Otordua, irakaspena eta aholkua
Urteko 22. igandea C. 2016-08-28
Kontatzen du Lukasek, buruzagi fariseu batek bazkaltzera gonbidatu duela Jesus. Eta hau otordukoan, jendea mahaian lehen postuak hartzen saiatu dela ikusirik, abaguneaz baliatu dela bertaratuei irakaspen bat eta gonbidatu duenari aholku bat emateko.
Lehen zatia: irakaspen bat
Lehen eserlekuen bila korrika dabiltzanei dagokienez, azken poztuan jartzeko aholkua eman du Jesusek; hartara, beheratu ordez, goratu egingo dute kategoriaz. Hitz hauek nahasgarri gertatzen dira Jesusen ahoan: portaera gizatar hutsa aholkatu du, gizarte-arrakasta lortzeko era hipokrita hutsa kasik. Bestetik, istorioa ez da ahokatzen gure kulturan; izan ere, ezteietara gonbidatzen gaituztenean, lehen unean esaten digute non eseri. Baina duela hogei mende, lehen eserlekuetako bat lortzea joan-etorri handiko gauza izaten zen, gizarte-ospea irabazteaz gain, hobeto jaten zelako. Marcialek, Calatayuden K.o. 40. urtean jaiotako poeta satirikoak, bere bizitzaldi bat Erroman egin zuenak, ironiaz idatzi zuen egundoko diferentzia horiez.
Beraz, guri istorio zaharkitu eta Jesusen ahorako duintasun txikiko irudi dakigukeen honek, eguneroko errealitate dibertigarria islatzen zien antzinateko irakurleei, eta, kasik kontura gabe, azken irakaspen honetara eraman ohi zituen: Zeren goratzen den oro beheratua izango baita, eta beheratzen den oro goratua. Esamolde inpertsonal hau («beheratua izango da, goratua») Jainkoa ez izendatzeko baliabidea da, baina entzuleek oso ondo zekiten esaldiaren esanahia: «Goratzen dena, Jainkoak beheratu egingo du; beheratzen dena, Jainkoak goratu egingo du». Jakina, kontua ez da zer jarrera hartu ezteietara gonbidatzen gaituztenean, baizik zer-nolako jarrera izaten dugu eguneroko bizitzan eta Jainkoaren aurrean. Zenbait kapitulu beranduago, fariseuaren eta zerga-biltzailearen parabolan, adibide zehatz bat dakar Lukasek, irakaspen berarekin amaitzen dena (Lukas 18,10-14).
Bigarren zatia: aholku bat
Segidan, gonbidatu duenari hitz eginez, aholkatu dio: afari edo bazkari bat eman nahi duenean, gonbidatzeko behartsuak, halakoek ezin ordainduko baitiote, eta Jainkoak ordainduko baitio beste bizitzan. Bigarren ateraldi hau ere ausarta izan da eta nahasgarri. Entzun orduko, ez zen izango batere arraroa etxe-nagusiak esatea: «Mesedez, zoaz hemendik, behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak gonbidatzera noa eta». Bestetik, fariseuak ez du Jesusi otordua kobratzeko asmorik.
Hitz hauek, testuinguruan aski lekuz kanpo dauden hauek, gogora dakarzkigute Jesusek jaulkitako beste batzuk limosnaz, otoitzaz eta barauaz (Mateo 6,1-18). Burubide nagusia Lukasen ebanjelioan datorrena bera da: bere saria lurrean bilatzen duenak ez du izango Jainkoaren saririk.
Lehen irakurgaia (Ben Sirak 3,17.20.28-29)
Lau aholku dakartza; lehen biak zuzenean kateatzen dira ebanjelioko gaiarekin.
José Luis Sicre