URTEKO HOGEITA HIRUGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Jainkoak du emaiten egiazko zuhurtzia )
Zuhurtziaren liburutik 9, 13-18
13 Zein gizakik ezagut dezake Jainkoaren asmoa?
Nork konpreni Jaunak nahi duena?
14 Gizaki hilkorren gogoetak laburrak dira,
eta gure ideiak segurtasungabeak;
15 gorputz galkorra arimarentzat zama bat baita,
eta buztinezko etxola hunek nekarazten baitu
mila gogoeta derabilan gure izpiritua.
16 Nekez ezagutzen ditugu lurreko gauzak,
eta penarekin aurkitzen esku menekoa duguna ere;
nork, beraz, ikertu ditu zerukoak?
17 Eta nork ezagutuko zukeen zure asmoa,
zuhaurek ez bazinio eman Zuhurtzia,
eta gain hartarik igorri zure Izpiritu saindua?
18 Horrela xuxendu dira lurtiarren bideak;
horrela ikasi dute gizakiek zer duzun atsegin,
eta, Zuhurtziaren bidez salbatuak izan dira.
Zuhurtzia,Biblian, zorionera edo zorigaitzera zerk geramantzan jakitea da. Bibliako jendeentzat
zorionerako bidea Jainkoak du bakarrik ezagutzen. Eta Harek dio bere populuari lehenik, eta gero
gizarte guziari bide horren segeretua jakinarazten .
Testu hunen erran nahia hori da : ” Zein gizakik ezagut dezake Jainkoaren asmoa ? Nork
konpreni Jaunak nahi duena ? ” Izaik, aspaldi lehenago, idatzia zuen : ” Egiaz , nere egitasmoak
(projetoak ) ez dira zuenak bezalakoak …” (Is.55 , 8) Eta bai, onartu behar dugu ez dakigula deusik
Jainkoak pentsatzen duenaz. Job-ek dioena hori bera da : ” Bainan nun aurkitu zuhurtzia
?…Jainkoak bakarrik daki Zuhurtziaren bidea, Hark du haren egoitzaren berri …” (Jb 28 ,12-23)
Liburu berean, Jainkoak Job-eri konpreniarazten dio deus guti dela eta bere ahaletan mugatua den
norbait.
Hunek onartzen du :”…Zuk errana da : Nor da nere egitasmoa ixil-arazi nahi duena, deusik
jakin gabe ?…Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan ; orai nere begiz ikusi zaitut…” (42,3)
“…Nekez ezagutzen ditugu lurreko gauzak …Nork beraz ikertu ditu zerukoak ?” Jainkoa Arras
Bertzea da, horra zer dion egungo testu hunek . Bainan Jainkoak ” gain hartarik igorri dauku Izpiritu
Saindua ” Gauza bera diro Paulok : “Bere asmo gordea , guri ongia egin nahiz erabakia zuen
asmoa , ezagutarazi dauku …” (Ef 1, 9)
Pasaia huntan gizona gorputz eta arima den izaite bat bezala erakutsia da. Biblian berexkuntza
hori ez da ohikoa. Gizona bere osoan Bat da bibliarentzat. Erran behar da hau idatzia izan dela
greko ingurumen batean, haukien pentsatzeko maneran. Bainan egia dena da gu bakotxaren baitan
badirela bi indar, bat ongirat garamantzana, bertzea gaizkirat. Piarres lafittek hori biziki ederki
erakusten du : “Nere baitan bi xori” bertsuetan . Eta Paulok aitortzen du: ” Egin nahi nukeen ongia
ez dut egiten, eta egin ez nahi nukeen gaizkia egiten dut.” (Erm.7,19)
Bibliako Jainkoa Arras Bertzea balin bada , Arras Hurbila ere da .
Salmoa 89
Leloa: Gure geriza zaude zu, Jauna , mendez mende
Hilkor gizonak sar diten berriz errautsean,
Zuk erran duzu: Gizonak berriz errauts izan.
Mila bat urte zure begien aitzinean,
Atzoko egun ala gauaren idurian.
Hartzen ditutzu eta hek amets baten pare,
Nola belarra hek sortu eta hil baitire.
Argi hastean handitzen eta dena lore,
Gauerakoan histen, eihartzen, ez deus ere.
