URTEKO HOGEITA HIRUGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Etortzekoa den salbamenduaren miragarriak )

Izai profetaren liburutik 35, 4-7a

4 Errazue bihotz beldurtieri: “ Gora bihotzak! Ez izan beldurrik! Horra zuen Jainkoa: mendekioa heldu da, Jainkoaren saria. Bera heldu da eta salbatuko zaituzte.” 5 Orduan, itsuen begiak idekiko dira, eta elkorren beharriak zabalduko. 6 Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du, eta mutuaren mihiak pozez oihu. Urak sortuko dira basamortuan, eta errekak eremuan. 7 Lur errea aintzira eginen da eta lur egarritua iturri.

Irakurgai hunen muina bertset huntan dago: „Gora bihotzak! Ez izan beldurrik! Hara zuen Jainkoa: mendekioa heldu da, Jainkoaren saria. Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte“. Jaunaren mendekioa, zuen salbatzea da. Eta irakurgai huntako gaineratekoak, denak agintzak dira: sendatzeko agintzak denentzat, itsu, elkor, maingu, mutu… „Orduan idekiko dira itsuen begiak eta elkorren beharriak zabalduko. Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du eta mutuaren mihiak pozez oihu.“ Eta bereziki, etxerat itzultzeko agintza atzerriratueri.“ Jaunak libratuak itzuliko dira bide hortan gaindi. Zionerat etorriko dira bozkariozko irrintzinaka”. Izaik hitz hauk erraitean, Izraelgo populua desterratua da Babilonian, Nabukodonosoren armadak Jerusalemen egin izigarrikeriak ikusi ondoan. Berrogoita hamar urte herritik kanpo! Bada kuraia galtzekorik! Izaik erraiten diote beraz: „Eman indar esku ahuldueri, azkar erortzera doatzin belaunak. Errozute bihotz beldurtueri : Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!“ Berrogoita hamar urteko ametsa! Nola sinets profetaren errana: “Laster duzue herrirat itzultzea!” Etxerat itzultzeko bide zuzenena, Babilonia eta Jerusaleme artea, Arabiako basamortutik pasatzen da. Eta basamortuaren zeharkatze hortaz Izai mintzo da loriostasun beteko ibilaldi batez bezala… miragarriko proosione batez bezala: „Alegera ditela basamortua eta lur idorra! Bozkaria dadila eta lorezta eremua eta egin dezala bozkarioz irrintzin eta jauzi ! » Salmoek ez dute bertze hitzik beiletako proosionen otoitzak aipatzean. Basamortua eder izanen da… Libaneko mendiak bezain eder, Karmeleko mendixkak bezain ospetsu, Zaroneko ibai bazterra bezain panpin…
Etxeratze hori esker onezko proosione bat bezala izanen da. Hauek oro, Jainkoak eginak dira: „“Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte“. Izaik dio ere: „Mendekioa heldu da, Jainkoaren ordaina“. Jakin behar da, orduko denboretan, hilketa baten ondotik, familiako hurbilenak hiltzailea mendekatu behar zuela. Mendekatzea zen eginbidea. Izaik hori du aipatzen: Jauna da gure familiako hurbilena eta gure zorigaitzez arduratzen da; gainerat, bere populuaren dretxoak begiratzen ditu eta jendeak libratzen beren loturetarik makuretik.
Mendeku hitz hunek ez du erran nahi Jauna gure kontra agertzen dela, bainan bai guri gertatzen zaizkigun gaitz eta min guzien kontra. Bere mendekioa, gaitzaren kentzea da, zorigaitz guzien kentzea : „ Idekiko dira itsuen begiak et elkorren beharriak zabalduko; mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du eta mutuaren mihiak pozez oihu.“ Egia erran, ez da beti hola pentsatu. Bibliaren historian Izairen lerro hauek berantiarrak dira.
Hastapenean, Bibliako populuak gizonen itxurako Jainko bat asmatu zuten. Eta, salatzearen salatzeaz, profeten predikueri esker, Jainkoa den bezalakoa ikusi da eta ez asmatzen zen bezalakoa.
Mendeku hitz hau egon da, bainan arras bertze adierazpen batekin, bertze hitz batzu bezala, hala nola „sakrifizioa“ edo „Jainkoaren beldurra“.Zenbat mende eta zenbat urrats Jainkoaren egiazko izaitea aurkitzeko, dena amodio eta urrikalmendu den Jainkoa. „Hara zuen Jainkoa, mendekua heldu da; bera heldu da eta salbatuko zaituzte.“ Erran nahi baita : Jainkoa da zuen familiaren hurbilena, maite zituzte bertze nehor baino gehiago, eta edozoin umiliatze edo tzarkeria jasanik ere, heldu da zuen altxatzeko, zuen libratzeko.

