URTEKO HOGEITA BIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Izan umil )

Zirak zuhurraren liburutik 3, 17-18 . 20 . 28-29

17 Seme, zure egintzetan izan zaite umil,
eta gizon esku-zabala baino maiteago izanen zaituzte.
18 Zenbat eta handiago, orduan eta apalago izan zaite:
eta Jaunaren gogoko izanen zira.
20 Handia da Jaunaren ahala, eta apalek dute goresten.
28 Bihotz hantuaren gaitzak ez du erremediorik,
gaixtakeriak erroak eginak baititu haren baitan.
29 Zentzudunak zuhurtziazko hitzak hausnartzen ditu,
eta gizon zuhurraren ametsa, entzuten egonen zaion beharria.

Egungo irakurgai hau bukaeratik hasiz ulertzen da : « Zentzudunak zuhurtziazko hitzak
hausnartzen ditu eta gizon-emazte zuhurraren ametsa, entzuten egonen zaion beharria ». « Gizonemazte
zentzuduna, zentzukoa », gizonen ametsa da, bai eta ere Izraelgo populu guziarena. Herri
ttiki horrek, bertze herri haundien ondotik sortuak, abantail edo fagore bat bezala badu, Goi-argiak
emana : « Jaunarenganik dator zuhurtzia guzia, Harekin dago betiko». Beraz, Jaunari behar zaio
galdetu : Libre zaion bezala, bere segeretuen eta bere zuhurtziaren zaintzale Izrael du hautatu.
Zuhurtzia hori Izraelgo populuak egunero bilatzen du eta hortan bere zoriona aurkitzen. « Dohatsu
gizona, dohatsu emaztea, gau eta egun Jaunaren legea ezpainetan erabiltzen duena .»
Jaunaren Legea beti gogoan erabiltzeak, (Jesusek erran zuen „bilatzen duenak, aurkitzen du“)
erakustera emaiten du ez dugula dena gure baitan, zerbaiten eskasia badugula. Ben Zirak-ek badaki
hori ongi : 180an Jesu-Kristo aintzin ikastetxe bat ideki zuen, teologia erakasteko, eta bere
ikastetxea ezagutarazteko, errepikatzen zuen : « zatozte, jakingabeko jendeak, zatozte ene
ikastetxerat .» Ikasi nahi zutenak etortzen ziren ; denak badazkiela uste duena ez da ez liburu,
solasaldi edo ikastaroetara hurbilduko. Aldiz, Izraelko egiazko seme edo alaba batek, bere beharriak
idekitzen ditu eta jakinik zuhurtzia Jaunarenganik heldu dela, Jaunaren ikasle bilakatzen da.
« Zentzudunak zuhurtziazko hitzak hausnartzen ditu ; zuhurraren ametsa, entzuten egoitea da. » Eta
Izraelgo populuak hain ongi erakaspen hori ikasi du nun egunero errepikatzen baitu : « Shema
Izrael : Entzun Izrael.» (Dt 6,4)
Aski ongi ikusten da umiltasuna behar dela kontseiluak, manuak, manamenduak entzuteko.
Aldiz, urgulutsuak, bere ustez denak badazkienak, beharriak hesten ditu. Ahantzi du iduzkia ez dela
sartzen leihoak hetsiak direnean. Zentzu gabea ! « Bihotz hantuaren gaitzak ez du erremediorik,
gaixtakeriak erroak eginak baititu haren baitan. » dio Ben Zirak-ek. Beraz, urgulutsua ezin-artatua
den eri bat da: bere buruaz hanpatua denaz geroz, bere bihotza hetsia duenaz geroz, nola sar liteke
Jainkoa?
Farisauaren eta Zergalariaren parabolara goatzi hemen. Zergalariak egin zuena, hain miragarria ote
zen? Zinezkoa izaitea askietsi du, umiltasunean. Bere burua xume eta apal du, baitaki dituenak
Jainkoaganik dituela. Jauna baitan du bere fidantzia. Haren ganik ditu dohain eta barkamenduak
onartzen. Farisaua aldiz, ez da beharretan. Etorri den bezala joan da, bere burua “nor naiz ni”
agertuz. Zergalaria etxerat joan da, bere burua erreberriturik. Ben Zirak-ek eta Izai-k erranak,
holakoa Jesusek miresten du : „Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza horiek zuhur eta
aditueri gorde baitituzu eta ttipieri agertu.“ (Mt 11,25)
Jende xumeekin Jainkoak miragarriak egiten ahal ditu: bere asmoaren zerbitzari bilakatzen
ditu. Izaik dio: „Goizetik goizera, Jaunak beharria xut emaiten daut, dizipulu bezala entzuteko.
Jainko Jaunak ideki daut beharria. Eta ez naiz oldartu, ez dut gibelerat egin.“ (Is 50, 4-5)
Halako zerbitzari izan den Mois, umiltasunez betea zelakotz izan da Jainkoaren ametsaren
egile. Jesusek dionez : „ Eztia eta bihotz-apala naiz.” (Mt 11,29) Eta Jondoni Paulok dio: „Espantu
egin behar bada neure ahuleziaz eginen dut espantu… Eta Jaunak erran dit : « Aski duzu ene
grazia, indarrak ahulezian baitu bere betea“ ( 2 Ko 11,30; 12,9) Azkenean, umiltasuna bertute bat
baino gehiago da. Behar-beharrezkoa da bizitzeko.

