Urteko 23. igandea B 2021-09-05
SARRERA
Anai-arrebok! Gaurko ebanjelioak galdera hau egitera garamatza: «Zer espero duzu Jainkoagandik?» Gaitzetik libra nazala? Sendatzen lagundu nazala? Hipoteka ordaintzeko laguntza eman diezadala?
Okerrena, zer eskatu ez jakitea izango litzateke. Halere, Jainkoak ez luke etsiko. Gaurko ebanjelioan Jesusek sendatu duen gormutua ez da gauza izan bere gisa Jesusengana joateko. Lagun edo familiarteko batzuek eraman dute Jesusengana. Eta Jesusek sendatu du.
Ikasleei asko kostatu zaie Jesus eta Jesusen mezua ulertzea. Halere, ari jarraitzen segitu dute. Azkenean, Jesus berpiztuaren esperientzia izan eta Espiritua hartu ondoren, iritsi dira Jesus benetan ezagutzera. Iritsi dira zein den Jesusen mezua ezagutzera. Iritsi dira ezagutzera, gizaki ororen bizitza eta azken zoria, Jesusen beraren bizitza eta zoria direla.
Jesus ezagutu aurretik zer eskatu ez badakigu, Jesus ezagutzean, dena aldatzen da: Jauna, maita zaitzadala eta maita dezadala mundu osoa zuk maite duzun bezala.
LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (35,4-7a)
Isaias profetaren pasarte honek, Jainkoak gure artean jarraitzen duela adierazten digu. Pasarte hau iragarpen edo abisu profetiko bat da: gaitz oro gainditua izango dela adierazten du.
Testua Babiloniako erbestealdiaren garaikoa da. Herriari bihotz eta animo eman nahi dio profetak: itzuliko da herria bere aberrira. Irudi ederrez baliatu da profeta. Gaixotasuna galduko da. Ugaritasuna izango da nagusi. Sion, hots, Jerusalem garaile aterako da. Jainkoaren lana izango da.
BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren gutunetik (2,1-5)
Jakingarria da ikustea, lehen kristauen artean badela jadanik pertsona arteko bereizketarik: aberatsari eta pobreari harrera desberdina eskaintzen zaie kristau-elkartean ere.
Alabaina, Jainkoak ere egingo du bereizketarik. Baina gizon-emakumeok egin ohi dugun bereizketaren alderantzizkoa: «ez ote ditu Jainkoak mundu honetako pobreak hautatu, fedez aberats bihurtzeko, erreinuan oinordeko egiteko?» Senideok, Jainkoak gizon-emakume guztiak salbatu nahi ditu. Baina pobreak izan ohi dira Jainkoaren deia onartzen dutenak.
EBANJELIOA San Markosen liburutik (7,31-37)
Markosek Jesus, gaurko ebanjelio honetan, juduen herritik kanpo aurkeztu digu: Fenizian; gaurko Libanon. Adiskide edo ahaide batzuek aurkeztu dioten gormutu bat sendatu du Jesusek. Sendatze honek antz handia du, Markosek berak segidako kapituluan, 8garrenean, ekarriko digun beste sendatze batekin: Betsaidako itsuaren sendatzearekin. Bi mirari: entzumena ematea, ikusmena ematea.
Badirudi, sendatze bi hauekin beste gaixotasun bat agertu nahi izan duela Jesusek. Sendatzea asko kostatu zaiona. Ikasleek agertu dituzten gorreria eta itsumena. Jesus eta Jesusen mezua ulertzeko ikasleek agertu dituzten gorreria eta itsumena.
Aipatu bi gaixoak sendaturik ikustean, jendetza harriturik azaldu da: «Dena ondo egin du: sorgorrei entzumena eta mutuei hitza eman die».
Noiz iritsiko ote gara gu, antzeko harridura edo handiagoa agertzera?, jabetuko garenean, nolako entzumena, nola ikusmena, nolako adorea… eman dizkien Jesusek ikasleei? Eta guri geuri ere? Goratu dezagun Jainkoa. Eskerrak emazkiogun.
HERRIAREN OTOITZA
1.- Afganistandik, Libanotik, Siriatik, Afrikatik etab. ihesi, Europarantz datozen guztien alde. Harrera egoki bat izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Laster ikastolarako edo ikastetxerako bidea hartuko duten haur, gaztetxo eta gazte guztien alde. Gizatasun handi eta beroko giroa aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Lanera itzuli diren langile guztien alde. Lanari zentzu jator eta kreatzailea ematen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Fede-hezitzaile –guraso, apaiz, katekista…– guztien alde. Xedea eta helmuga, gizon edo emakume egiten laguntzea izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.