Urteko 23. igandea C 2019-09-08
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko lehen irakurgaiak, joan-etorri handiko oharra egin digu: «Nork ezagutu ditzake Jainkoaren asmoak, zuk jakinduria ematen ez badizu, zerutik Espiritu Santua bidaliz?»
Gaurko ebanjelioan, Jesusek dakarzkigun bi konparazioekin esan nahi digun ideia bertsua da: dorre bat egin nahi baduzu, ez al zara hasiko, horretarako baliabiderik edo dirurik ba ote duzun aztertuz? Eta gauza bertsua esan nahi du bigarren konparazioarekin; gaur egungo kasu jakin bati alderantziz aplikatuz: Espainiako jarduneko presidentea, jakingo balu, inbestidura lortzeko, berea ez beste alderdiren beharrik ez duela, ibiliko al litzateke batekin eta bestekin hitz egiten?
Senideok, jokoan duguna funtsezko gauza dugu: geure burua garatu ala ez, geure burua egiten saiatu ala ez, geure burua osatu ala ez. Eta ohiko beste termino batzuk (salbazioa, zerua etab.) aipatzen ez baditut, nahita ari naiz. Askotan, zeruaren, salbazioaren, Jainkoaren etab. izenean, mundu honetako zeregina kontuan hartzen ez digulako da; zerua egiten, mundu honetan hasi beharra dugula alde batera uzten dugulako.
Gaurko ebanjelioan berean, Jesusek esan digu, bera beste gauza guztien gainetik hartu behar dugula: bera gurasoak eta seme-alabak baino gehiago maitatu behar dugula, bera nork bere burua baino ere gehiago maitatu behar dugula. Baina ez digu esaten, gurasoak ez ditugula maitatu behar, ez digu esaten seme-alabak ez ditugula maitatu behar, ez digu esaten nork geure burua ez dugula maitatu behar. Ez da hori Jesusen ustea.
Lehenengo irakurgaiak esan digunarekin lotuz, hau da esan nahi diguna. Gutako bakoitza ez garela gai zer garen jakiteko, ez garela gai zer dagokigun jakiteko, ez garela gai zein bide hartu eta egin jakiteko.
Benetan oharpen garrantzizkoa. Indibidualismoaren arriskua dugu. Nork bere kontura jokatu nahi izatea. Adibide bat, oso argia. Elizan askotan pentsatu izan da Aita Santua hutsezina dela, Elizaren buru eta gidari nagusi-nagusia dela. Horren kontra, kristautasunaren hasiera-hasieratik, kontzilioak egin izan dira. Gaur egun berean, kontzilioak maiz egitea gauza garestia delako, Sinodoak egiten dira. Zer esan nahi du horrek? Kontzilioetan munduko gotzain guztiak eta abar biltzen dira. Sinodoetan gotzainik ordezgarrienak biltzen dira. Esateko, Aita Santua ez dela hain nagusi-nagusia. Ezin duela jokatu bere gisa.
Halere, badira, Kristoren izenean, ebanjelioaren izenean, beste inor gutxirekin parte hartu gabe, hitz egiten dutenak. Kontuan hartu gabe gaurko egungo Elizaren sentiera zein den kontuan hartu gabe. Sentiera hori zein den bilatzen ere batere saiatu gabe.
Ba, gaurko ebanjelioan, Jesusek garbi diosku, gurasoak, seme-alabak eta bere burua bera baino gehiago maite dituena ez dela beraren ikasle. Jesus dugu geure maisua, geure gidaria. Jesusen irizpidea da balio duena, gurasoen, seme-alaben eta norberaren irizpideen gainetik. Geure ardura guztia jarri beharko genuke zer esaten duen gaur egun Jesusen Espirituak. «Andre Maria agertu zait» edo «Espiritu Santuak hau eta bestea esan dit» ari garenean, beste hau galdetu beharko genioke geure buruari: «Andre Mariak zer esaten dio gaurko Elizari»?; «Espiritu Santuak zer esaten dio gaurko Elizari»? Eta «gaurko Elizari» esaten dudanean, ez naiz ari, gotzain baten iritziaz; ez naiz ari apaiz edo kristau jakin baten iritziaz. Kristau guztiak hartzen dituen Elizaz ari naiz, eliza unibertsalaz ari naiz: eliza katoliko, ortodoxo, protestanteaz; beste erlijio guztiak, beste pentsalari eta jende guztiak alde batera utzi gabe.
***
Gaur, bestalde, Andre Mariaren Jaiotza ospatzen dugu. Jaiotzeak bizia esan nahi du. Bizia. Gurasoek bizitzeko bidea ireki zioten Mariari; lehen pausoa zen. Bizitzeko bidea egiten saiatu zen Andre Maria. Oso gogoan hartzekoa da gertaera hau: Andre Mariaz ebanjelioek ematen dizkiguten berri apurren arten, bi hauek aipatu izana: batetik, Andre Mariak, haurdun dela, Elisabet bere lehengusinari laguntzera jo du; bestetik, Kanako ezteietan, ardoa falta zaielako urduri eta larri diren senar-emazte berriei laguntzera jo du. Esan nahiz, zerua lur honetan bertan egin behar dela. Biziaren irrika bizi izan du Andre Mariak. Jesusengan ikusi du bizi horren iturria. Azkenean, biziaren bila eta bila ibili ondoren, betiko jaio da zeruan, betiko bizitzan. Gurasoengandik lortu duen lehen jaiotza hura betiko Jaiotzaren hasiera eta hazia izan du betiko Jaiotza lortzeko. Lagundu gaitzala zerutik, bere Seme maiteari jarraituz.
Dionisio Amundarain