URTEKO 23. IGANDEA C eusk (2016-09-04)

SARRERA

Senideok, urteko 23. igandea ospatzen dugu gaur.
Bestalde, nolabait esateko, udako oporrak ere bukatu ditugu. Haur eta gazte askok hasiko dute, datorren aste honetan, ikasturte berria.
Horrek guztiak, gogoeta sakon bat egitera bultzatzen gaitu. Eta ebanjelioak oso zorrotz eskaintzen digu gogoeta horretarako gaia. Begira zer esaten digun: «Ondasun guztiei uko egiten ez diena, ezin izan da nire ikasle».
Jakina, Jesusek aipatzen duen gai hori zuzen hartu behar dugu. Ez digu eskatzen ondasun guztiak erabat uzteko. (Kontuan izan Homilian komentatuko dugun Pedroren esana Ananiasi eta Safirari: Apostoluen Eginak liburuan 5,2-4). Hau da kontua: edozein ondasunez baliatzen garenean, Jainkoaren asmoen arabera baliatu behar dugula, hau da, Jainkoak munduaz duen asmoaren arabera baliatu behar dugula. Irizpide guztien aurretik eta gainetik, Nazareteko Jesusen irizpidea jarri behar dugula. Andre Mariaren Kantika hartako hitz hauek kontuan hartzea da arazoa: pobreak aseko ditu eta aberatsak esku hutsik utziko: Jainkoak gizon-emakumeon bidez aseko ditu pobreak. Gogo-gogoan hartu beharko genuke hori.

LEHEN IRAKURGAIA Jakinduria izeneko liburutik (9,13-18)

Jainkoak gizadiaz eta munduaz dituen asmoak aipatzen ditugu askotan. Baina «nork ezagutu zure asmoa, zeuk agertu ez bazenio, eta zeure Espiritua bidali ez bazenio? Lurreko gauzak nekez ulertzen baditugu, nola ulertu zerukoak?
Entzutera goazen pasarte honetan, egileak gogoratzen digu, asmo horiek ezin ezagutu ditugula geure argi hutsez; baina Jakinduriak agerian jarri dizkigula.
Jakinduria horrek, kristau-tradizioaren arabera, Jainkoaren Espiritua adierazten du. Eta, zehazkiago esanda, Nazareteko Jesus adierazten du Jakinduria horrek. Jesusek, bere bizieraz eta hitzaz, Jainkoak nitaz eta gizadi osoaz zein asmo dituen agertu digu.
Pasarte honen idazleak esaten digu: «Gizakien pentsamenduak kaskarrak dira, eta gure arrazoiketak huts egiten du». Horregatik, benetan aintzat hartu beharko genuke Nazareteko Jesusek bere bizitzan agertu digun jatortasuna. Benetako gizon izatea, benatako emakume izatea zer den agertu digu Jesusek. Eta Jesusek ez gaitu utzi; bere Espiritua bidali digu gure baitan bizi dadin.

BIGARREN IRAKURGAIA Filemoni Gutuna (9b-10)

Filemoni egindako Gutuna idazki labur bat da. Paulo preso dago, Jesusen ikasle izateagatik. Kartzelan Onesimo delako batekin topo egin du. Filemonen esklaboa da Onesimo hori. Filemon, berriz, Pauloren ezaguna.
Onesimo esklaboaren adiskide egin da Paulo, eta kristau egin du. Gustura hartu eta gordeko luke berekin esklabo hori. Baina, ez. Nahiago du esklaboaren ongizatea berea baino. Horregatik, Filemoni, Onesimo esklaboaren nagusiari, idatzi dio. Bihotz-bihotzez gomendatu dio. Besteak beste, esan dio: Onesimok zuri ihes egin izanak gogoeta egiteko aukera ederra ematen dizu; pentsarazi behar lizuke, ezin duzula hartu mutil hori esklabotzat, anaia maitetzat baizik. Eta bukatzen du: har ezazu bera, ni neu izango banintz bezala.
Senideok, horixe da Jainkoaren asmoa gizadiaz: batak bestea anaiatzat edo arrebatzat hartzea. Horrela pentsatu eta jokatuko bagenu, beste bat izango litzateke gure arteko tirabirei emandako irtenbidea: bai Siriakoari, bai beste askori.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (14,25-33)

Gauza guztiak alde batera uzteaz mintzo zaigu ebanjelioa. Ondasunak uzteaz; familia bera ere uzteaz. Baina ez hori bakarrik. Nork bere burua uzteaz ere bai
Hori, lehen begiratuan, gauza negatibo hutsa da: utzi, alde batera laga, etab. Hondo-hondoan, ordea, betetasun bezala aurkeztu digu Jesusek bizia. Uztea, alde batera lagatzea, baldintza bat da askatasun betea lortzeko. Ez dakit inoiz ohartu zareten Arantzazuko basilikaren aurrean dauden apostoluetan: Jorje Oteiza eskultoreak barruz erabat husturik agertu ditu apostoluak, Jesusen Espirituak bete ditzan.
Gaurko ebanjelioak proposatzen digun uzte hau ere hari edo ildo horretakoa da. Askatasun osoa lortzea da kontua. Askatasun honetatik begiraturik, ondasunak, familia eta dagokigun guztia beste era batean ikusten dira. Gauza guztiak, Nazareteko Jesusen begiez ikusten dira. Askatasun honetatik begiraturik, gizon-emakume guztiak beste begi batzuez ikusten dira.
Errealitate guztia ikusi, neure bihotzean erdigunea betetzen duen haren arabera ikusten dut: maitasunaren edo egoismoaren arabera, alegia. Jar dezagun geure bihotz-hondoan Jesus.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduko agintari politikoen alde: Siriako arazoan eta beste herrien probleman, Jesusen Espiritua gidari har dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Geure bihotza Jesusen arnasaz betetzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Krisi ekonomikoaren ondorioz lanik gabe gelditu direnentzat; aipatutako krisi ekonomiko hori eragin dutenentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Laster ikasturte berria hasiko duten irakasle eta ikasleentzat: ikasturte hori giza zentzu sakon batez bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.