Salmoa 145

Leloa: Nahi nitzaio Jainkoari bizi naizeno kantuz ari.

Jaunak betiko baitu zaintzen, Bertzek joentzat hura zuzen. Gosetueri harek ogi, Gakotueri harek argi. Itsutueri Jaunak begi, Lehertueri dio: Jeiki! Jaunak laguntzen urrun joanak, Hazten umezurtz, alargunak. Jaunak zuzenak ditu maite; Gizon makurrek traban dute. Jainkoa Jainko betiere: Gure Jauna, Jaun mendez mende.

Salmo hunen hiru bertset dira egun irakurriak. Osoki esker onezko eta goresmenezko kantu bat da. Babiloniako atzerritik etorri ondoan idatzia izan da, tenplo berriaren estreina karietarat. 587 J.K. aitzin Nabukodonosor Babiloniako erregearen armadak tenploa suntsitu zuen. Berrogoita hamar urteren buruan, Ziruz, Pertsiako erregeak garaitu zuen Babilonia eta esklabo ziren Judueri baimena eman Izraelerat itzultzeko eta tenplo berri bat eraikitzeko. Badakigu tira-birak izan zirela etorri berrien eta han berean egon zirenen artean. Age eta Zakari profeten bertutearen bitartez obratua izan zen eraikitze hori. Sekulako airostasunean eta poz haundian egin zen estreinatzea . Egungo salmoak etxerat itzultzeak emaiten duen bozkarioa du aipatzen. Berriz ere, Jainkoak bere leialtasuna erakusten du. Lehengo Egiptotik ateratzeko bezala, orain Babiloniatik joaiteko, Jaunak bere populua altxatzen du, „mendekatzen du“ Izrael, profetak dion bezala. Jendeak bere historia irakurtzen duelarik, Jainkoak beti laguntzen duelako lekukotasuna emaiten ahal du : „Gosetueri harek ogi, gakotueri harek argi“. Basamortuan zen populuari Jaunak ogi eta janari.
Urrats bat eta urrats bi, hola ezagutua izan da Jainkoa, beti gakotuak direnen salbatzaile, beti itsu direnen argitzaile, beti apalduak direnen altxatzaile.
Kreazionearen egilea holakoa zela ez zen bere baitarikako ikus molde bat; Bibliako jendeak bide luzea egin behar izan zuen Jainkoa hola dela onartzeko. Ohore eta eskerrak Izrael populuari, amodiozko Jainko urrikalkorra agertu baitu. Populua molde berari jarraikitzera gomitatua da, zapatuak direnen alde urrikalmendua erakustera. Jainkoaren urrikalmendua agertzeko, Izraelen legeak zernahi arau emaiten zituen alarguntsen, umexurtxen, kanpotiarren alde. Profetek irizpide horiek erabiltzen zituzten Izraelen leialtasuna Elkargoaren alde neurtzeko. Jainkoarekin Elkargoan bizi-arau, fededunak ohartzen dira Jaunak barne barnetik aldatzen dituela :“Gosetueri harek ogi“, gorputzak behar duen ogia… bainan bihotzak duen goseari, Jaunak bere hitzaren mamia emaiten du. „Itsutueri Jaunak begi“: zenbat itsutasun, ez begienak, bainan bertzelakoak; „Gakotueri Jaunak argi“ zenbat gako, eta zenbat lokarri, urguluarenak, herrarenak, jeloskeriarenak : Jainkoak lotura guzietarik libratzen du. Giristinoek salmo hau irakurtzen dugu Jesu Kristo gogoan: jendeari ogia eman zion, eta bataiatu guzieri bere gorputzaren ogia emaiten dauku. Haren pizteak heriotzea garaitu du . Azken ohar bat : Bibliak aitortzen du Jainkoaren idurirat eginak girela. Nola, diogu gure baitan ? Doakabea laguntzen dugun aldi oroz, dela itsu, elkor, mutu, preso, kanpotiar, Jainkoaren idurirat gira, Jainkoaren eite dugu. Eta ahul, apal, xume dena sustatzeak Jainkoaren erreinua aintzinarazten du. Behin, katixima egile batek kondatu zuen nola Jesusek ogiak aniztu zituen eta galdegin zuen : « Zergatik ez du orain gauza bera egiten, gose direnek jan dezaten ? » eta berak errepostua eman zuen : « Ez ote hori gure gain delakotz. »

