URTEKO HOGEI TA HIRUGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Profetak bere gain ditu bere haurrideak )
Ezekiel profetaren liburutik 33,7-9
Hunela mintzatu zitzaitan Jauna:
7 “ Gizaseme, Izrael etxearen begirale jarri zaitut.
Nere ahotik hitza entzuten duzunean,
ohartarazi behar dituzu nere izenean.
8 Nik gaixtoari erraiten badiot: “ Hil behar duzu”,
eta zuk ez baduzu ohartarazten,
ez badiozu erraiten bere bide makurretik bazter dadin,
bera , gaixtoa, bere hobenez hilen da,
bainan zuri eskatuko dautzut haren odolaren kontua.
9 Aitzitik, zuk ohartarazten baduzu gaixtoa,
bere bidetik bazter dadin,
eta hura ez bada baztertzen, bere hobenez hilen da,
bainan zuk, salbatu duzu zure bizia.”
J.K.aitzineko seigarren mendean, Ezekiel Jerusalemen apez zen. 597an beste anitzekin
Nabukodonozoren armadak Babiloniarat preso ereman zuen. Han, Tel-Aviv deitu herrixka batean,
Kebar ibaiaren ondoan, Izraeli berriki gertatu zitzaiona jakin zuen : 587an Jerusaleme suntsitua izan
zen eta tenploa aurtikia.
Bainan, hondamendi guzien gatik ere, ez du amor emaiten. Harat heldu orduko, eta hogoi
urtez bere indar guziak preso lagunen itxaropenaren sustatzera entseatzen da. Bi aldetarat behar du
jokatu: lehenik bizirik irauteko, gero, etxerat itzultzeko esperantza atxikarazteko. Ezekielen bi
helburu hauek haren Liburuan zehar aurkitzen dira : haren predikuaren bi gai nagusiak dira. Profeta
lanaren helburua Jainkoak berak du finkatu: « Izrael etxearen begirale jarri zaitut. »
Etxerat itzultzeko denbora etorri arte indar emaiteko, Ezekielek mezu bakar bat errepikatzen
diote: « Zuen hilobiak idekiko ditut, hilobietarik aterako zaituztet, oi ene herri, eta Izraelgo
lurralderat eremanen. » (Ez 37,12). Begirale da – profetagintzaren definizio ederra – historian,
itxaropenaren seinaleen ikusle, Jainkoa bere herriaren zain baitago: « Ene biziaz, Jaunak errana !
Ez dut atsegin gaixtoaren hiltzea, jokabidez aldatu eta bizi dadin bai. Itzul zaitezte, beraz, itzul
jokabide gaixtotik; zergatik hil behar duzue, izraeldar horiek? »
Profetaren eginbidea, eginbehar pizua : lanjerean denari laguntza emaitea. Eta gu, bataioak
ez ote gaitu « profeta » bilakatu ? Levitarren liburuak jendalde guziari bokazione hori emaiten dio.
« Izan saindu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, saindua bainaiz… Ez eman biderik zuen barnean
anaiarenganako herrari; bainan erasia zazue herritarra, harengatik bekaturik egin ez dezazuen »
(Lv 19,2.17) Bi kontzeptu hauek, saindu eta maitasun ulertzeko, denborak behar izan dira.
« Saindu » Izairen hitza zen. Seigarren kapituluan, bere bokazionea kondatzen dauku: Jerusalemgo
tenploan zagolarik, ikuspen bat ukan zuen, eta liluratua, errepikatu zuen « Saindu, Saindu, Saindua
Jainko Jaun guziahalduna. » « Saindu » hitzak, Jainkoa bertzelakoa dela salatzen du, eta leize bat
badela Jainkoa eta gure artean. Ber denboran, Izaik goiargi bat ukan zuen : leize hori, Jaunak berak
zeharkatzen du, eta bere itxura izaitera gomitatuz, hortako gai girela aitortzen du, haren bidez eta
haren graziarekin.
