nahi du barkatzeak. Gizakia sorkari berri egitea. Esan nahi du, Jainkoari mundu honetan sartzeko bidea egin behar diogula. Jainkoari norberaren bihotzean eta munduan sartzen uztea esan nahi dut. Bihotza ez ixtea. Mundua ez ixtea. Beraz, batetik, nork bere barnea ireki, eta, bestetik, kaltea egin dizunari Jainkoari bihotza irekitzen lagundu.

Bestetik, barkatzeak ez du zokoratzen zuzenbidea; ez du ukatzen gaitza, ez ukatzen oker bat egin izana. Baina kristautasunean, barkazioak zuzenbidea ikusteko beste modu bat sortzen du: arazoa ez da inor zigortzea; arazoa, adiskidetzen laguntzea da; giza harremanak jasoago egiten saiatzea, giza harremanak jatorrago eta gozoago egiten saiatzea. Hau bera ez al da gauza pozgarria? Negatibo izan ordez, baikor eta positibo izatea.

Gogoan izan beharko genituzke, ebanjelioko hainbat eta hainbat pasarte; adibidez: aita onaren eta seme hondatzailearen parabola (Lukas 15,11-32), Kristoren barkazio-eskea gurutzean (Lukas 23,34), juduek harrikatu nahi zuten emakumearena (Joan 8,1-11), etab.

Badugu gure mundu honetan barkazio-testigantza ederrik. Gaur, Nelson Mandelaren kasu bat gogoratu nahi nuke. Hego Afrikarra zen Mandela. 1918an jaio eta 2013an hila. Bere lurraldean bizi zuten apartheidearen kontra borroka egin zuen. 29 urte kartzelan egin zituen horregatik. Baina azkenean garaipentxo bat ikusi zuen. Eta 1994-1999 bitartean Presidente izan zen. Presidente hasi berri hartan, behin batean, bere bizkartzainekin jatetxe batera joan zen. Jaten hasi eta beste mahai batean gizon bat ikusi zuen, bera bakarrik. Bizkartzainetako bat bidali zion esatera; etor zedila beraren mahaira. Gizon hura, bere platera hartu eta Mandelaren mahaira hurbildu zen. Ez zuen bururik altxatzen. Ez zuen hitz egiten. Eskuak dar-dar bizi batean zituen. Jatekoa bukaturik, alde egin zuen. Orduan, mahaikideek komentatu zioten Mandelari gizon hark, halako dardarizoa izateko, gaixotasunen bat zuela. Eta Mandelak erantzun: «Ez, ez da gaixotasun kontua. Beldur, ikara eta izu-kontua da. Ni kartzela nengoenean, kartzela-zain zen gizon hori. Eta torturatua izan ondoren, nire gelara eramaten nindutenean, joka erasotzen zidan, burutik behera pixa egiteraino. Gizon horrek beldurra du, orain, Presidente izanik, odolkiak ordainetan itzuliko dizkiodan beldur da. Baina ni ez naiz horrelakoa. Nire kulturan ez du lekurik gorrotoa-jarrerak. Ez diot gorrotorik. Barkatua diot». Horra barkazio-testigantza handi bat. Ez dakit kartzelan egon zenean eta geroago zer izan zen Mandela. Baina zuzenaren aldeko borrokan jardun zenean, partidu komunistako partaide zen.

Eta kristauok? Konturatzen al gara barkatzeko gauza izateak on handia egiten digula geuri. Batez ere, konturatzen al gara, zenbat eta zenbat barkatu digun Jainkoak? Horretarako, gai al gara geure buruari zintzo eta jarrera egiatiaz begiratzeko? Nolakoak garen ikusi eta jakiteko? Geure buruarekin aski kritiko bagina, garbi ikusiko genuke zer zor diogun Jesu Kristo geure anaia eta adiskideari. Bera aurreratu zaigu barkazioa eskainiz. Gurutzean zegoela esan zuen hura, guri ere esana da: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren.

Argitu gaitzala Jesusen Espirituak. Indartu gaitzala Jesus gurutzean ikusteak. Berotu gaitzala irailaren 14an ospatuko dugun Jesusen Gurutzearen Gorapena jaiak. Lagun gaitzala Andre Mariak.

Dionisio Amundarain