Gure egunez erakuts guri zer diozun,
Gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.
Gu ganat itzul, noiz arte, Jauna, zaude urrun?
Zure direnez urrikaldurik, otoi, entzun!
Bihotz beteka goizetik ixur amodio,
Goiz-arrats dugun bai kantu eta bozkario.
Gure gainean bego Jaunaren bihotz ona:
Zuk lagun zazu gure eskuek egin lana.
Jerusalemeko tenpluan egin barkamen ospakizun bateko salmoa izan daiteke : ” Gu ganat
itzul : noiz arte, Jauna, zaude urrun ?” Herria Babilonen preso egona da mende erdi batez (6.
mendean, J.K aitzin). Handik itzulia da, bainan zenbat lan egiteko (hiriaren parte bat lurrean da)
etsaien artean (armaturik arizan behar dute lanean). Denen ustea da gaitz horiek guziak beren
bekatuengatik jasan behar ukan dituztela. Jaunari galdegiten diote zigor hori urrunt dezan, aski
badutela sofriturik, bakearen eta goxotasunaren tenorea dela : ” Jasan egun beltz bezenbat eman
egun goxo, zorigaitz urte bezenbat orai bake oso.”
Zoriona nun aurkituko du Izraelek zuhurtzian ez bada : ” Gure egunez erakuts guri zer diozun,
gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.” Zorionaren gakoa zuhurtzia izan zen Salomonentzat.
Hunek konprenitu zuen zuhurtzia Jainkoaren aitzinean xutik bainan apal egoitea dela, ametsetako
handikeria zoroak bazterrerat utzirik. Norberak bere izaria hartu duenean, orduan daiteke zoriontsu
izan, orduan goza dezake Jainkoaganikako bozkarioa : ” Bihotz beteka goizetik ixur amodio, goiz
arrats dugun bai kantu eta bozkario.”
Salmo hunen azken lerroa biziki ederra da : ” Zuk lagunt zazu gure eskuek egin lana.” Lan hori
izan daiteke Izraeldarrek egin behar ukan zutena, atzerritik itzuli zirenean, erran nahi baita
Jerusaleme hiriaren berreraikitzea. Bainan ikuspegia zabalduz, gizakiak Jainkoarekin eskuz esku
deraman bizia ere izan daiteke. Gizakia Jainkoaren lankide. Gizakia Jainkoaren beharretan, eta
Jainkoa gizakiaren. Jainkoaren umiltasuna. Gizakiaren handitasuna.
Bigarren irakurgaia
( Zure esklaboa zure anaia bilakatu da )
Jondoni Paulok Filemoni 9b-10 . 12-17
Seme maitea,
9 nik, Paulok, jadanik zahartua, eta orai, gainera,
Kristo Jesusengatik preso nagonak,
10 fagore bat eskatu nahi dautzut
presondegian sortu dutan nere seme Onezimorentzat.
12 Berriz igortzen dautzut, bihotz bihotzekoa dutan hau.
13 Nerekin atxiki nahiko nuen, zure orde zerbitzari izan nezan,
Ebanjelioarengatik presondegian nagolarik.
14 Halere, ez dut zure baimenik gabe deus egin nahi izan,
fagore hori gogotik egin dezazun eta ez bortxaz.
15 Beharbada, hortarako ihes joan zitzaitzun apur batez,
gero betiko har zinezan,
16 eta ez esklabo bezala,
esklabo baino zerbait gehiago, anaia maite-maite bezala:
neretzat maite-maitea da, bainan maiteago zuretzat,
bai gizon bezala, bai Jaunaren baitan.
17 Beraz, ni adiskide banauzu, har zazu Onezimo nihaur bezala.
Filemon hori giristinoa da. Onezimo hunen esklaboa, etxetik eskapatu dena eta Paulok
konbertitu duena. Paulok gibelerat igortzen dio bere esklaboa lehengo nagusiari, hunentzat
barkamena eskatuz. Alabainan, orduko legearen arabera, esklabo batek bere nagusia ez zezaken utz
bere baitarik, hunek dretxo guziak baitauzka gizon horren gainean kabala bat balitz bezala .
