Urteko 23. Igandea B 2021-09-05
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioaren muina, gaurko pasarte honen segidan, 8. kapituluan, Jesusek ikasleei aurpegiratu dien burugogorkeriak adierazten digu. Esan die Jesusek: «Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete? Begiak eduki, eta duzue ikusten? Belarriak eduki, eta entzuten ez?» (Markos 8,17). Jesusen ikasleei asko kostatu zaie Jesusengan sinestea; asko kostatu zaie Jesus ezagutzea; asko kostatu zaie, Jesusen egitekoa zein den ezagutzea; asko kostatu zaie Jesusek beraiei zein egiteko proposatu dien ulertzea.

Gatozen ebanjeliora. Gaurkoan, gormutu bat sendatu du Jesusek. Mirari honen aurretik, beste asko eginak zituen Markosen ebanjelioaren arabera: lepradun bat sendatzea, eskua elbarri zuen bat sendatzea, emakume odoljarioduna sendatzea, Jairoren alaba hildakoa piztea, emakume kanaandarraren alaba sendatzea… Mirari horietan aski izan zuen Jesusek hitz bat; aski izan zuen emakume odol jariodunak Jesusen jantzia ukitzea.

Gaurkoan luzeagoa izan da Jesusen sendatzeko jarduera: eskutik hartu du gormutua, jendeagandik bereizi du, hatzak belarrietan sartu, bere txistuz mihia ukitu dio, begiak zerura begira jarri da, intziri bat egin du, hitz bat (effetha) esan du.

Garaiko jendearen ustean, txistuak indar sendatzailea zuen. Gainerako keinu horiek guztiak, zer dira?, sorginkeria huts? Mirariaren testigu izan direnek ez dute horrelako usterik. Uste dute, Jainkoak Isaias profetaren bidez esandakoa betetzen ari dela Jesus; gaurko lehen irakurgaian entzundakoa: orduan itsuen begiak irekiko dira, gorren belarriak irekiko dira, herrena saltoka hasiko da, mutuaren mihia goraka hasiko da.

Sendatze honek esan nahi du, Mesiasen, salbatzailearen, askatzailearen garaia hasia dela. Jesus da Mesias hori, Jesus da salbatzaile hori.

Halere, ikasleen eta miraria ikusi dutenen begiak, belarriak, adimena, fedea… oso ahulak dira. Ikasleak berak ez dira iritsiko fede jator batera Jesusekin denbora asko egin ondoren baizik; hobeto esan, Espiritu Santuaren argiz Jesusen piztueraren esperientzia izan arte.

Gaurko mirari honen antzeko bat dakar Markosek gaurko pasadizo honen segidako kapituluan. Gaurkoan gormutua sendatu duen bezala, beste hartan itsu bat sendatuko du. Sendatze hartan ere gaurkoan egin dituen antzeko keinuak egin ditu Jesusek.

Besteak beste, egin dituen keinuen artean, bat oso esanahitsua egin du: zerura begira jarri eta intziri edo hasperen bat egin zuen; esan nahi balu bezala: zer zaila duten sinestea ikasle hauek, jende honek. Lantu bat da, pena adierazteko modu bat.

Intziri edo hasperen honek, jakina, Itun Zaharreko Salmoetako eta beste liburuetako eta Itun Berriko pasarte asko iradokitzen ditu. Besteak beste: «Zenbat aldiz ez ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak txitak hegalpean bildu ohi dituen bezala, eta zuek ez duzue nahi izan» (Mateo 23,37). Eta neure bizitzan, Jainkoaren deiarekiko, zenbat aldiz desleial izan naizen dakarkit gogora. Eta gaurko Elizan, Jainkoaren Hitzarekiko, zenbat burugogorkeria ageri den iradokitzen dit. Eta gaurko munduan, zenbat eta zenbat miseria bizi den dakarkit gogora: Afganistanen, Sirian eta ingurunean, Afrikan, Hego eta Erdi Amerikan… Non ez?

Halere, gaurko ebanjelioarekin, hau ere esan beharrean gara: «Eta biziki harrituta, honela zioten: “Ongi egin du den-dena; gorrei entzumena eta mutuei mintzamena eman die». Eta, orduan ez ezik, gaur egun ere Jesusek, bere jarraitzaile asko eta askoren laguntzaz, on egiten jarraitzen du: larri bizi direnei adorea eta indarra ematen, pobreei laguntza eta esperantza ematen, migratzaileei aterpea eta itxaropena ematen, alde guztietan zuzentasuna, maitasuna, bakea aldarrikatzen.

Dionisio Amundarain