Bigarren irakurgaia

( Pobrearen duintasuna Eliza sainduan )

Jondoni Jakoberen epixtolatik 2, 1-5

Ene haurrideak, 1 Jesu Kristo gure Jaun ospetsuan duzuen sinestean, ez egin jendeen artean berexkeriarik. 2 Eman dezagun, zuen batzarrean bi gizon sartzen direla , bat aberatsa, urrezko eraztun eta soineko ederretan, eta bestea pobrea, soineko zarpailetan. 3 Soineko ederra duenari behatu eta erraiten diozue: “ Zu, jar zaite hemen, ohorezko tokian.” Pobreari, aldiz: “ Hago hi hor xutik!” edo: “ Jar hadi hor lurrean, nere oinetan!” 4 Hola jokatuz, ez ote zirezte zuen artean berexkeria egiten ari, eta ez ote duzue arrazoin makurrez jujatzen? 5 Entzun, ene haurride maiteak: Jainkoak ez ote ditu munduaren begitan pobre direnak hautatu, sinestez aberats izaiteko, eta hura maite duteneri agindu Erreinuaren ondore egiteko?

Girixtino talde bateko aberatsaren eta pobrearen parabola xume hau trufa iduritzen zauku.
Segur, ez gintezke holako huts batean eror ! Nork erran?… Doi doietako gauza batzu aldatuz, ez ote gintezke toki ezagutuan ? Handimandiak edozoin gizartetan aurkitzen dira. Pobreen onartzea beti zail Elizan, eta sekulako pobretasunak izanki. Jondoni Jakobek berexteak ditu salatzen ditu, izan diten jende mota, sozial maila, diru edo bertze. Erran ginezake hortako, fedea ez dela beharrezkoa. Zuzentasunezko gizarte batek denen eta bakotxaren berdintasuna galdatzen du. Izraelek ongi ezagutzen zituen manamendu horiek: « Ez egin bidegabekeriarik jujamenduan, ez jende xehearen alde jarriz, ez handikiari fagore eginez: juja zuzenbidez zuen herritarra. » (Lv 19,15) Bainan Izraelek duen berezitasuna : Legearen iturria, Jainkoa bera. Hemen, Jainkoa bera ez alderdikari izanez, jendeak zuzen izaitera gomitatuak dira. Profetek ere sail bera dute segitzen. Adibidez, Malakiasek herriaren buruzagiak erasiatzen ditu : « Nere bideetan ibili ez zireztelakotz eta erabakiak nor nor den behatuz hartu dituzuelakotz » » (Ml 2,9) Testamendu Berriak ez dio bertzerik. Paulok : « Jainkoak ez du berexkeriarik egiten. » (Erm 2,11) Aldiz, igande huntako irakurgaiaren bigarren parteak ez ote du Jainkoaren alderdikeria erakusten ? Jondoni Jakobek dio: « Jainkoak ez ote ditu munduaren begitan pobre direnak hautatu? » Jainkoak pobreak maiteago ote ditu ? Lehenik, ez dezagun ahantz Hautua ez dela berexkuntza, bainan eginbehar baten betetzeko egiten den hautua. Izrael eginbide berezi batentzat hautatua izan da, bainan Jainkoak jende guziak maite ditu. Beraz ez da hemen berexkuntzarik, bainan hautu bat. Hemen iduri du Jainkoak pobreeri eginbide berezi bat emaiten diotela: « Munduak erotzat dauzkanak hautatu ditu Jainkoak zuhurren ahalgearazteko, eta munduak ahultzat dauzkanak indartsuen ahalgearazteko; munduak baliogabetzat eta mespretxagarritzat daukana, munduaren begitan deus ez dena hautatu du Jainkoak, zerbait direla uste dutenen ezeztatzeko. » (1Ko 1,27-28) Egiaz, Izraelen historian, Bibliak erakusten du Jainkoak xume eta apalak dituela hautatzen.
Abram haurgabeko gizon zahar bat zen, etorkizunik gabekoa ; eta Jainkoak bere herriaren burutzat hautatu du; Mois iheslaria zen, Egiptiar bat hil ondoan; David Jezen semeetan ez zen haundiena, ez bertutedunena; eta zer erran Salomonez ?… Bethleem, Judako herri ttipiena zen; eta Nazaretetik ez zen sekulan deus onik ateratu. Alabainan, Jainkoak pobre horiekin ditu bere aberastasunak munduari agertu. Jondoni Paulok azken hitza : « Bainan aberastasun hori buztinezko untzitan deramagu, garbi ager dadin holako indar harrigarria Jainkoarenganik datorrela eta ez gureganik. » (2 Ko 4,7)