Paulok Filemoni eskatzen dio, ez bakarrik Onezimori barkatzea, giristinotu baita; ez esklabo
bezala hartzea, bainan ” anai maite maite bezala ” eta oraino gehiago:” Har zazu Onezimo nihaur
bezala “.
Hemen kondatua zaukuna afera personal bat da eta bizkitartean bibliako testo bezala ekarria da.
Zergatik ote ? Lehenik oroit Pauloren idatzi huntaz :”…Bataioaz Kristori lotuak izan zirezten
guziak, soinekoz bezala Kristoz jantziak zirezte . Berdin da judu edo ez judu ezaitea , esklabo edo
libre , gizon edo emazte , guziak bat baitzirezte Jesu Kristo baitan ..” (Gal.3,27-28)
Bataiatua izaiteak ondorioak baditu, edo bederen behar lituzke izan, gure egun guzietako
bizian. Bai eta politikan ere, gizarte giristino batek ez dezazke onar gizona kabale bezala
kontsideratzen duten legeak. Azken ohar bat : Filemonek Onezimo esklabo bat bezala gaizki
tratatzen badu ,legeak arrazoin emanen dio. Legezkoa dena ez da beti ebanjelioarekin joan.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Argi gaitzazu begitarteko argiekin,
Zure nahia dugun egin.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 14 , 25-33
25 Jendalde handiak bazoatzin Jesusekin;
heienganat itzulirik , erran zioten:
26 “ Norbait nereganat heldu bada,
eta ez banau ni bere aitamak eta emaztea, haurrak eta anai-arrebak
eta bere burua ere baino maiteago,
ez daiteke izan nere dizipulu.
27 Bere gurutzea garraiatzen ez duena eta ondotik heldu ez zaitana,
ez daiteke izan nere dizipulu.
28 Alabainan, zuetarik nor, dorre bat eraiki nahi badu,
ez da lehenik jartzen gastuen konduak ateratzeko,
eta bururatzekorik baduen ikusteko?
29 Bestela, zimenduak ezarri ondoan, ezin balu bururatu,
ikusiko duten guziek trufa eginen liokete, erranez:
30 ‘ Gizon hori eraikitzen hasi da, bainan ezin burura’.
31 Halaber, zein errege, beste baten kontra gerlarat joan nahi badu,
ez da lehenik jartzen gogoan erabiltzeko,
ea hamar mila gizonekin buru egiten ahal dion
hogei milarekin kontra heldu zaionari?
32 Eta ezin badu, bestea oraino urrun delarik,
mandatariak igortzen diozka bakearen eskatzeko.
33 Berdin, zuetarik nehor ez daiteke nere dizipulu izan,
dituen guzieri uko egiten ez badiote.”
Gure familiarekilako harremanetarik has gaiten. “Zure aita eta ama ohoratuko dituzu “, dio
laugarren manamenduak. Eginbide horren kontra ote doa hemen Jesusen errana ? Ez , bakarrik
ebanjelio hunek dioena da : gure familiari estekatzen gaituzten lokarriek ez dutela traba izan behar.
Bataioak Jesusi lotu gaitu mundu huntako bertze edozein gauza edo izaiteri baino azkarrago. Gure
biziko segurtamen guziak utzi behar ditugu, hutserat jauzi egiten baginu bezala. Urrun gira bi
parabola horietan aipatuak zauzkun konduetarik !
Eta bizkitartean Jesus ez da hor kontraerran batean sartzen . Dorre bat egin aitzin edo gerla bat
hasi, konduak egin behar direla dio Jesusek. Huni jarraiki nahi duenak ere konduak egin behar ditu ,
bainan ez dira kondu berdinak ! Bere bidean traba lezaketen lokarri guzieri uko egin behar du eta
,oroz gainetik, bere burua Izpiritu Sainduaren eskuetan abandonatu .
Egiazko zuhurtzia, mundu huntako segurtamen guziak baztertzea dela dio Zuhurtzia liburuak :
“Gizaki hilkorren gogoetak laburrak dira, eta gure ideiak segurtasungabeak…Nork konpreni jaunak
nahi duena ?…” Jainkoarekin, beti, lurpean suntsitu eta berriz sortzen den ogi bihiaren logikan
gaude .