Salmoa 67

Leloa: Bai goretsia Jainko Jauna : apalak ditu goraltxatu !

Gizon zuzenek Jainkoari so jauzi kantu :
Bozaren bozez Jaunari zaizko dantzan bildu.
Kanta Jaunari, hura baitoa zeruz zeru:
Pitz eta kanta, haren izena Jauna baita.
Umezurtzekin begiratzen du alarguna:
Horra zer zaikun bere egoitzan ari Jauna.
Deika denari emaiten dio zoriona;
Suzko lurrean uzten, haatik, aiher dena.
Ixuri duzu zure haurreri on-iturri,
Heien indarrak, indar galduak, diten berri.
Zure jendeak egoitza zuen hortxet jarri,
Zuk apaindurik hoin maite duzun zure hori.

« Gizon zuzenek Jainkoari so jauzi kantu : bozaren bozez Jaunari zaizko dantzan bildu .Kanta
Jaunari, hura baitoa zeruz zeru : pitz eta kanta, haren izena Jauna baita » Dabid-en dantza
gogoratzen da, Jerusalemen, Arkuaren aintzinean. Bainan oroz gainetik, Egiptotik libratu den
populuaren zoriona da hemen aipatzen. Moisek berak, itsasoa iragan ondoan, kantatu zuen. Jalgitza
denboran, ainitz izan ziren Jaunaren laguntzak ;horiek denak kantu eta dantza egiteko aitzakiak dira.
Igande huntako salmoan, hori da agertzen : « Deika denari emaiten dio zoriona. Ixuri duzu
zure haurreri on-iturri, heien indarrak, indar galduak, diten berri. Zure jendeak egoitza zuen
hortxet jarri, zuk apaindurik hoin maite duzun zure hori.“ Erakaspen frango bada hemen.
Azkatasunaren aipamenak beti lehen azkatasuna du aitortzen, Egiptotik ateratzea, bai eta ere
Babiloniatik etxeratzea, eta bertze azkatasun guziak, jende bakotxak edo populu osoak bide egiten
duelarik justiziaren alde, azkatasunaren alde. Girixtinoek, Kristoren piztea eta guhauren piztea dugu
gogoan.
Jalgitza Liburuaren bertze oroitzapen bat litake lerro hau: „Ixuri duzu zure haurreri on-iturri“
Desertuan ukan zuten mana. „Jaunak Moisi erran zion:“ Huna zerutik ogi erauntsia egin araziko
dudala zuentzat. Aterako da herria egunean egunekoaren biltzera…Goizean ihintz axal bat bazen.
Altxatu zelarik ihintz axala, hara zerbait xehe, pikortsua, zerbait xehe, izotza iduria, lur gainean.
Izraeldarrek ikusi zuten eta elgarri erran: „Man hu? (Zer da?)“ez baitzakiten zer zen. Moisek
erran zien: „Jaunak janaritzat eman dizuen ogia da“( Jal 16,4.13-15)
“On-iturri” hori izan daiteke ere hain beharrezkoa den uria, Izraelgo herri idorrean uriak baitu
bizia emaiten. Agintzaren herrian, uri emankorrak du “esne eta ezti“ ekartzen. Zenbat idorte izan
dira eta zenbat gosete: Eli profetaren denboran, idorte baten ondorioz borroka bat izan zen Eli eta
Jezabel erreginaren artean. Hunek Baal adoratzen zuen, uriaren eta orzantzaren jainkoa,
emankortasunaren jainkoa, omen. Lerro hunek „Ixuri duzu zure haurreri on-iturri“ erran nahi luke :
zure populuaren gainera Zuk bakarrik ditutzu ongieginak ixuri.
Guk ere, girixtinoek, eskerrak eman ditzagun; mana, eguneroko ogia, emana zauku Jesu Kristo
baitan, egiazko ogi zerutik jautsia. „Ni naiz bizia emaiten duen ogia. Zuen arbasoak mana jan zuten
basamortuan eta , halere, hil ziren. Bestelakoa da zerutik jausten den ogia : hartarik jaten duena ez
da hilen. Ni naiz zerutik jautsia den ogi bizia; ogi huntarik jaten duenak betiereko bizia izanen du.
Eta nik emanen dutan ogia nere gorputza da, mundua bizi dadin emana.“ (Jn 6,48-51) Egiaz
kantatzen da: „Gizon zuzenek Jainkoari so jauzi kantu; bozaren bozez Jaunari zaizko dantzan bildu.
Kanta Jaunari, hura baitoa zeruz zeru: pitz eta kanta, haren izena Jauna baita.“

