Urteko 23. igandea A (2017-09-10)
Zein erraza den kritikatzean, zein zaila zuzentzea!
Ikasleen formazioa
Nekaldi-piztueren lehen iragarpenik eta Pedroren aitorpenik, Jesusek ikasleak formatzeari ekin dio buru-belarri. Ez hitzaldi batez bakarrik, 18. kapitulukoa bezalakoaz adibidez, baita gertatzen ari diren gertaeren bidez ere. Gaiak hiru ataltxotan saila ditzakegu:
1.-Ikaslearen arriskuak:
* handinahia (18,1-5)
* eskandalua (18,6-9)
* axolarik eza txikienez (18,10-14)
2.-Ikaslearen eginbeharrak:
* anai-arreba arteko zentzarazpena (18,15-20)
* barkazioa (18,21-35)
3.- Ikaslearen nahasmendua:
* ezkontzaren aurrean (19,3-12)
* haurren aurrean (19,13-15)
* aberastasunen aurrean (19,16-29)
* sariaren aurrean (19,30−20,16)
Gai hauetarik, igande honetako liturgiak bigarren ataltxoko bi aukeratu ditu: anai-arreba arteko zentzarazpena gaurko igande honetan irakurriko dugu; barkazioarena 24. igandean, eta hirugarren ataltxoko azkena, sariarena, 25. igandean.
Anai-arreba arteko zentzarazpena
Abiapuntu gisa, balio handikoa da lehen irakurgaia, Ezekiel profetagandik hartua. Norbait behar ez bezala portatzen denean, gauza arrunta izaten da halakoa kritikatzea, dagokionak noren kritika den jakin ez dezan saiatuz. Jainkoak, ordea, adierazi dio profetari ezin eror daitekeela oker horretan. Bere egitekoa ez du inor atzetik kritikatzea, baizik eta gaizkileagana jo eta jokabidez alda dezan animatzea.
Ildo berean jarri behar dugu gaurko ebanjelioa, apostoluei eta elkarteetako ondorengo arduradunei zuzendua. Ezin geldi daitezke axolagabe, pertsona aldaraztea izan behar dute helburua. Baina gerta daiteke pertsona horrek elkor erreakzionatu eta zentzarazpenik ez onartzea. Horregatik, lau urrats idarokitzen dizkigu ebanjelioak: 1) arazoa bien artean tratatu; 2) arrazoiei kasurik egiten ez badie, beste lekuko bati edo gehiagori dei egin; 3) jarrera berean jarraitzen badu, elkarte osora jo; 4) orduan ere arrazoiei kasurik egiten ez badie, «jentiltzat edo publikanotzat» hartuko da.
Jarduera honek, hein batean, Qumraneko elkartearen ohitura gogorarazten digu. Kongregazioaren Araudiak, Mateok bezain sistematikoki aipatu gabe bada ere, jakindakotzat eman ditu lau urrats: 1) anai-arreba arteko zentzarazpena; 2) bi lekukori dei egitea; 3) «handiengana», kiderik zaharren eta garrantzizkoengana, jotzea; 4) azkenik, dagokionak zuzendu nahi ez badu, elkartetik kanporatu egingo dute.
Honetan da ebanjelioaren berritasuna: hirugarren maila edo urratsean ez dela jotzen «handiengana», baizik eta elkarte osoagana, kristau-bizipenaren izaera demokratikoa azpimarratuz. Badira beste alde inportante batzuk ere Qumranen eta Jesusen artean: Qumranen zigor-sail bat erabaki dute norbaitek norbait iraintzen duenerako; honelakorik ez da Itun Berrian. Eranskinean gehitu ditut Qumraneko zigor haietako batzuk.
Bada interpretazio zaileko puntu bat: zer esan nahi azken esaldiak, har ezazu «jentiltzat edo publikanotzat» delakoak, alegia? Eskuarki, pertsona erabat ukatze bezala hartu ohi dugu. Baina gauza ez dago hain argi, kontuan hartzen badugu, Jesus «publikanoen adiskidea» zela eta jarrera baikorra agertu zuela beti paganoekiko. Ondorioz, azken esaldi hori zentzu baikorrean hartu beharko genuke agian; pertsona hori, ezin salbagarria dela ematen duenean ere, uneren batean Jesus onar dezakeen pertsonatzat hartzen da, Jesusengana itzul daitekeen pertsonatzat. Honek behar du izan pertsona baten jarrera («eman ezazu»), elkarteak diziplina-jarrera gogorrago bat hartu behar izan badu ere.
