Kontrako hauteskunde-kanpaina
Urteko 23. igandea C (2016-09-04)

Bere hauteskunde-kanpaina soldatak jaitsiz, zergak igoz eta langabezia handituz hasiko lukeen politikoak gogo-berotasun kaxkarra eragingo luke. Gainera, «Botoa emango didana, kartzelara joango da» gehitzen badu, bera bakarrik geldituko da dudarik gabe. Kanpaina hau baino are zoroagoa burutu zuen Jesusek. Beraren ikasle izateko, eskatzen du, atzera uzteko maitasunik handienak (familiari eta norberari dagozkienak), fama eta bizia arriskatzeko, orori uko egiteko. Arrazoizkoa da pentsatzea, baldintza horiek ezarriz, ikasle bakar bat ere gabe geldituko zela Jesus. Hala gertatu al zen?

Problema

Gaurko ebanjelioa, Jesusi, ikasle izan gabe, jarraitzen dion jende-kopuru handiaz hitz eginez hasi da. Litekeena da, haietako norbaitek buruan asmoa izana ikasleen taldeko egitea. Jesus, hari honetako edozein eskariri aurrea hartuz, guztiei mintzo zaie, baldintzak jarriz.

Lehen baldintza: gauzarik maiteenari uko egitea

Itun Zaharrean, Leviren leinua zen Jainkoaren zerbitzari errotikoaren eredu. Moisesen Bedeinkazioek komentario hau dagite leinu hartaz:

Esan zien gurasoei: ez dut zuen ardurarik;
anai-arrebei: ez zaituztet aintzat hartzen;
seme-alabei: ez zaituztet ezagutzen.
Bete zituzten aginduak
eta gorde zuten zure ituna (Deuteronomioa 33,9).

Levitarrentzat, Jainkoaren gogoa betetzea gurasoak, anai-arrebak, seme-alabak maitatzearen gainetik dago.
Antzeko ildoari jarraituz, baina era errotikoagoan, formulatu du Jesusek bere eskakizuna: berari jarraitu nahi dionak, beraren ondoren jarri behar ditu norberaren aita-amak // norberaren emaztea eta seme-alabak // norberaren anai-arrebak. Nork bere jatorri duen familiak (aita-amak), norberak eratu duen familiak (emaztea eta seme-alabak), famili inguruneak (anai-arrebak) mundu afektibo oso bat sinbolizatzen dute; halakoak bigarren mailan ipintzeak ukapen handia esan nahi du. Baina Jesusek zazpigarren osagai bat gehitzen du, zorrotzena, levitarren kasuan aipatzen ez dena: Jesusen ondoren jarri behar du nork bere burua ere.

Bigarren baldintza: fama eta bizia arriskatzea

Eskakizun hau agertu da jada Lukasen ebanjelioan, are tankera errotikoagoan adierazirik, baina zentzua agertuz: Jarraitu nahi didanak, uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea egunez egun eta betor nirekin (9,23).
Irudi horrek, latza benetan, hau esan nahi izango luke gaur egun: «Jarraitu nahi didanak har beza bere aulki elektrikoa eta betor nirekin». Alde batekin: aulki elektrikoa ez dela garraiagarria, eta gurutzea kondenatu orok eramaten zuela hilko zuten lekuraino.
Gurutzea egunez egun hartze horrek adierazten du, hiltzeko prest egotea ez den beste zerbait dela. Gurutzean hiltzea erromatarrentzat gauzarik krudelena eta iraingarriena zen, delitu larri-larrientzat aurreikusia: estatuaren eta gizartearen aurkako delituentzat. Ondorioz, egunez egun gurutzea hartzeak prest egotea esan nahi du gizartean desohorea, gorrotoa eta mespretxua jasateko, baita heriotza ere.

Pausaldi bat gogoetarako eta desanimatzeko

Esandakoa aski da entzuleetako jende asko desanimatzeko. Badaezpada, ordea, norbait jabetu ez bada ere, Jesusek bi konparazio proposatu ditu (dorre bat eraikitzea eta gudura joatea); berari jarraitzeko erabakia presaka ez hartzeko deia dagi. «Nire ikasle bihurtu aurretik, egizu pausaldi bat pentsatzeko. Ondoren porrot egin eta barregarri gerta ez zaitezen». Dudarik gabe, Jesus ez zen harako espiritu-zuzendari haiek bezalakoa, gazteak seminariora edo nobiziadura joatera animatzen baitzituzten erabakia serioski pentsatu gabe.

Hirugarren baldintza: ondasun materialei uko

Afektu handiei uko egiteari, fama eta bizia arriskatzeari, hirugarren lekuan ondasun materialei uko egitea gehitzen die Jesusek. Hori esan dio gazte aberatsari (nahiz eta Lukasek buruzagi bezala aurkeztu duen). Saldu daukazun guztia, banatu pobreen artean eta altxor bat izango duzu zeruan; ondoren, jarraitu niri.
Pertsonaia hau ez zen hori egiteko gai izan. Aitzitik, Pedrok, Andresek, Santiagok eta Joanek, «dena utzirik, jarraitu zioten» (5,11). Baita Levik ere: «dena utzirik, jaiki eta jarraitu zion» (5,28).

Eskakizunak kristau guztientzat

Apostoluen Eginak liburuan, Elizaren zabaltzea kontatzean, «ikasle» terminoak ez du adierazten jada Jesusi alde guztietara jarraitzen dion talde erlatiboki txiki bat, baizik Damaskoko, Jerusalemgo, Jopeko, Antiokiako etab.eko kristauak. Horiei guztiei al doazkie aurreko eskakizun horiek? Beraz, gaur egungo kristau guztientzat al dira?
Hobekienik ezagutzen dugun kasua hirugarrena da: ondasun materialei uko egitearena. Ananiasek eta Safirak, ezkontza-bikoteak, soro bat saldu zutenean, diruaren zati bat berentzat gorde zuten eta gainerakoa elkartearen zerbitzurako eman, baina dena ematen zuten itxurak eginez. San Pedro esan die ez zeudela ezer ematera behartuak; egin zuten okerra engainatu nahi izatea izan zen. Adibide honek garbi uzten du, kristau-elkarteko kide izateko, ez zegoela zertan uko egin ondasun material guztiei. Izatez, Paulok fundatu zituen elkarteetan, aholkatzen zuena ondasunak premian zeudenekin partekatzea zen.
Hain latzak iruditzen zaizkigun lehen biak, agian askoz gehiagotan bizi izan beharko lituzkete kristaurik gehienek. Sarritan gertatu ziren pertsekuzio-aldietan, eta kristauak barregarri utziak eta irainduak, kriminaltzat eta estatuaren etsaitzat emanak ziren haietan, Jesusen ikasle izateak askotan eskatu izan zuen pertsona maiteekin eten beharra, fama eta gizarte-estimua galdu beharra, eta heriotza bera ere onartu beharra. Egoera ez da oso bestelakoa Afrikako eta Asiako gaur egungo aski elkartetan; alde batera uzten dugu, mendebaldeko hainbat ingurumenetan pertsonari bere burua kristautzat emateak dakarkion izen txarra.

Misterioa

Jesus ez zen gelditu ikaslerik gabe. Alderantziz, zenbat eta zailagoak izan egoerak, gehiago izan ohi ziren jarraitzen ziotenak. Tertulianok, 160-220 bitartean bizi izan zenak, idatzi zuen: «Martirien odola kristauen hazi da». Jesusi jarraitzetik atzentzen dutenak ez dira beraren eskakizun handiak, baizik jarraitzen diogunon erosotasuna eta arruntasuna.

José Luis Sicre