Bigarren irakurgaia

( Batasun berriko mendi gainean betiereko besta )

Hebrearreri epixtolatik 12 , 18-19 . 22-24a

Haurrideak,
18 Jainkoarenganat hurbildu zireztenean,
ez zen deus hunki daitekeenik Zinai mendian bezala,
ez su kizkalgarri, ez lano hetsi, ez ilunbe, ez ekaitz;
19 ez zen tronpeta-hotsik, ez ahotsik,
Izraelen semeek eskatu baitzuten ez gehiago heieri mintzatzea.
22 Zuek, aldiz, Zion mendirat hurbildu zirezte,
Jainko biziaren hirirat, zeruko Jerusalemerat,
Jainkoa goresteko bilduak dauden
milaka eta milaka aingerurenganat
24 eta beren izenak zeruetan izkiriaturik dituzten
lehen-semeen biltzarrerat.
Guzien Juje den Jainkoarenganat itzuli zirezte,
beren beterat helduak diren zintzoen izpirituenganat,
Batasun berriaren bitarteko den Jesusenganat.

“Hebrearreri epixtola” hau seguraski judu ziren girixtinoeri igorria izan zen. Hau du helburu :
Elkargo Berriak Lehen Elkargoarekin zer-nolako loturak dituen. Jesu-Kristo aintzin, Lehen
Elkargoa zen ; hemendik goiti, Elkargo Berrian gira. Girixtinoentzat, Jesusen bizia, Pasionea,
hiltzea, piztea, beharrezkoak ziren salbatzearen bidean, bainan bururatuak dira. Bururatuak bai,
bainan ez deuseztatuak. Haustura eta segida, biak dira atxiki beharrak.
Segidaren alde, Izraelen usu erabiltzen diren hitzak entzuten dira : Zinai, sua, ilunbea,
goibeltasuna, ortzantza, tronpeta, Zion, Jerusaleme, zeruan idatziak diren izenak, juje eta justizia,
elkargoa… Elkargoaren populuaren esperientzia du hiztegi hunek aipatzen. Beha : «Hirugarren
egunean, goizetik, ortzantz eta ximixtak izan ziren, hedoi pizua mendiaren gainean, eta adarrots bat
biziki azkarra ; herri guzia ikaratu zen karpaldean. Moisek herria karpaldetik aterazi zuen
Jainkoaren bidera, eta mendiaren zolan egon ziren. Zinai mendi guzia ketan zen, Jauna suan jautsi
zelakotz haren gainera. Hango kea labe kea bezala igan zen, mendi guzia ikara handitan zagola.
Adarrotsa gero eta azkarrago zoan. Moisek hitzegiten zuen, eta Jainkoak ortzantzez ihardesten. »
(Jal 19, 16-19) « Herri guziak ortzantz, gar, adarrots eta mendi ketsua ikusten zituen. Gibelatu
ziren eta urrundik egon… Mois, aldiz, Jainkoa zagon lano beltzari hurbildu zitzaion.“ (Jal 20,18.
21) Izraelen oroitzapena ixtorio hauekin hazia da.
Epixtola hunek sinestera emaiten du oroitzapen hori iduriz gutiesten duela, Elkargoa errotik berritua
denaz geroz. Aintzineko lerrotan ikusi duguna: Mois hurbildu zen Jainkoari, bainan herria urrun
zagon, eta lerro batzu aintzinago idatzia da mendia herriari debekatua zitzaiola.
Bataiatuek, aldiz, lotura hertsiak dituzte Jainkoarekin. Esperientzia izpiritual berri hori idazleak
edertasunezko mundu batean sartzea bezala aipatzen du, dena besta den mundu bat: „Zuek aldiz,
Zion mendirat hurbildu zirezte, Jainko biziaren hirirat, zeruko Jerusalemerat, Jainkoa goresteko