Zer balio du kasu hauetan hartutako erabakiak? Erabateko balioa. Horregatik, lehentxeago Pedrori esandakoen oso antzeko hitzak gehitu dira, baina oraingoan ikasle guztiei eta elkarte osoari esanik: «Hara nik esan: lurrean lotuko duzuen guztia lotua izango da zeruan, eta lurrean askatuko duzuen guztia askatua izango da zeruan». Lurrekoek hartutako erabakia Jainkoak bermatu egingo du zeruan.
Gai honekin zerikusia dute azken esaldiek. Eskuarki otoitzari aplikatzen zaizkio eta Kristoren presentziari oro har. Baina, aurrekoa eta jarraitzen duena kontuan izanik, garrantzizkoa dela ematen du, otoitz hau eta Kristoren presentzia hau zentzarazpenarekin eta barkazioarekin erlazionatzea.
Multzo osoa honela argitzen ahal genuke. Zentzarazpena eta elkartearen erabakia, gizabanako bati dagokionez, oso gauza delikatua da. Azti jokatu behar da, hitz egokiak bilatu behar dira, une aproposa, pazientzia. Hau guztia ezinezkoa da otoitzik gabe. Jesusek jakindakotzat ematen du –agian asko ematea da− otoitz hori egingo dela. Eta ikasleei bihotz ematen die, berekin izango dutela Aitaren laguntza, presente baitago hura beti. Interpretazio honek ez du baztertzen bestea, zabalagoa: otoitzarena eta Kristoren presentziarena oro har. Funtsezkoa, ez ahaztea da, ez otoitza, ez Kristoren presentzia, adiskidetzearen unean.
Eranskina: Qumran elkartearen jarduera
Oharra: K.a. II. mendean, judu-talde bat, kleroaren eta Jerusalemgo agintarien portaeraz nahigabeturik, Judako basamortura erretiratu zen eta elkarte bat eratu zuen Itsaso Hilaren ondoan. Asko eztabaidatu izan da elkarte horrek Joan Bataiatzaileagan, Jesusengan eta lehen kristauengan izan bide zuen eraginaz. Gogo dukeenak irakur dezake J. L. Sicreren El cuadrante liburua, II. liburukia: La apuesta, 15. kap.
Lau urratsak Kongregazioaren Araudian
1.- «Zentzarazi bezate batak bestea egiaz, lasai eta bakoitzarekiko gogo onez, onginahiz eta maitasunez» (V, 23-24).
2.- eta 3.- «Era berean, inork ez dezala inor akusatu “handien” aurrean, aldez aurretik bi lekukoren artean dagokionarekin hitz egin gabe» (VI, 1).
4.- «”Handiak” kalumniatzen dituena, kanporatua izan bedi eta ez dadila itzuli gehiago. Era berean, kanporatua izan bedi batzarraren aurka marmar egiten duena eta ez dadila itzuli gehiago. (…) Elkartearen batzordean hamar urte egin ondoren atzera egin duena, elkarteari saldukeria eginez… ez dadila itzuli elkartearen batzordera. Garbitzearen eta ondasunen arloan halakoarekin harremanetan izan eta jokabide horretaz elkarteari berri eman ez diotenei tratu bera emango zaie. Ez daitezela gelditu horrelakoak kanporatu gabe» (VII, 16-25).
Zigor batzuk
«Norbaitek beste bati harroputz hitz egiten badio edota trakets zuzentzen bazaio, anaiaren edo arrebaren duintasuna zaurituz, edota bera baino goragoko kide baten aginduen aurka jaikiz, urte beteko zigorra ezarriko zaio…».
«Norbaitek liburuan izen emandako apaizetako bati haserre bizian hitz egiten badio, urte beteko zigorra ezarriko zaio. Denboraldi horretan ez du parte hartuko garbitze-bainuan handietako besteekin».
«Lagun hurkoa zuzengabeki kalumniatzen duenari, urte beteko zigorra ezarriko zaio eta elkartetik apartatu egingo dute».
«Soilik, bere lagun hurkoaz atsekabez bakarrik hitz egin badu edota jakinaren gainean engainatu, halakoaren zigorra sei hilabetekoa bakarrik izango da».
«Norbait ”handien” bileran” nagik ateratzen, lo-burukadak ematen edo lokartzen bada, hogeita hamar eguneko zigorra ezarriko zaio».
José Luis Sicre