Nola izan Jainkoaren iduriko ? Maitatuz, aldeko laguna leizetik begiratuz. Hori izan zen
Ezekielen profetagintza : esperantza emaitea.
Salmoa 94
Leloa: Guziek egun bihotzez dugun Jauna entzun!
Zatozte, kanta Jainkoari, Pizten gaituen Harrokari!
Joan gitzaiola soinuz ari, Jaunari denak jauz kantari!
Zatozte, kanta Jainkoari, Pizten gaituen Harrokari!
Zatozte haren otoizteko, Gauden ahuspez belauniko.
Jaunak eginak garelako, Hura dugu bai denek Jainko.
Gu Jaunarena den jendea, Eskuz dabilan artaldea.
Egun agian, zuek egun, Jainko Jaunaren deia entzun.
Ez bihotz gogor, otoi, izan, Nola Meriban eta Mazan.
Aitek han gogor egin zuten, Nik eginez hotz egon ziren.
Salmo hunen azken bertsetetan hau irakurtzen dugu : “Ez bihotz gogor, otoi, izan, nola
Meriban eta Mazan…” Gure fedezko biziaren harat-hunat guzia hortan datza : “Egun agian, zuek,
egun, Jainko Jaunaren deia entzun.” Jainkoari konfiantza egin nahi diogu ala ez ? Gure
konfiantzaren frogaldia izan daiteke eritasuna, pena haundiak, anitz gisetako ezinak, gure
libertatearen mugak. Hots, gure ahalak murrizten dituen zerbait, gure botere-gosea zapatzen duen
zerbait. Fedea, orduan, konfiantza da, itxurak kontrakoak badira ere : Jainkoak libre eta zoriontsu
nahi gaitu. Gure gabeziatik, ahuleziatik, ezinetik jauzaraziko du piztea. Konfiantza beharra, maiz
guretzat, onartzea izanen da ezin dugula gertatzen den guzia konpreni. Jainkoa, ardura, ezin
konprenitua da. Orduan konfiantzak gaitu salbatzen eta Petrik bezala erraiten dugu : “Jauna,
norenganat joan gintezke? Zuk dituzu betiereko bizia emaiten duten hitzak.” (Jn 6,68). Markek bere
Ebanjelioan idazten duenean :”Bihozberri zaitezte eta sinetsazue Berriona”, ez ote dugu konprenitu
behar Berrion hori sinesgarria dela, hortan fidatzen ahal girela, beraz Jainkoari konfiantza egiten
ahal diogula ?
Konfiantzaren hautua egun guziz berritzekoa da : “Egun agian, zuek egun, Jainko Jaunaren
deia entzun.” Egun guziz entseatzen ahal gira Jaunaren entzutera, erran nahi baita hartan fidatzera,
hartan bermatzera harroka batean bezala :”Zatozte, kanta Jainkoari, pizten gaituen Harrokari.”
Horra hor fedezko aitorpen bat, basamortuko esperentzian finkatua : Harroka bizi-iturri ! Geroztik
Biblian erranen da ardura : Jainkoa Izraelen harroka! Guretzat ere nolaz ez? Geroago Jondoni
Paulok erranen du harroka hori Kristo dela. Zer da Kristo-harroka baino sendoagorik eta
fidagarriagorik, zer Kristo-iturria baino gozoagorik?
Bigarren irakurgaia
( Maitatzea, Legearen betea )
Jondoni Paulok Erromanoeri 13,8-10
Haurrideak,
8 ez izan zorrik nehorekin, elkar maitatzea baizik,
zeren besteak maite dituenak betea baitu legea.
9 Alabainan , manamendu hauek:
Ez egin adulteriorik, ez nehor hil, ez ebats, ez gutizia,
eta beste manamendu guziak hitz hauetan biltzen dira:
Maita zure hurko laguna zure burua bezala.