bilduak dauden milaka eta milaka aingerurenganat eta beren izenak zeruetan izkiriaturik dituzten
lehen-semeen biltzarrerat. Guzien juje den Jainkoaren ganat itzuli zirezte, beren beterat helduak
diren zintzoen izpirituen ganat, Elkargo Berriaren bitarteko den Jesusenganat.“
Orai, Jainkoaren beldurra bertze bide batetik doa: Zinaiko denboran, botere haundikoen itxuren
beldurra zen; hainbertzeko beldurra, nun herriak „Jainkoaren mintzoa ez entzutea“ galdetu baitzuen.
Bainan Jesus ezagutu dutenek, Jainkoaren egiazko izaitea dute aurkitu, eta beldurra konfiantxa
bilakatu da. „Alabainan ez duzue esklabo izpiritua ukan, beldurrerat itzultzeko, seme-orde izpiritua
ukan duzue, hartaz oihu egiten baitugu : „Abba, Aita“. Izpiritu bera du lekuko gure izpirituak
Jainkoaren haur garela » (Erm 8,15-16) Jesus egiazko « Elkargo Berriaren bitarteko » da, bataiatu
guzieri Jainkoari hurbiltzea baimentzen duena, eta „lehen-sortu“ egiten. Moiseri eta Izraelgo
herriari egin aspaldiko agintza , Zinai mendian orain gauzatu da: „Ene mintzoa entzuten baduzue
entzuten eta ene elkargoa begiratzen, ene ontasun berezia izanen zarete herri guzien gainetik;
alabainan lur guzia enea da. Apez erresuma eta nazio saindu izanen zarete neretzat.(Jal 19,4).
Egungo epixtolaren idazleak itzultzen duena: aintzina gaitezen fidantzia osoan graziaren erregealkiari
buruz, eransten du : “Fidantziaz hurbil gaitezen, bada, onginahiz betezko Jainkoaren
tronurat.” (Heb 4,16)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zoriontsuak Jainkoaren mahainerat deituak!
Gose zaudenak nasaiki ditu gozarazi,
Eta apalak goraltxatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 14 , 1a.7-14

1 Larunbat batez,
Jesus farisau-buru baten etxerat joan zen bazkaltzera.
7 Ohartu zen gonbidatuek lehen jarlekuak hautatzen zituztela,
eta parabola hau erran zioten:
8 “ Ezteietarat gomitatua zirenean, ez jar lehen tokian,
baliteke eta zu baino ohoragarriago bat gomitatua izaitea.
9 Hala balitz, biak gomitatu zaituztenak etorri eta erranen lauzuke:
‘ Utz huni tokia’;
eta azken lekuan jarri beharko zinuke, ahalgeturik.
10 Aitzitik, gomit zirenean, zoazi azken tokian jartzera.
Orduan, gonbidatu zaituenak, etorriko denean, erranen dautzu:
‘ Adiskide, igan zaite gorago ’,
eta ohore izanen duzu mahaikide guzien aitzinean.
11 Bere burua goratzen duena apaldua izanen da;
bere burua apaltzen duena goratua.”
12 Jesusek erran zion gonbidatu zuenari ere:
“ Bazkari edo afari bat emaiten duzunean, ez gonbida
zure adixkideak, ez eta anaia, ahaide,edo auzoko aberatsak ere;
bestela, heiek ere gonbidatuko zintuzkete,
eta ordaina hartuko zinuke.
13 Aitzitik, bazkari bat emaitean,
gomita behartsu, herbail, maingu eta itsuak;
14 eta dohatsu izanen zira, zuri ordaintzekorik ez baitute:
ordaina emana izanen zaitzu, zintzoak piztuko direnean.”

