URTEKO 22. IGANDEA C (2019-09-01)
SARRERA
Senideok, urteko 22garren igandea ospatzen dugu gaur. Ebanjelioan, lehen postuen bila ez ibiltzeko eskatzen digu Jesusek. Gainera, doan ere lan egiteko gai izan gaitezela, beti sari edo esker on baten bila ibili gabe.
Gure mundu honetan, gainerakoak baino gehiago edo handiago izaten saiatzen ez dena, zorotzat jo ohi da askotan. Dena lehiaketa da: bai eguneroko bizitzan, bai politikan, bai kirolean etab. Dena da hierarkizazioa, dena hurrenkera, dena nor gehiago edo handiago.
Jesusek irauli egin du pentsaera eta jarduera hori. Gonbidatzen zaituztetenean, ez jarri mahaiburuan. Ez ibili harrokerian, zeure burua beste inor baino handiagotzat nola emango. Beste batzuek erabaki behar dute zu taldeburu izan ala ez, aurrez ikusi dutenean zerbitzari izan zaren ala ez.
LEHEN IRAKURGAIA Ben Siraken liburutik (3,19-21.30-31)
Gizatasun handiko irakaspena dakarkigu Ben Sirak liburuaren autoreak entzungo dugun pasarte honetan. Hona zer dioen: apal-apal eta berez eta jator jokatzen duenak ingurukoen maitasuna irabaziko du. Zenbat eta xumeago agertu besteen aurrean, orduan eta preziatuagoa izango da.
Bestalde, gehitzen du: harroaren bihotza bere buruaz gozatzen da, eta herioak joa egon ohi da; aitzitik, jainkozko jakinduriaren arabera jokatzen duena ireki-irekirik bizi ohi da besteekiko; ez da egoten goi-karguak noiz emango dizkioten zain, baizik eta bere ardura guztia gainerakoentzat probetxugarri izatea izan ohi du.
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkia (12,18-19.22-24)
Fedeari eta fedearen egintzei eusteko eskatzen die Hebrearrei gutunaren autoreak entzule edo irakurleei.
Testamentu Zaharrean, Jainkoak izan ohi zuen agertzeko moduak beldurra eragin ohi zuen. Askotan, trumoi eta tximista artean agertu ohi zitzaien Jainkoa. Beldurgarri.
Itun edo Testamentu Berrian, Jesusekin, errotik aldatu da Jainkoak duen agertzeko modua. Kristauak suma lezake jadanik, are gehiago bizi lezake jadanik, zeruko bakea bera. Dagoeneko zeruko hiritar gara. Kristauak, fedeaz, esperantzaz eta maitasunez Kristorekin bat eginik, goza dezake dagoeneko zeruko santutegiaz. Alde hau dago: orainaldi honetan fedeaz eta esperantzaz garela zerutar, eta geroko bizian ikustez eta bizitzez izango garela zerutar.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (14,1.7-14)
Gaurko ebanjelioak bi zati ditu. Lehena: gonbidatuko zaituztenean, ez zaitez ipini mahaiburuan, ez lehen aulkietan. Bigarrena: norbait gonbidatu nahi duzunean, ez gonbidatu ondoren gonbidatuko zaituen hura. Beraz, «odolkiak ordainetan» delako jokabidearen kontra doa Jesus.
Ebanjelio honetan Jesusek esaten diguna, beti esaten duenaren ildotik doa: alegia, izan zerbitzari. Esan nahi du, ez duzula ibili behar lehen postuen bila, ez duzula ibili behar protagonismoaren bila. Ez ibili ordainetan erregalu bat edo saria nola jasoko. «Zorionekoa zu, ezin ordaindu dizutenean; zintzoak piztuko direnean ordainduko dizu Jainkoak». Jesusentzat, zerbitzari izatean datza ohorea. Halere, bidenabar esan behar da, jarrera gizakoia eta kristaua izan daitekeela besteengandik mesede bat hartzen jakitearen apaltasuna ere. Ez da lotsatzekoa, zu ezindu hori beste norbaitek gurpil-aulkian paseatzera ateratzea: ez zuretzat, ez erabili behar zaituenarentzat.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliza osatzen dugun guztion alde: geure bizitzan, soldatadun ala soldata gabe, zerbitzurik handiena nola emango ibil gaitezen, ohorearen eta boterearen eta dirua metatzearen bila ibili gabe. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gizon-emakume guztien alde: gai izan gaitezela geure bihotza eta altxorra egiazko balioetan ─maitasuna, zuzentasuna, begirunea─ ipintzeko, munduan zuzentasunaren nagusitza lortu arte. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau guztien alde: gure artean armatzat ebanjelioa har dezagun, saldu eta erosi besterik egiten ez dakien ideologia neoliberalaren kontra, bihotz zabaltasunari eta doakotasunari ateak erabat itxiz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Guraso eta hezitzaileen alde: jakin dezatela haurren eta gazteen bihotzean doakotasuna eta eskuzabaltasuna ereiten. Eska diezaiogun Jaunari.