10 Maitasunak ez dio gaizkirik egiten lagunari.
Beraz, maitatzea Legearen osoki betetzea da.
Paulok Erromatarreri idatzi gutuneko hiru bertset hauek lagunaren alderako maitasunaren
manamendua errepikatzen dute. Bainan, ingurumenari begiratuz, ohartzen gira eztabada minbera
batean sartzen dela Jondoni Paulo. Aitzineko kapituluetan, girixtinoen egun guzietako bizia nola
Jainkoaren alderako goresmen den « sakrifizio saindu », luzaz argitarat eman du. Orai, gizartearen
bizian konkretuki sartzen da, agintariekilako harremanetan. Kapitulu osoa irakurtzean, eginbideak
zoin xeheki finkatzen dituen ikusiz, harrituak gaude : auzitegien errespetua, zergaren ordainketa,
agintarieri zor den menpekotasuna.
Betbetan finkatzen du: « bakotxa boteredunen menpean egon dadila, ez baita botererik
Jainkoarenganik baizik, eta orai lekuan direnak ere harek ezarriak dira » (Er 13,1) Jakin behar da,
boteredun horiek, enperadore, kargudun eta soldadoak zirela, eta gehiago dena, Erromatarreri
idatzi gutun hau, Neron enperadore zelarik idatzia bide dela ! Pentsa beraz nola lerro hauek bat
baino gehiago harritu zuten.
Paulok aitzineko kapituluan zion: « Ez zaiteztela mundu hunen iduriko egin .» Ez ote du
hemen kontrakoa erraiten? Jainkoari zor zaion obedientzia, nolazpaiteko boteredunen aldeko
menpekotasunarekin bat ote doa? Eta Judu girixtinotuentzat arazoa larriagoa zen: Pauloren ikus
moldeak kontzientzia inarrosten zioten. Zernahi politika jauzi izan zen Izraelen historian, bainan
Moisen Legea, Jainkoa nagusi, egun guzietako bidea zuten. Ikus Jesusek errana jendaldeari eta bere
dizipulueri: « Lege-irakasle eta farisauek eginbide dute Moisen irakaspenen emaitea; heiek erran
guzia egizue, beraz, eta begira… » (Mt 23,1). Pagano bati kontzientzia bortxatuz obedi ote ziteken ?
Aitzineko lerrotan, agintarien zerbitzua Paulok garbiki aipu du: « Boteredunen beldurrik
gabe bizi nahi duzu? Ongia egizu, eta heien goresmenak ukanen dituzu, Jainkoaren zerbitzari
baitira, zu ongiaren egiten laguntzeko. Gaizkia egiten baduzu, ordea, izan beldur, zigortzeko ahala
ez baitute alferretan. Alabainan Jainkoaren zerbitzari dira, haren haserrearen erakusteko
gaizkilearen kontra. Horra zergatik boteredunen menpean egon behar den, bainan ez zigorraren
beldurrez bakarrik, kontzientziak hori eskatzen duelakotz ere. » (13,3-5)
Hemen, lege zibilaren eta Moisen legearen artean ez da kontraerranik, dio Paulok, lege zibila
zuzentasunaren eta bizi sozialaren zerbitzuko baita; eta Moisen legeak elgar maitatzea manatzen
baitu, bertzerik ez: « Bertzen alderako amodioa duenak, legea betetzen du.» Jalgitza,
Deutoronomioa eta Levitarren Liburuak aipatzen ditu, heietan baita zernahi manamendu biziki
zehatzak eta denak urrezko lege batean bil daitezkenak : « Maita zure aldeko laguna zeure burua
bezala. » (Lv 19,18) Lege zibilen errespetatzea ere maitasunaren manamendua da, Moisen legearen
ikuspegi xuxenean : « Maitatzea Legearen osoki betetzea da. »
Ebanjelioa
Alleluia, Alleluia
Kristoren baitan Jainkoak baketu zuen mundua
Gure ezpainetan baketzearen hitza ezarriz
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 18,15-20
Jesusek erran zioten bere dizipulueri:
15 “ Zure haurrideak bekatu egiten badu,
zoazkio eta buruz buru egin zure arrangurak.