Ebanjelioa
Alleluia, alleluia

Jesusek Erreinuko berri ona predikatzen zuen, Eritasun eta gaitz guziak sendatzen zituela jendetan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 7, 31-37

31 Jesusek utzi zuen Tyreko aldea, eta, Zidonen barna, jo zuen Galileako itsas-alderat, Dekapolisko lurraldean gaindi. 32 Gizon elkor-mutu bat ekartzen diote, eta eskua gainean ezartzeko eskatzen. 33 Jesusek, jendearenganik berex harturik, eriak beharrietan ezarri ziozkan, eta tuarekin mihia hunkitu. 34 Gero, begiak zeru-alde altxaturik, hasperen egin eta erran zion: “ Effata ! ” ( erran nahi baita: “ Idek hadi!” ) 35 Berehala ideki zitzaizkion beharriak, mihia ere laxatu, eta garbiki mintzatzen hasi zen. 36 Nehori ez erraiteko manatu zioten Jesusek; bainan zenbat eta manatuago, hanbat eta areago zabaltzen zuten. 37 Biziki harrituak, erraiten zuten: “ Denak ederki egiten ditu: elkorrak entzunarazten eta mutuak mintzarazten.”

Garbi izaiteko moldeaz Juduekin mintzatu ondoan, Jesus paganoen lurraldetarat joan da.
Han, fede haundiko emazte feniziar baten alaba sendatu du; haren fedea, Jesusen lagunek balute!
Bertze gertakari batzu ere paganoen lurraldetakoak ditugu eta bereziki Dekapolisko lurraldekoak. Han gertatzen da egungo elkor-mutuaren sendatzea … « Jesusek utzi zuen Tyreko aldea, eta, Zidonen barna, jo zuen Galileako itsas-alderat, Dekapolisko lurraldean gaindi…Jesusek orduan, nihoiz ez bezala, jendearen ganik berex hartzen du elkor-mutua eta sendatzaileen jestuak egiten. Ez ditu beraz jestuak aldatzen, bainan ordutik bertzela egiten, bertze sentsu bat emanez: « Begiak zeru-alde altxaturik, hasperen egin eta erran zion: « Effata! » erran nahi baita Idek hadi! » Begiak zerurat altxatzeak ez du harat-honatik: Jesusek bere ahal guziak bere Aitaren ganik ditu. Hasperena aldiz, auhena izan daiteke, Izrael herriaren auhena Egiptoko esklabotasunean; bai eta bere askatasunaren beha dagon izadi osoaren auhena; edo fededunen bihotzean otoitzean den Jainkoaren Izpirituaren auhena. Jesusen baitan, nor da auhenka ari ? Gizadia, bere askatasunaren beha? Gure alde den Izpiritua, gure oinazeek ez baitituzte Jainkoa hotz uzten ? Eta huna gizon herbaildua sendatua. Izai profetari egin agintza orroitarazten da, mende zoriontsu bat idekiko dela Mesias etorri ondoan. Marken lehia berezia egungo gertakariarentzat hobeki konprenitzen dugu: elkor-mutu denaren sendatzea Dekapolisko lurraldean, paganoen lurraldean. Horrek erran nahi du Mesiasen denbora jende guzientzat etoria dela, Izaik erran zuen bezala : « Ikusi behar dutenek begiak zabalik, entzun behar dutenek beharriak erne ukanen dituzte. Buru-arinak konprenitzera entseatuko dira, hizmotelak laster eta garbi mintzatuko. »