Bere ebanjelioan San Lukek maiz janaldiak aipatzen ditu: Ximun farisauaren etxean, Marta eta
Mariaren etxean, Zakeoren etxean, Bazko afaria. Jesusentzat, garrantzi haundikoak ziren apairuak,
eta gogo gaixtoko jendeek erraiten zuten: “Hori tripoia eta mozkorra” (Lk 7,34). Apairu horietarik
hiru, farisau batzuen etxean egin ziren eta makurbide bilakatu.
Lehen aldian, Ximunen etxean, fama txarreko emazte bat etorri zen eta Jesusen oinetan jarri:
Jesusek etsenplutako eman zuen. Bigarrenean, solasa mindu zen, jan aintzin Jesusek eskuak ez
baitzituen garbitu. San Lukek gertakaria bururatzen du erranez: „Handik atera zenean, lege-irakasle
eta farisauak oldartzen hasi zitzaizkion gogorki, ainitz gauzetaz mintzaraziz; barrandan zauden,
bere eleetarik nola harrapa.“ (Lk 11,53)
Egungo irakuragaiak hirugarren apairu batean gertatua kondatzen du. Sabato eguna da.
Badakigu zein garrantzitsua zen Sabato egun hori Izraelentzat: pausu egun hori besta bilakatu zen,
zorion eta ospe egun bat Jainkoaren ohoretan. Kreazionearen besta, Egiptotik ateratu populuaren
azkatasunaren besta… Jainkoaren Kreazione berriaren esperantzan. Jesusen denboran, ospatzen zen
egun hori apairu eder bat eginez. Janaldi horren kari, fede bereko lagunak ikusten ziren. Legezko
debekuak hainbertzetaraino hedatu ziren nun estali baitzuten manamendurik handiena : aldeko
lagunaren maitatzea.
Egun hartan, bazkaria hastean, Jesusek eri bat sendatu zuen. Kari hortara, eztabadak hasi ziren
mahain inguruan, Jesusek Sabatoa edo legezko-pausua hautsi zuelakotz. Ez gaitezen harri Jesus eta
farisauen harremanak ikusiz, maitasun eta gogortasun zirela alde batetik eta bertzetik. Farisauak
jende zuzenak ziren. Oldar espiritual hori sortu zen 135ean Jesu Kristo aintzin, bihozberritze behar
batetik. Hebrearrez “farisau” hitzak „berexia“ erran nahi du: politika hautsi-mautsi guzieri uko
egitearen hautua aitortzen du bai eta erlisione mailan lazakeriari: orduko denborako bi problema
bereziak. Jesusen denboran, heien karra eta kuraia ez ziren ahulduak. Herodesen denboran, heietarik
sei mila gaztigatuak izan ziren, isuna pagatuz, Erromari eta Herodesi zin egin nahi ez zutelakotz.
Beren izaitea erlisioneko ohiduren errespetatzea zen; heien ohidurak aintzineko jakintsunen
erakaspenak ziren. Hauek lan haundia erabili zuten jakiteko nola ibili Jainkoari plazer egiteko eta
egun guzietako bizi moldearen xehetasunak manamendu bezala ezarri zituzten. Kartsutasun hori
errespetagarria da eta Jesus ez zaio jazartzen. Bainan xede hoberenak bere mugak baditu:
xehetasunen errespetu zorrotz batek emaiten ahal du norberak bere buruaren gorestea eta besteak
gutiestea. Bertzela erraiteko, berezitasun horrek bikoiztasun bat badu zeren badakigu Jainkoaren
nahia elgarren maitasunean biltzea dela eta ez berextea.
Okerkeri horiek Jesusek „farisaukeria“ deitu ditu eta kritikatu. Erlisio mugimendu guziek beren
baitan joera hori badute : lastoaren eta ernaiaren parabolak orroitarazten dauku.
Lehen begi kolpean, Jesusen kontseiluak bazkaltiarren hautuan eta heien mahain-lekuan,
jendetasunaren legeak iduri lukete. Izraelen, bertzetan bezala, ainitzek idatzi dute kortesiaz eta
jendetasunaz.
Bainan Jesusen erakaspena askoz urrunago doa. Farisauetan nabaritzen du jende xehearen
mespretxua. Bere buruaz sobera segur izaiteak itsumendurat ereman dezake. Bihozberritzeak
Jainkoaren aitzinean apal egoitea eskatzen du. Ikus farisauaren eta zergalariaren parabola. (Lk 18,
10-14).