Entzuten bazaitu, zure haurridea irabazia duzu.
16 Ez bazaitu entzuten, har zurekin lagun bat edo bi,
auzi guzia bi edo hiru lekukoren erranetik xuri dadin.
17 Heiek ez baditu entzun nahi, errozu eliz-elkarteari;
eta Eliza ere ez badu entzun nahi,
pagano eta zergalari baten pare izan bedi zuretzat.
18 Egiaz diozuet:
lur huntan lotuko duzuen guzia, zeruan ere lotua izanen da,
eta lur huntan libratuko duzuena, zeruan ere libratua izanen da.
19 Berriz ere erraiten dautzuet:
zuetarik biga lur huntan akortean jartzen badira
zerbaiten eskatzeko,
zeruko nere Aitarenganik ardietsiko dute.
20 Alabainan, bizpahiru lagun biltzen badira nere izenean,
han nago ni heien erdian.”
Egungo bigarren irakurgaian, Jondoni Paulok zion: « ez izan zorrik nehorekin, elkar
maitatzea baizik… maitatzea Legearen osoki betetzea da. » Jondoni Matiuren ebanjelioaren 18.
kapituluak, (egun zati bat irakurtzen dugu) maitatze horren betetzea du aipatzen. Bi gai bereziki
hautatzen ditu : jende ahul eta apaleri eman behar zaioten lehentasuna, eta elgarren arteko
barkamena. Zati hunen aitzineko pasartea, Jesusek ardi galduaren parabola kondatu zuen, eta
bururatu erranez: « Zeruko zuen Aitak ez du nahi ttipi hauetarik bat ere gal dadin. » (Mt 18,14)
Elgarren zaintza hori gure gain da orai : zeure haurridea ez utz galtzera.
Izraelgo artzaineri eta artaldeko ardien pareko diren herritarreri eman erakaspen haundiaren
oihartzuna hemen dugu: « Zorigaitz Israelgo artzaineri… Ez duzue ardi ahula azkartu, ez eria
sendatu, ez eta zango hautsia lotu; ez duzue desbideratua artalderat ekarri, ez eta galdua bilatu…
Artzainik gabe, ardiak barreiatu dira eta basihizien harrapakin bilakatu… lurralde osoan barreiatu
da, eta nehork ez du hartaz axolarik, nehor ez doako bila ». Bainan ez dira bakarrik artzainak
artaldearen ardura dutenak; ardiak ere bat bertzearen arduradun dira eta heiek ere erasiak merezi
dituzte, bainan zer etorkizun ederra duten: « Artzain bakar bat ezarriko dut artaldearen buru, David
neure zerbitzaria; harek alhatuko ditu, hura izanen dute artzain. » (Ez 34,20-23)
Bainan nola ulertu behar da hau: « Ene anaiak ez badu Eliza entzun nahi, pagano eta
zergalari baten pare izan bedi zuretzat »? Jakinak jakinik eta ikusiz nola Jesusek zergalarieri eta
bekatoreeri beti ongi etorri egin dioten, argi da ez dela hemen arbuiatzerik bainan bakotxaren
libertatearen errespetatzea… Zakeoren edo Matiu zergalariaren idurikoak bihozberritu arte.
Errespetua zor zaio nor-nahiri eta bereziki bekatoreari : Kristoren nahia da. Mendi gaineko
mintzaldian Jesusek erran eta errepikatu du : « Ez jujearena egin… (7,1) Zergatik behatzen diozu
anaiaren begiko lasto-izpiari eta zeure begiko ernaiari ez ohartzen? » (7,3)
Elizan bizitzeko urrezko arauak horiek dira. Horien errespetatzea, betiko biziaren hazia.