Urteko 23. igandea C 2016-09-04
HOMILIA
Anai-arrebok!
Zorioneko izateko, aske izateko, nor bere buruaren jabe izateko, Jesus dugu geure bide bakarra. «Ni naiz bidea, ni naiz egia, ni naiz bizia», esan digu berak (Joan 16,6). Beste bost definizio ere eman ditu bere buruaz Joanen ebanjelioan: neu naiz argia, atea, artzaina, piztuera, mahatsondoa.
Jesusi jarraitzeko hiru baldintza
Gaurko ebanjelioan hiru baldintza agertu dizkigu benetan bera aintzat hartzeko:
• «norbaitek nirekin etorri nahi badu eta bere familia baino, eta bere burua ere baino, maiteago ez banau, ezin izan da nire ikasle»;
• «bere gurutzea lepoan hartu eta nire ondoren ez datorrena, ezin izan da nire ikasle»;
• «daukan guztiari uko egiten ez diona, ezin izan da nire ikasle».
Baldintza bete ezinak?
Esango litzateke, ezin bete diren baldintzak ezarri dizkigula Jesusek. Baina har ditzagun gertuagotik.
Lehenengo. Zer da familia eta nork bere burua baino gehiago Jesus maitatzea? Askotan esan da ere uko egin behar zaiola familiari, uko nork bere buruari. Esan da ere gorroto izan behar diogula familiari eta nork bere buruari.
Baina Jesusek ez digu horrelakorik eskatu. Jesusek familia eta familia bereizten ditu. Jesusek pertsona bakoitzarengan ni bat eta ni bat bereizten ditu.
Jesusi jarraitzeko bidean, familia Jesusen bidearen kontra jartzen bada, bietan bat: edota oker ulertu dugu Jesusen bidea zein den, edota familia hori ez da benetako familia. Jesusen Espirituaren beharra dugu gauzak zuzen ikusteko. Joera handia izan ohi dugu geure mementoko gustuko jainkoak edo idoloak asmatzeko. Eta idoloei, bai, idoloei uko egiteko eskatzen digu Jesusek.
Bigarren. Gurutzea lepoan hartu. Kontua ez da gorputza nola mortifikatu ibiltzea. Ez da gorputza zigortzen ibiltzea. Jesusen arabera bizitzeak bere nekeak ditu. Askotan pertsekuzioa ere bai. Fama galtzea ere bai. Gaizki ikusia izatea ere bai. Gurutzea lepoan hartzea, Jesusi jarraitzeak berekin dituen nekeak onartzea da.
Hirugarren. Dauzkagun gauza guztiak uztea. Apostoluen Eginak liburuan argibide ederra daukagu (Eg 5). Ananias eta Safira bikoteak bere ondasunak saldu eta kristau-elkartearen esku jartzeko itxura egin du. Baina, egiaz, zati bat beretzat gorde du. Pedro esan die: ez zeundeten ondasun guztiak elkartearen esku jartzera behartuak. Zuen okerra, elkartea engainatu nahi izana da.
Arazoa ondasunez nola baliatzen garen da: egoismo hutsez ala gizadiaren onerako.
Pertsonaren heldutasuna
Jesusi jarraitzea, pertsona betea izatea da. Jainkoa gorestea da, munduan haren asmoak betetzen saiatuz. Jesusek hots egin duen Jainkoaren Erreinua egiten saiatuz.
Horretarako, gauza askori egin behar diogu uko.
Uko alferkeriari. Eroso bizitzeari, hainbat jende nire laguntzaren zain dagoela ikusirik: laguntza materiala, laguntza psikologikoa, laguntza espirituala.
Uko inbidiari. Beste baten semea edo alaba nire semea edo alaba baino kirolari hobea delako inbidiari.
Uko gorrotoari. Balkoiko loreei ura botatzean nire balkoira tanta batzuk botatzen dituenari, nire garaje aurrean bere autoa hamar minutuz aparka dezan ez uztea.
Uko…
Senideok. Jesusi jarraitzea, hondo-hondoan, ez da ezeri uko egitea. Norberaren eta munduko pertsona guztien nortasunari BAI esatea da. Guztiok NOR izatea da. Azken batean, Jesusek proposatzen diguna jomuga pozgarri eta aintzatsua da. Andre Mariak bezala esan beharko genuke: «Gauza handiak egin ditu nire alde Ahalguztidunak» (Lk 1,49). Esan nahi du: handi izateko, libre izateko, zorioneko izateko egin nau Jaunak.
Dionisio Amundarain