Urteko 23. igandea B 2015-09-06
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko irakurgaietan, alderdi asko ageri dira eta mami mamitsuak. Igandeko irakurgaien iruzkin edo komentarioak egiten dituztenek beren lanari ezartzen dioten izenburuak irakurri besterik ez. Hona adibide batzuk:
● Vicente Martinez: Goi-mailako jatorria duen eskalea. Liburu Santuek, lurreko zereginetan buru-belarri murgildurik agertzen dizkigute Isaias profeta eta Jesus. Biek agertzen dute beren erlijiotasuna –beren bizitza– marjinatuari, behartsuari, baztertuari hurbilduz; beren burua pobre eginez, beren pobretasunaz gu aberasteko. [Horra, beraz, Isaias eta Jesus, pobre eginik pobreekin bizitzeko]
● José Luis Sicre: Jesus azti bat ala Mesias ote? [Gaurko ebanjelioko] Sorgorra sendatzean Jesusek agertu duen zailtasunean, Jesus ulertzeko ikasleek agertu duten zailtasuna ageri da.
● Frai Marcos: Lehenik entzun, gero hitz egin. Belarriak ondo ireki bihotzaren ahotsari, eta orduan askatu mihia: hori izango litzateke pertsona ororen zeregin nagusia. [Beraz, guztioi dagokigu bihotzeko belarriak ireki beharra].
● Jose Antonio Pagola: Gure gorreria sendatu. Israel herriko profetak askotan baliatzen ziren gorreri hitzaz, metafora zirikatzaile bezala hartuz, Jainkoaren herriak Jainkoari agertu zion itxitasuna eta gogortasuna agertzeko. [Jainkoaren herri, israeldarrei esan ohi zaie. Gaurko israldarrak gu gara: gorreririk bai?]
● Enrique Martínez Lozano: Bizitza, ateak irekitze bat da. Nork bere egiazko nortasuna ezagutzeak, bihotz-barneko bide egin beharra eskatzen du, bata bestearen ondoren ateak irekitzen joateko. [Fede-bizitza ez da puntu batean planto egitea; beti bila eta bila ibiltzea baizik; azken batean, bizitzea da fedea].
Senideok! Zenbat ikuspegi gaurko irakurgaien inguruan! Isaias profetak, erabat lur jota dagoen herriari, Babiloniako erbestean, bihotz eta animo eman nahi dio. Esaten dio: Jainkoa ez da ahaztu gutaz. Prestatzen ari da gure itzulera geure aberrira. Ilusioa eta esperantza eman nahi die.
Gaur guri ari zaigu Jainkoa hitz egiten Isaias profetaren lumaz. Onaldi-itxura kaskarra du gure mundu honek. Entzun edo irakurri besterik ez, adibidez, zenbat jende ari den bere herria uzten, nora doan jakin gabe. Gertaera horrek, geure belarriak eta geure begiak irekitzeko deia dakarkigu. Gose nintzen, eta jaten eman zenidaten. Biluzik, etxerik gabe… eta nitaz arduratu zineten.
Hasieran irakurri ditugun autore horiek guztiek ere, modu batean edo bestean, geure bihotzeko belarriak irekitzeko deia egin digute. Erlijiotasuna, beharrean denari hurbiltzea da eta laguntzea.
Ebanjelioari dagokionez, José Luis Sicrek, komentario ikusgarri bat dakarkigu. Markosen ebanjelioko (7,31-37), gaurko pasartearen parez pare, Markosen beraren segidako kapituluko (8,22-26) beste pasadizo bat jarri du Sicrek; gaurkoan sorgor bat sendatu du; bestean itsu bat; bietan keinu bertsuak egin ditu Jesusek; bestelako mirarietan egiten ez dituen bezalakoak; sendatze bi horiek zailagoak izan direla adierazteko; horrekin, ordea, beste zailtasun bat agertu nahi izan du Jesusek, Sicreren arabera: Jesusi ulertzeko, ikasleek agertu duten zailtasuna. Ikasleei asko eta asko kostatu zaie Jesus bera eta Jesusen misioa ezagutzea. Esan daiteke, Jesus piztu eta agertu eta Espiritu Santua hartu dute arte, ez dutela egiaz ulertu.
Ikasleena gogoan izanik, agian, ondo dagokigu geure fedeari erreparatzea. Ikasleei kostatu bazaie, guri? Atzo, irailaren 5a, ospatu dugun Kalkutako Teresak badu gogoeta bikain bat: «Neure otoitzean ez dut eskatzen arrakasta; eskatzen dudana, Jainkoari leial izatea da». Hau da, fedeari leial izatea.
Jesusen Espirituak lagundu gaitzala belarriak irekitzen, munduko lagunengan eta gertakarietan bera agertzen zaigunean, bera bihotz handia zonartzeko.
Dionisio Amundarain