JESUSI BARNEA IREKI Marcos 7,31-37
Urteko 23. Igandea B 2021-09-05

Ezaguna da pasadizoa. Sorgor bat aurkeztu diote Jesusi; gorreria dela-eta doi-doi hitz egiten ahal du. Zoritxar handia du bere bizitza. Bere buruari bakarrik entzuten dio. Ezin entzun die bere familiartekoei eta auzokoei. Ezin hitz egin du bere adiskideekin. Ezin entzun ditu Jesusen parabolak ere, ezta ulertu ere beraren mezua. Bere bakardadean hesiturik bizi da.

Jesus sorgorra berekin hartu eta bere lan saneagarriri atxiki zaio. Bere hatzak sartu dizkio belarrietan eta inori entzuten uzten ez dion gogortasun hori garaitzen saiatu da. Bere txistuaz hezetu dio mihi paralizatu hura beraren hitza isurkor bihurtzeko. Ez da gauza erraza. Sorgorra ez da ageri batere lankide; azken ahalegin bat egin du Jesusek. Sakon arnasa hartu, eta hasperen indartsu bat egin du zerura begira Jainkoaren indar baten bila eta, ondoren, gaitxoari oihu egin dio: «Ireki zaitez!».

Irten da gizon hura bere isolamendutik eta, lehenengoz, ikusi du zer den gainerakoei entzunez eta guztiekin zabal-zabal hitz eginez bizitzea. Harriturik gelditu da jendea: Jesusek dena ondo egiten du, Kreatzaileak bezala, «sorgorrei entzutea ematen die eta mutuei hitz egitea».

Ez da menturazkoa ebanjelioek itsuen eta sorgorren hainbeste sendatze kontatu izana. Kontaera hauek Jesusi landu gaitzan uzteko gonbit dira, bera eta beraren hitza ikusteko eta entzuteko begiak eta belarriak ireki diezazkigun. Beraren mezuarekiko «sorgor» diren ikasleak «hitz-motel» bezalako izango dira ebanjelioa hots egitean.

Elizan mentalitate «irekiaz» edo «itxiaz» bizitzea buru-jarrera baten edo jarrera praktiko baten arazo izan daiteke, ia beti norberaren egitura psikologikoaren edo jasotako formazioaren fruitu izan ohi dena. Baina arazoa ebanjelioari «irekitzea» edo «ixtea» denean, kontua garrantzi erabakitzailekoa da.

Jesusen mezuari sorgor bizi bagara, beraren egitasmoa ulertzen ez badugu, atzematen ez badugu sufritzen ari direnekiko bizi duen maitasuna, geure problemen preso biziko gara eta ezin entzungo ditugu jendearen problemak. Orduan ez gara gai izango Jesusen Berri Ona hots egiteko. Desitxuratu egingo dugu beraren mezua. Askori zail gertatuko zaio gure «ebanjelioa» ulertzea. Ez al dugu sentitzen Jesusi ireki beharra, berari uzteko geure gorreria senda dezan?

Jose Antonio Pagola